Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Bakarkako jarduerek alpinista historikoak izan dituzte gogoan

Thibault Sibille frantziarrak Grand Pic de Belladonne-ko (Alpeak) «Rebuffat» bidearen neguko lehen igoera egin du, eta Colin Haley estatubatuarrak Renatto Casarottok Fitz Roy-n zabaldutako «Goretta» zutoina eskalatu du era alpinoan.

Inork ez du zalantzan jartzen bakarka egiten diren eskaladek xarma berezia dutela; bai jarduera horren nondik norakoak irakurtzen dituenarentzat, baita protagonistarentzat berarentzat ere. Hurrengo bi protagonistok, eskalada eraginkor zein gogorrak egiteaz gain, alpinista historikoak izan dituzte gogoan. Thibault Sibille frantziarrak, adibidez, Gaston Rebuffat-en urratsei jarraitu nahi izan die. Eta, horretarako, Pic de Belledonne-ko (2.997 m) “Rebuffat” bidearen neguko lehen igoera sinatu du. Colin Haley estatubatuarra, berriz, Renato Casarottok Fitz Roy-n sortu zuen “Goretta” zutoinaren zirrikituetan jardun da.

32 urteko mendi-gidari frantziarrari dagokionez, lehenik eta behin, esan behar da orain arte ez dela mediatikoa izan. Gaztea izan arren, erakutsi du nortasun handiko eskaladetan sendotasun handia duela. Gainera, egin duen igoeraren inguruan jarrera oso xumea izan du. Bederen, Sibilleren adierazpenek horrela adierazten dute: «Ez da arrakasta handi bat izan, baizik eta abentura eder bat. Eta, horretaz gain, zailtasunari dagokionez, nire bizitzan egin ditudan 400 metro luzeenak izan dira».

Azpimarratu behar da Sibillek egin duena ekarpen handia izan dela; izan ere, 1940ko hamarkadan Rebuffatek Michel Chevalierrekin zabaldutako marra hori neguan gainditu ahal izateko, bi bibak oso hotzi eta zailtasun tekniko handiei (M5+, 70°, 6a+) aurre egin behar izan die.

NEGUKO LEHEN IGOERA

Gaston Rebuffatek eta Thibaut Sibillek amets bera partekatu dute. Lehena, 23 urterekin, gai izan zen 3.000 metro ez dituen mendi horretan marra zail bat sortzeko. Bigarrenak, berriz, alpinista historikoaren lekukoa hartu eta neguko lehen igoera bakarka sinatu du.

Helburu horren inguruan, frantziarrak esan du hamar urte zeramatzala Gran Pic de Belladonne neguan eskalatzeko asmoarekin: «Bakarrik jardun dut baina, neurri handi batean, sokakiderik lortu ez nuelako. Erronka hori ondo baino hobeto prestatu eta aztertu ondoren, iruditu zitzaidan une egokia zela. Onartu behar dut den-dena erabat lerrokatuta zegoela: baldintza oso egokiak ziren, azken unean nire kide gidari batzuek tresneria eman zidaten, abentura eder bat bizi nahi nuen, azken hamar urteotan ihes egin zidan tontorra zapaldu nahi nuen…».

Otsailaren 2an egin zituen Sibillek lehen urratsak. Pra izeneko aterpean gaua igaro eta gero, biharamunean horma laiotz horretan sartu zen. Denera, bi bibak egin zituen: «Horietako bat oso-oso gogorra izan zen; besteak beste, hotz handia eta haizea egin zuelako».

Hilaren 5ean, berriz, eskalada osoa amaitu eta etxera onik itzuli zen. Protagonistak berak esan du igoera horren inguruko argazkirik ez duela: «Neguan bakarka eskalatzea ez da batere erosoa. Telefono mugikorra eraman nuen baina, zoritxarrez, gailurra zapaldu baino lehen erori zitzaidan. Pena da, baina nik bide horretan bizitako esperientzia ondo gordetzen dut. Neure buruan betiko grabatuta geratuko da; ez dut zalantzarik. Abentura horretan nire mugak ia gainditu ditut; oro har, emozionalki neure burua deskonexio puntu batera iritsi zen. Baina indarrean jarri nuen kontzentrazioak eta antolaketak arrakasta izatera eraman ninduten. Mendigune hori asko maite dut, eta pozarren nago nire gaitasunak murru horretan indarrean jarri ditudalako. Eskalada osoko pasarteak memorian gordeta ditut».

Fitz Roy

Patagoniako erpin aski ezagun hori izan da Haley-ren “jolas eremua”. Eta aukeratutako bidea: “Goretta” zutoina; hots, Casarotto-ren artelana. Eta zergatik sartu omen zen bakarka marra horretan? «Nire ustetan, inoizko alpinista handienetarikoa izan da Renato; inspirazio iturri da. Berak lortutako makina bat arrakastaren artean, iparraldeko zutoin hori, ‘Goretta’, zegoen. Eta, gainera, bakarkako estiloan zabaldu zuen. Ez dut zalantzarik: ‘Goretta’ munduko bide ederrenetarikoa da! Nahiz eta soka finko asko erabili zituen, Renatoren igoera hori (1975. urtekoa) ikaragarri ona izan zen. Hamarkada batez baino gehiagoz amets egin dut marra horrekin. Joan den udaran, Chamonixen, bakarkako teknika hobetzen jardun nuen. El Chaltenera iritsi bezain pronto argi nuen zirrikitu hori bakarka eskalatu nahi nuela».

Urtarrilaren 17tik 19ra, estatubatuarra gai izan zen “Goretta” estilo horretan zein alpinoan igotzeko. Espezialista handi honek aipatu du jarduera hori egin ahal izateko, klima bere alde izan zuela: «Leiho on luze bat izan genuen, eta aukera hori ondo baino hobeto aprobetxatu nuen. Bero egin zuen, eta horrek mendia zein pareta arriskutsu bihurtu zituen. Horregatik, ohiko sarrera aukeratu ordez, ‘Mate, Porro y Todo lo Demas’ bidean sartu nintzen. Zailtasunean iraunkorragoa da, baina askoz ere segurtasun handiagoa ematen zuen. Alpinismoan bakarkako estiloan askotan aritu naiz, eta beti bibakak saihesten saiatu naiz. Hortaz, azken hau estiloan ezberdina izan da. Azken 200 metroak (bideak 1.200 metro ditu) errazak ziren, eta ez nuen sokarik erabili. Baina azpimarratu behar dut eskalada ia osoan neure burua aseguratu dudala. Bakarka eta era askean eskalatzeak asko eskatzen du; batez ere, burua oso sendo behar duzu izan. Baina esan dudan bezala, ia marra osoan sokarekin autoaseguratu nintzen. Eta lan hori ahalegin fisiko handia da. Horrekin batera, Fitz Royra eraman nuen motxila oso-oso astuna zen».

Haleyk beste ekarpen bat egin du Patagoniako erpinetan. “Goretta”-ri Egger Dorrea eta Fitz Roy-ko “Supercouloir” gehitu behar zaizkie.

Amaitzeko, eskalatzaile estatubatuarrak azken hausnarketa bat egin nahi izan du: «Urtarrilean izan genuen eguraldia ez zen batere ohikoa izan. Bero egin zuen, eta horrek berebiziko garrantzia izan zuen mendiek zituzten baldintzetan. Leku batzuetatik igarotzea beldurgarria zen oso. Eta, zoritxarrez, istripu batzuk gertatu dira. Otsailean, berriz, ohiko klimarekin (haizea, hotza eta elurra) ekinaldi bat egin nuen Fitz Royko ‘El Corazon’ bidean. Ipar-ekialdeko zutoin hori eskalatzeko, Tyler Karow-rekin soka gerrira lotu nuen. Erritmo oso ona eraman genuen, baina tontorrera ailegatzeko lau luze falta zirenean (errazak direnak) eguraldia okertzen hasi zen. Hala, igoera etetea eta jaistea erabaki genuen. Zentzuz jokatu genuen! Zutoin hori rappelatzea (hamar ordu) oso gogorra eta estresagarria izan zen; haizeteek ondo astindu gintuzten! Nahiz eta gailurra oso gertu zegoen, jakin behar da noiz den atzera egiteko momentua. Azkenik, Fitz Royko igoera horri dagokionez, aitortu behar dut erronka handia izan dela eta oso harro nagoela lortutako arrakastarekin».