Arnaitz GORRITI
Elkarrizketa
tadas sedekerskis
Saski Baskoniako jokalaria

«Bihotza kantxan utziz gero, ez zaio galtzeari beldurrik izan behar»

Euroligako eta ACB Ligako kontuak atzean lagata, orain «Kopan kontzentratuta» dago hegaleko lituaniarra. Orain arte, hala ere, ez du lehiaketa honekin harreman onegirik izan, azken urteetan kolpe latzak eman baitizkio Kopak Baskoniari. Baina horrek ez dio ilusiorik kentzen. Hori bai, pausoz pauso joan nahiko luke: lehenengo Joventut eta gero gerokoak.

(Endika PORTILLO | FOKU)

Kazetarien aurrean pazientzia lantzea zer den ikasten ari da Tadas Sedekerskis. Gasteizen hamarkada oso bat daraman jokalari honek 25 urte bete zituen urtarrilean eta badu eskarmentua sobera. Eskarmentu, hori, nolanahi, Kopan baliatu nahiko luke, orain arte urte hauetan zehar jasotako belarrondokoen ordain gozoa izan daitekeena. Hori bai, aurkari guztiak aintzat hartuta eta jakinik partida guztiak, hiru ahal dela, hasieratik bukaerara bikain jokatu beharko dituztela gasteiztarrek.

Atzo iritsi ziren Badalonara Joan Peñarroya eta bere mutilak, eta gaur gauean jokatuko dute lehen partida, Joventuten aurka, 21.30ean, Kopako azkenengo final-laurdenetako dema. Nahiago du Tadas Sedekerskisek besteetan ez zentratu.

Hau ez da zure aurreneko Kopa. Nola dago taldea Badalonara begira?

Ondo gaude. Unicajaren kontra oso partida konplikatua irabazi eta gero, batik bat. Lanpetuta ibili gara, baina ondo prestatuta egoteko adina denbora dugu orain, eta beharko, Joventuten aurka oso konplikatua izango baita neurketa; are gehiago, beraiek etxean jokatzen dutelako. Baina tira, aurrera egiteko gogotsu gaude.

Bizpahiru egunetik behin partidak kateatzen ibili zarete azken boladan. Koparako behar bezala mentalizatzeko aukerarik edo astirik izan al duzue?
[Hasperena] Egutegia den modukoa da eta denboraldia ere bai. Ohituta gaude, egia esan, Euroliga eta ACB Liga kateatzen, nahiz eta ez den erraza. Dena den, egon ziur prest gaudela hurrengo datorkigun hau [Kopa] behar bezala jokatzeko. Aitzakiarik ez, beraz; nekea, adibidez, ez da aitzakia balekoa, ezta prestatzeko izango dugun denbora ere.
Duela gutxi Gasteizen jokatu zenuten Joventuten aurka. Errebotea ixteko orduan arazoak jarriko dizkizuete, agian; beraiek talde ona dute erreboteak hartzeko orduan...

Hura ez zen gure partidarik onena izan, egia esan, eta eskerrak etxean jokatzea gure punturik sendoena den. Beraiek, berriz, ederki asko lehiatu ziren partidan, azkeneraino gainera, eta gauzak oso zail jarri zizkiguten. Bistakoa da talde bikaina dela, eskarmentu handia duena: Tomic, Ribas, Guillem Vives... Partida asko dauzkate bizkarrean jokalari hauek eta Kopa askotan jokatu dute, gainera. Nahitaez, zaila behar du Joventuti irabaztea.

Beraz, non egongo da zuen final-laurdena irabazi ahal izateko gakoa?

Lehenik eta behin, partida ganoraz hasi behar dugu, kontzentraturik. Aurreneko minututik gogor ekin behar diogu eta azkenera arte. Kale edo bale, partida bakarrean erabakitzen dira Kopako kanporaketak eta gaizki hasiz gero, deskuidu batean, zure burua galtzen topatuz gero, ez da astirik izaten gero horri buelta emateko. Erasokor jokatu behar dugu aurreneko minututik, %100ean kontzentraturik eta borroka egiteari sekula ere utzi gabe.

Bestalde, gure entrenatzaileak aurreko batean esan zuena azpimarratuko nuke nik ere. Partidak gal ditzakegu; ez diogu galtzeari beldurrik izan behar. Hala suertatzen bada, zer egingo diogu ba? Baina betiere azkenera arte borrokatzen baldin badugu; soilik bihotza kantxan utzita eta Baskoniak bere-berea duen nortasun hori hasieratik bukaerara erakutsiz gero.

Zuk zeuk eta beste kide batzuek Kopan behin baino gehiagotan hartu duzue parte. Beste askok, ordea, ez. Azaldu al diezue iritsi berriei Kopa zer den?

Bada, tira, ez, egia esan [irribarrez]. Tarteka galdetzen du baten batek eta beti aipatzen da Kopa zer-nolako torneoa den; nola denboraldi erdian txertaturik dagoen eta zer-nolako garrantzia duen. Azaltzen diegu orduan ere nola jarraitzaileek animo handia ematen duten; hala, azalduko diegu Gasteiztik jende asko mugituko dela, eta bistan da jendea ilusioz gainezka dagoela. Baina ez ahaztu, bestalde, partida bat dela aurrean duguna eta orduan zernahi gerta litekeela. Ondorioz, belarriak tente egon behar dugula ere azaldu beharko diegu. Arin ikasiko dute, ziur nago.

Baskoniazale asko bertan izango dituzue. Suposatzen dut taldearentzat garrantzi handia izango dutela Baskoniaren zaleek.

Bai, noski. Zaleek asko laguntzen digute. Denboraldi osoan zehar partida bakoitzean erakutsi dugu guk ere gure zaleen aurrean askoz hobeto jokatzen dugula, eta behin baino gehiagotan ikusi da ere unerik txarrenetan hainbeste behar izaten dugun bultzada hori ematen digutela gure jarraitzaileek.

Harmailetako giroaz aparte, zer-nolako oroitzapenak dakarzkizu Kopak zuri, jokalari zaren heinean?

Ba, onegiak ez, egia esatea nahi baduzu [irribarretxoa]. Gogoan daukat, hemen, Gasteizen jokatu genuen azken aldia [2017ko ekitaldia] Real Madrilen aurka, ia eskuan genuen partida galdu genuelako [finalerdietan, luzapenean, 99-103]. Gogoan dut, bestalde, Buesa Arenako giroa egun hartan: ikaragarria benetan, ez dut sekula halakorik ikusi... Eta guk ezin irabazi, tamalez.

Zein gehiago? Hurrengo urtean, Madrilen, Joventuten aurka galdu genuen final-laurdenetan, hain zuzen, Nico Laprovittolari dena atera zitzaion egun hartan; gerora ere kostako zaigu ahaztea nola 36 puntu sartu zizkigun neurketa hartan.

Azkena, berriz, Duskorekin [Ivanovic] Madrilen jokatu genuen Kopa hartaz gogoratzen naiz [2021, harmailetan jenderik gabe]; finalerdietara iritsi ginen [final-laurdenetan Joventut gainditu eta gero] eta han azkenera arte borrokatu ginen, baina... [Bartzelonak 77-68 irabazi zuen].

Baskonia Kopa irabazteko faborito nagusien artean ikusten al duzu?

Faborito? Baskonia? Nire iritziz, behintzat, ez. Bartzelona eta Real Madril aurretik ditugula esango nuke. Talde horiek biek sekulako jokalari multzoak dituzte eta biak, gainera, oso denboraldi ona egiten ari dira. Egia da, bai, Real Madrili dagoeneko birritan irabazi diogula [Euroligan eta ACB Ligan, bi partidak Buesa Arenan] eta izan liteke beraien kontra jokatzea guretzat mesedegarri izango litzatekeela. Bartzelonarekin, berriz, bietan egin dugu porrot [Euroligan eta ACB Ligan, bi partidak Palau Blaugranan].

Nolanahi ere, gure burua faboritotzat jo baino lehen, apaltasun handiz joan behar dugula esango nuke eta aurkari guztiak asko errespetatuz; Joventut, hasteko, etxean arituko baita, eta beraz, partidaz partida bakarrik hitz egin dezakegu Kopari buruz.

Tira, faborito izan ala ez, kanporaketen zuen aldean ez dago Euroligako aurkari bakar bat ere -Real Madril, Bartzelona eta Valentzia Basket beste aldetik joango dira-. Horrek ez al du bidea apurtxo bat lauago egiten igandeko finalera begira?

Nire ilusio eta itxaropen guztiak Joventuten aurkako lehenengo partidan daude, ez beste inon, ez baitaude nire esku. Finalerdiak jokatzeko, lehenengo aurreneko partida irabazi behar da, besterik gabe. Hori da uneotan begiz jota dudan gauza bakarra. Gero, aurrerantz egitea lortuz gero, gerokoak.

Kopa jokatu bezperan izan dituzuen azken bi neurketek [Zalgiris Kaunas Euroligan eta Unicaja Malaga ACB Ligan, hurrenez hurren] oso bukaera estua izan dute baina emaitza zeharo ezberdina azkenean. Joventuten aurka beste hainbeste gerta litekeela pentsatuz, zein da amaiera estu bat norbere aldera erortzeko sekretua?

Sekreturik ez dago, egia esan, eta garaipenaren eta porrotaren arteko marra hori oso estua izaten da beti. Zalgiris Kaunasen pabiloia bete-bete eginda zegoen eta zaleen bultzada horretaz baliatuta, azken bi minutu horietan guk baino gehixeago asmatu zuten beraiek. Guk geuk ere han irabazteko aukera bat baino gehiago izan genuen, baina aprobetxatu ezean, jai dago.

Malagan, berriz, xehetasun txiki horietan guk geuk asmatu genuen, luzapenean izan bazen ere. Kito!

Zalgirisen aurka harmailak gainezka izan zenituzten zuen aurkaria hauspotzen; baita Malagan ere. Badalonako giroari aurre egiteko balioko al dute azken bi partidetako giro horri eusten jaso duzuen eskarmentuak?

Baliteke, bai. Kaunasen ezin izan genuen irabazi eta, horregatik, Malagan irabaztea guretzat kontu oso garrantzitsua zen. Zoritxarrez, asko gaiztotu zitzaigun Malagako partida une batez. Hala ere, nahiz eta Unicajako zaleak aurkaria topera animatzen jardun, erreakzionatzen eta buelta ematen jakin genuen. Lehiara itzultzen asmatu genuen eta azkenean, partida guretzat.

Orain, Kopa buruan dugula, Malagan lortu genuen garaipen hark sentsazio onak laga ditu gugan, eta ez da laguntza txikia izango aurrera begira, nik uste.

Denboraldi honetan lau luzapen jokatu dituzue eta guztietan irabazi. Zenbat du zortetik, kasualitatetik edo aurrez prestatutik?

Bada... [zalantza eginez], ez dakit nola erantzun. Gogoan dut Betisen aurka jokatu genuen luzapen hura. Azken jardunaldian Malagan bezala, partidaren zati handiena atzetik eman genuen orduan ere eta, egiari zor, luzapena guretzat ‘bonus’ baten antzekoa izan zen. Betisen aurka, batez ere, hanka barruraino sartzeko zorian egon ginen eta hori nolabait saihesteko aukera zabaldu zitzaigun bost minutu estra horiekin, eta aprobetxatzen jakin genuen. Ze bestela! Gure artean esaten hasi ginen «abagune berri hau nolabait aurkitu dugu. Beraz, mutilok, ezin dugu orain kale egin». Horrela atera genuen aurrera.

Gero, luzapenak entrenatu daitezkeen? Ezin zehatz esan. Denboraldiaurrean dena lantzen da nolabait, baina nik uste prestakuntza fisikoak baduela hor zeresanik. Kontuan izan Kopa jokatuko duen talderik gazteenen artean gaudela, batez besteko adina kontuan hartuz gero. Baliteke azken minutu horietan fisikoki freskoago eta indartsuago aritzea aurkariak baino eta orduan partidaren zama hobetoxeago eraman ahal izatea, nahiz eta Malagako partidan Unicaja izan zen azken erasoan berdinketa lortu zuena. Gezurra badirudi ere, nik uste gakoetako bat hor dagoela.