Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Tadas Sedekerskis gabe jokatu beharko du Baskoniak Bolonian

Atseden hartuko du hegaleko gazteak.
Atseden hartuko du hegaleko gazteak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gaueko 20.30ean jokatuko du gaur Saski Baskoniak Boloniako Virtus Segafredo Arenan Sergio Scariolok zuzentzen duen Virtus Boloniaren aurka, Euroligako Fase Erregularreko 25. jardunaldiari dagokion neurketa.

Neurketa horretatik kanpo geratu da azken orduan Tadas Sedekerskis Saski Baskoniako kapitain gaztea. Hegalekoak giharretako arazoak ditu ezker zangoko izterrean eta Gasteizen geratu zen atzo, klubaren mediku zerbitzuen eskuetan ahalik eta arinen eta egokien osatu nahian.

Ondorioz, joan den ostiralean Kopan ez bezala, Daulton Hommesek jokatzeko aukera izango du. Bestetik, Joan Peñarroya entrenatzaileak ez du beste jokalaririk baztertu beharko, hamabi jokalarik osatzen baitute orain Saski Baskoniaren deialdia.

Gasteiztarrak zazpigarren daude, 13-11 balantzearekin, seigarren postuan doan Partizanekin eta atzetik dituen Valentzia Basket eta Zalgiris Kaunasekin berdinduta. Virtus Bolonia, berriz, sailkapen nagusiko hamabigarrena da, 11-13 balantzearekin, Anadolu Efes egungo txapeldunarekin eta Dusko Ivanovicen Izar Gorriarekin berdinduta.

DENBORALDI ERDIA

Bestalde, Rafa Pueyo Surne Bilbao Basketeko kirol zuzendaria ACB Ligan eta Europan aurreneko itzulian egindako lanarekin «oso gustura» azaldu zen atzo.

Gelditzen den denboraldi erdiari begira, FIBA BCLko Top 16a gainditzea eta datorren urtean berriz ere Europan jokatzeko txartela lortzea omen da klubaren helburua.