Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

«Xehetasunen derbia» jokatuko dute Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek

Bi garaipeneko aldea dute gasteiztarrek, abenduan elkarren kontra jokatu zuten derbian irabaztea lortu zutelako Gascan eta ostegunean arabarrak puntu batez nagusi zirela gipuzkoarrek Barçaren aurka puntu bakarragatik galdu zutelako.

Elkarri begietara begira jokatuko dute Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek.
Elkarri begietara begira jokatuko dute Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Emakumeen Endesa Ligako hiru euskal taldeak bi garaipenek bananduta daude. Sailkapeneko zazpigarrena da Kutxabank Araski, 11-10 balantzearekin; Lointek Gernika Bizkaia, berriz, 10-11 balantzea aldean, zortzigarrena da; beste hiru talderekin berdinduta, 9-12 balantzea dauka, berriz, IDK Euskotrenek. Hortaz, gaur arratsaldean 18.00etan Mendizorrotzan Kutxabank Araski eta IDK Euskotrenen artean jokatuko den euskal derbia garrantzitsua bezain erakargarria izango da.

«Partida xehetasun txikiek erabakiko dute», esan ohi dute sarritan saskibaloi entrenatzaileek, eta, Araski zein Ibaeta Basketen nondik norakoa aztertuta, egun 11-10 doan taldea 9-12 joan zitekeen, eta baita alderantziz ere, asteon jokatu den jardunaldia eta joan den abenduaren 30ean talde hauek biek Josean Gascan jokatu zuten derbia aintzat hartuz gero.

Bietan ala bietan, Kutxabank Araskik galtzeko zorian zituen neurketak aurrera atera zituen, eta Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak, berriz, ihes egiten ikusi zituen bi garaipen ia ziur.

ATKINSONEN EGUNA

Aurreneko itzuliko euskal derbia ia dramatikoa izan zen, gasteiztarren garaipenak, 73-75, Made Urietaren taldea Kopa jokatzeko zortzi onenen artean kokatu zuelako eta talde donostiarra, berriz, Top 8 horretatik kanpo.

Baina are eta dramatikoagoa izan zen partidaren azken zatia. Azken minutuan hiruzpalau jokaldi bikain gertatu ziren eta arabarrek atera zieten etekina maila handiko jokaldi horiei, batez ere Tanaya Atkinsonen bitartez.

Neurketa 71-70 zihoala, Atkinsonek gidatu zuen arabarren kontraerasoa, eta beldurrik gabe uztaipera sartu zen, aurrean Mariam Coulibaly zain eduki arren. Estatubatuarrak «bi gehi bateko» jokaldia osatu zuen eta markagailua 71-73 irauli hamar segundotik behera falta zela amaitzeko.

Coulibalyk nolabaiteko «mendekua» hartu zuen segidan, 73na berdindu baitzuen derbia ia amaitzear zela. Hutsartea eskatu zuen Made Urietak eta Atkinsonentzat prestatu zuen jokaldia. Honek defentsa aldaketa baliatu zuen bera baino txikiagoa den Nicole Cardaño antolatzaileari eraso egiteko. Hala, Cardaño itsatsita eduki bazuen ere, Atkinson kapaz izan zen lau metrotik jaurtiketa egin eta garaipena Gasteiza ekartzeko.

ZABOR ARTETIK GARAIPENA

Are eta dramatikoagoa izan da asteon Kanaria Handiaren etxean lortu duena: 75-76. Azken minutuetan 72-62 atzetik ziren Made Urietarenak eta azken jokaldira partida 75-74 zela iristea lortu zuten, Txell Alarcon eta Flor Chagasen ekimenari esker, batik bat.

Alabaina, azken jaurtiketan Flor Chagasek kale egin zuen. Okerrago, Hollivay Kanaria Handikoak hartu zuen errebotea, partida amaitzear zela, hain zuzen ere.

Baina Van den Adel inguruan zen, aurkariei traba egiten. Hollivayk baloia jaitsi zuen eta Herbehereetako jokalariak baloiarekin ukitu zuen. Chatrice White ere han zebilen, badaezpada, eta bere taldekidearen oparia bikain baliatu, eta denbora agortu aurretik sartu zuen 75-76koa.

Aldiz, IDK Euskotrenek ez zuen zorterik izan Barçaren aurka. Coulibalyk 25 puntu sartu zituen, baina bere azken defentsa ez zen nahi bezain ona izan. Hamblin pibot poloniarrak uztaipean lekua irabazi zion eta 68-69koa saskiratu zuen. Joy Brownek beste aukera bat izan zuen, baina azken honek ez zuen asmatu.