GARA
BILBO

«Mailua gara!» lelopean egingo da Loraldia martxoaren 9tik 26ra

Arlo eta diziplina ugaritako 21 proposamen bildu ditu Loraldia Festibalak, 17 egunez Bilboko 14 gune ezberdin hartuko dituenak. Gabriel Aresti, Benito Lertxundi eta Maurizia bezalako ikurrek eta sortzaile berriek bat egingo dute aurtengo egitarauan.

Mikel Urdangarinek 2020an eskaini zuen kontzertuaren irudia.
Mikel Urdangarinek 2020an eskaini zuen kontzertuaren irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Loraldiak edizio honetarako propio sortutako ekoizpenen artean “Galerna“ (martxoak 19) aipa daiteke. Itsasoari buruzko begirada emozionala da. Familia osoari zuzendutako ikuskizuna da. Leioa Kantika Koralak hartuko du protagonismoa, eta, abesbatzari laguntzeko, zuzenean talde instrumental batek, baritono bakarlari batek eta aktore batek ere parte hartuko dute.

Martxoaren 11n egun osoko egitaraua eskainiko zaio Aresti idazleari. Karmelo Landaren eta Gabriel Aresti Kultur Elkartearen asmo handiko ekoizpena da “Bilbon dabil Gabriel Aresti” .

Saint Patrick's Day da martxoaren 17a, jai egun handia Irlandan. Hara begira jarriko da Loraldia. Marmarak irekiko du egitaraua, gaelikoz ondutako zenbait kanta a capella kantatuko ditu. Jarraian, dantza eztanda iragarri dute The Poguesen abesti probokatzaileekin. The Potes bandak McGowanen melodiak moldatzeko erronka hartu du. Haiekin batera, McOnak-eko taldekideak diren Joseba Iturraspe eta Irati Irizar izango dira eszenan.

Eta azken egunean, ohikoa denez, geroari begira jarriko da Loraldia Festibala. Martxoaren 26an Danele Sarriugartek “Popperra, afterra, utopia” izenburuko testu literarioa irkurriko du.

Zuzeneko musika saioak

Musikari dagokionez, Igor Elortza eta Rafa Rueda -“Anonyme popular”- (martxoak 14), Joseba Irazoki eta Julen eta Beñat Axiari aita-semeak (martxoak 15) eta Benito Lertxundi (martxoak 18) igoko dira agertokira. Martxoaren 21ean “Elur zuriren hiru heriotzak” lana eskainiko du Khontairak. Hilaren 23an “Mauriziak ez du inor hil” ikuskari berezia izango da. Oholtzan, Maurizia protagonista, beste hamaika emakumeren bitartez: Ines Osinaga, Lorea Argarate, Itziar Garaluce, Eneritz Dueso, Garazi Egiguren eta Julene Gregorio. Dantzak ere izango du bere tartea. Martxoaren 10ean Kukai dantza konpainiak “Eta orain zer?” formato handiko koreografia eskainiko du. Martxoaren 16an Arriaga Antzokian “Suirrealismoa” aurkeztuko dute Logela Multimedia eta Circle of Trust konpainiek.

“Bilbon dabil Gabriel Aresti” egun bereziaz gain, beste hiru literatur hitzordu izango dira. Batetik, martxoaren 13an “Kangaroo” poema liburua aurkeztuko du Martin Etxeberriak. Berarekin batera Oier Aranzabalek jardungo du gitarrarekin. Bestetik, martxoaren 20an Castillo Suarez eta Juantxo Zeberio arituko dira, lehenaren liburua aurkezten.

Azkenik, martxoaren 22an, “Filosofia saiakeran eta fikzioan” izenburupean, Iñigo Martinezek eta Olatz Mitxelenak gogoeta egiteko gonbita luzatuko dute. Xabier Mendiguren editoreak gidatuko du solasaldia, eta biek filosofiaz eta euren liburu atera berriez hitz egingo dute: Olatz Mitxelenak “Arrain hezur bat eztarrian” ipuin bilduma kaleratu berri du; “Pantailen garaipena” saiakera, Iñigo Martinezek.

Ikus-entzunezkoen arloan martxoaren 11n “Otxarkoaga - Bilbo. Biola bat ala mailu bat” eskainiko da.

Loraldia Terminala egitasmoan -gazte sormenerako harrobia- bost proposamen prestatu dituzte martxoaren 25erako. “eRRe. Aldarri bat” lanaren ondoren, “Noiz ez da galdu?” patinetako dantza koreografia eskainiko dute. “Habia” ikuskizuna eta “Album“ lana ere iragarri dituzte. Silitio bikoteak emango dio amaiera Loraldia Terminalari.

16-29 urte bitarteko gazteei begira, Sormen-Ola euskal kulturaren transmisio tailerrak ere prestatu dira; eta martxoan eta apirilean erakusketa jarriko da Metro Bilbaon. Egitarau osoa www.loraldia.eus webgunean ikus daiteke. Sarrerak ere han dira salgai.