Azterketak euskaraz egiteko nahikaria adierazteko blokeo bat egin dute Bordelen
25 bat herritarrek Bordeleko Erretoretzaren egoitza blokeatu zuten atzo. Goizean goiz ekintzaile batzuk teilatura igo ziren, beste batzuk atarian kateatu ziren bitartean. Azterketak euskaraz egin nahi dituzten ikasleek pairatzen duten mespretxua salatu zuten pankarta batekin. Erantzunak jaso ezean, «urrutira joateko prest» azaldu ziren.
Seaskako 25 bat gurasok eta irakaslek Hezkuntza Erretoretzaren egoitzan ekintza burutu zuten, atzo, Bordelen.
Goizean goiz, batzuk atarian kateatu ziren bitartean, beste batzuk teilatura igo ziren. Pankerta zabaldu eta elkarretaratzea egin zuten, anartean, beste zenbaitek, ‘brebet’ eta ‘baxoa’ frogak hurbil direlarik, erantzunik ez dutela jaso salatzeko eta, era berean, Hezkuntza Ministerioaren aldetik «ikasleek pairatzen duten mespretxua» agerian uzteko.
Polizia azaldu zen egoitzara, baina ez zituen ekintzaileak kanporatu. Goizeko 10.00ak pasatxo, amaitutzat eman zuten protesta, haien helburua bete zutela adierazi ondoren. Ekintzaileek esan zutenez, erantzunak laster iristen ez badira, atzoko ekintzaren ostean prest izanen dira «urrunago joateko» .
Iazko irailean euskal delegazio batekin ukan zuten bileran, Hezkuntza Ministerioko ordezkariek hitza eman zuten «epe zentzudun batean» erantzuna emanen zutela azterketak euskaraz egiteko aldarrikapenaren gainean. Geroztik ez da erantzunik izan.
Egoera horretan, Parisek euskaraz egiteko eskubidea «blokeatuta» duela ikusita, atzo Bordelen Hezkuntza Nazionalak duen egoitza nagusia blokeatzea erabaki zuten Seaskako ordezkariek. Protesta burutzen ari zirela, Erretoretzako burua den Anne Bisagni-Faure anderearekin bilera egiteko proposamena heldu zitzaien.
Izan ere, «guk ez dugu bilkura gehiago nahi, guk erantzunak nahi ditugu baxoari buruz, brebetari buruz», adierazi zuen, kazeta.eus atariarekin mintzo, Seaskako ikasle baten aita den Xantxo Ernagak. Hark bezala protestan parte hartu zuen Jon Eiherabidek salatu zuen egoerarekin aspertuak direla. «Jasangaitza da, eta orain aski, blokeatzen dugu, erantzun bat behar dugulako», gaineratu zuen.