Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Bilboko periferian girotutako nobela beltza idatzi du Iñaki Irasizabalek

Erabaki zailak hartu beharko ditu Maider gazteak, maite dituen pertsonak zaintzeko. Beti ez zaizkio gauzak ondo aterako, baina ohituta dago bizitza okerra eramatera. Txikitatik jasan behar izan ditu egoera gogorrak. Iñaki Irasizabalen nobela berria da: «Otsoa etorriko da».

Iñaki Irasizabalek «Otsoa etorriko da» lana aurkeztu berri du.
Iñaki Irasizabalek «Otsoa etorriko da» lana aurkeztu berri du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

28 urte ditu Maiderrek, berak bakarrik hazten duen zazpi urteko seme bat, Iraitz, eta beste hainbat arazo: Unax neba gaztea desagerturik dago duela bi urtetik, eta hilketa baten egilea dela uste du poliziak; lantokian, Legarra ugazaba eskuluzeak berarengan jarri ditu begiak; eta, gainera, txikitan abandonatu zituen aita hilzorian dago.

Bizitza gogorra izan du txikitatik Iñaki Irasizabalen nobela berriko protagonistak. “Otsoa etorriko da” (Elkar) izenburuak ipuinetako esaldiari egiten dio erreferentzia, mehatxu bati, Maiderrek bere bizitzan izango dituen mehatxu guztiei.

Irasizabalek berak azaldu duenez, idatzi duen testua nobela beltza da, baina ez ohikoa. «Generoko literaturak bide estua dauka. Istorio denak antzekoak dira: hilketa bat dago, ikerketa egiten dute, Cluedo moduan aritzen dira eta argitu egiten dute kasua. Ni saiatzen naiz mugan idazten. Baina nobela beltza dela esango nuke delituen ingurukoa delako eta gizartearen analisi kritikoa egiten duelako», argitu zuen.

Maiderrek erabaki du ingurukoen ardura hartzea. Anaia, aita eta semea. Inork ez dio hori agindu, baina berak horiek zaindu behar dituela sentitzen du. Horrek erabakiak hartzera bultzatuko du, eta batzuetan ez dira erabaki errazak izango. Izan ere, arazoak sortuko zaizkio zenbaitetan. Edonola ere, bere helburua da duintasun minimo batekin bizirautea.

Eszena gogorrak badaude eleberrian, istorioa bera gogorra delako, baina une samurrak ere badaudela azpimarratu zuen Irasizabalek. Hala, aipatu zuen beste eleberriei baino samurtasun handiagoa dariola honi. «Eszena samur gehiago, edo samurrak direnak samurragoak dira, ez dakit. Hori da nik dudan sentsazioa», azaldu zuen.

Eleberriaren giroari dagokionez, Xabier Mendiguren editoreak aipatu zuen nabari dela idazlea zertaz ari den ondo dakiela. Izan ere, tailer batean egiten du lan Maiderrek, eta istorioan islatzen dira langileek dituzten arazo eta harremanak. Irasizabalek berak tailer batean lan egiten duenez, ez du giro hori irudikatzeko arazorik izan. Ezagutza hori irakurlearentzat osagai bat gehiago dela esan zuen.

Bilbo, beste pertsonaia bat

Bilbo bera da istorioko beste protagonista bat, edo periferiako auzoak, hobeto esanda. Zehazki, protagonista Errekalden jaioa da, eta Zorrotzaurren ere eleberriaren gauza garrantzitsuak gertatzen dira.

Bigarren mailako pertsonaiei erreparatuz gero, delituen mundutik gertu daudela esan dezakegu; anaia eta aita, adibidez, baina baita «Armani» ezizenez ezaguna den gaizkile gaztea ere. «Horrela deitzen diote trajez janztea eta horietan armak gordetzea gustatzen zaiolako», azaldu zuen idazleak.

Bestalde, heriotzak pisu handia du istorioan. Hasieran eta amaieran heriotza arriskua dago, eta eleberrian zehar heriotza beti dago presente.

Maiderri dagokionez, pertsonaia inpultsiboa da eta horrek eramaten du batzuetan erabaki okerrak hartzera. Hala ere, Irasizabalek esan zuenez, «asko maite duenak asko sufritzen du», eta emakume gazteak maite dituen pertsonak asko maite ditu. «Bere erabaki guztien atzean maitasuna dago», adierazi zuen.

Irasizabalek aipatu zuen esku artean beste eleberri bat duela, edo idazteko ideia behintzat. Mikroipuinak ere idatziak ditu. Aspaldian hasi zen eleberriak idazten, thriller generokoak, eta tarte batez ipuinak idazteko alboratu zituen. Bere ustez, ez zen erregistro aldaketa bat izan, istorio bakoitzak eskatzen zion tamainara egokitzea baizik, luzeago edo motzago eginez.