Iker GURRUTXAGA
40 MINUTU ROCK

40 minutu, 8.000 taupada elkartasun eskean

Gazteentzat ezinbesteko jaialdi bihurtu da 40 Minutu Rock. Hori agerikoa da, eta horretan eragiten eta espetxe politikak sortzen duen drama gizarteratzen dabiltza antolatzaileak sorreratik. Izan ere, argi dute gure errealitatearen zati bat zein den belaunaldiz belaunaldi transmititzea garrantzitsua dela.

Skabidean taldeak iluntzea girotu zuen.
Skabidean taldeak iluntzea girotu zuen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

8.000 pertsona bat eginda atzo Durangoko Landako Gunean hiru urteren ostean bueltan etorri den 40 Minutu Rock jaialdian. Goizean goizetik nabaritu zen jendea jaialdiaren egarri zegoela. Izan ere, goizeko 10:00etarako sarreran pultsera trukean pilatu ziren hainbat eta hainbat pertsona.

Eguerditik mikroa eskutan ibili ginen Landakoko erreakzioak jasotzen eta denetarik kontatu ziguten bertaratuek. Rotten XIII eta Brigade Loco ziren, erantzun zigutenen artean, gehien aipatu zituzten taldeak. Jatorriari erreparatuta, bestalde, Mendaro, Lekeitio, Iruñea, Deba… eta Mallorcako jendearekin egin genuen topo. «Kultura sustatzeko eta preso eta senideei gure babesa erakusteko egin beharreko jaialdia» dela aipatu zigun batek. Espetxe politikaren kaltea gertutik tokatu zaionik ere izan zen NAIZ Irratiko mikroaren aurrean eta «zeinen gogorra den espetxe politikak preso eta senideei sortzen dieten mina» nabarmendu zuten.

goizetik topera

Hori bai, guztiek argi zuten zein den jaialdiaren helburua: sufrimendua behingoz bukatu eta azken festa egun handi bat ospatzea, «ahal bada, datorren urtean, preso eta iheslari guztiak etxean eta kalean direla».

Ateak ireki eta gutxira hasi zen Bengo artista oiartzuarra bertaratu zen publikoa berotzeko lanetan. “Sayek” kantarekin hasi eta zaleak dantzan jarri zituen lehen unetik. Esan zigun zuzenean eta bandarekin bere proposamena desberdina zela “4 taupada” aurkezten zuenetik “Bizirik” aurkeztera igaro zenera, eta bai, arrazoi. Ordubete aparta eskaini zuen Bengok.

Aurtengo Durangaldeko talde bakarrak hartu zuen segidan testigua: Iheskide. Gogoratu behar dugu Ihesbide izena zuela taldeak aurretik, baina horiek ere kartzelaren gordina eta espetxe politika ankerra zer den ezagutu zuten eta hortik Iheskide izatera pasatu izana. «Tinko gurean, azkena atera arte!» oihukatu eta kanta bat bestearen atzetik jo zuten, etenik gabe. Landakon gero eta jende gehiago biltzen ari zen bitartean. «Musika eta elkartasuna jorratzera etorri gara», esan zuten, jaialdia zertarako den gogoraraziz. Eta mezu zuzen bat bota zuten jarraian: «Argi eduki borrokak eramango gaituela askatasunera». Publikoa etengabe ibili zen abesten, eta jaialdiaren gauza nabarmenetako bat horixe izan zen atzo: hasi eta buka, publikoa abesten aritu zela. «Presoak gogoan ditugun honetan, iheslariei besarkada, herria delako haien arnasa eta herrira itzultzea haien ametsa», egin zuen aldarri Elorrioko hirukoak.

Unidad Alavesakoak aritu ziren jarraian. Umorea bikain erabili zuen Artola taldekideak; belaunaldien arteko talka haien arteko lotura bihurtzeko, hain zuzen ere. «Zuen gurasoekin saskibaloian jokatu nuen» edota «suabe gazteak, egun luzea duzue-eta aurretik» bezalako mezuak bota zituen, publikoa poltsikoratuz. Horretarako behar handirik ez zuen arren, haien kanten hitzek erakarrita-edo, ordubetez oihuka ibili zelako Landakoko publikoa. «Kausa honen alde ia azken kontzertua den, baina ez gure azkena», esan zuten Unidad Alavesakoek.

Rock doinu gogorragoetara itzuli zen festa bazkalorduarekin batera, Lukiek taldeak hartu baitzuen oholtza. Ping-pong partida moduan ibili ziren egun osoan ikusleak, oholtzatik oholtzara. Ginger taldearen indar eta energia deskargaren ostetik Brigade Locoren txanda iritsi zen; Txantreako Martin izan zuten atzo bosgarren kide bezala, gainera, Mikel Sotoren osteko lehen gitarra-jotzailea. Bergararrekin lehertu egin zen guztia eta publikoaren erantzuna ere tamainakoa izan zen. Skabidean taldeko Idoia Tapia ere igo zen oholtzara “Gaztelu baltza” elkarrekin abesteko.

Perlata Arrasateko taldearen ordua iritsi zen gero. Ordubetez dena eman ostean, ekitaldiaren garaia heldu zen arte.

Asko borrokatzeko

Ekitaldia bi zatitan banatu zuten aurtengo 40 Minutu Rocken. Performance moduan egin zuten lehen zatia, kartzelatik atera den presoak eta haren umeak izandako elkarrizketa irudikatuz. «Gogoan duzu lehenengoz topo egin genuen aldia? Beira-xafla batek banatzen gintuen eta azalean senti genezakeen erlojua lasterka» hasi zen emanaldia. Hala ere, beste gogoeta sakon batekin bukatu zuten ikuskizuna: «Nahi dugunean ikusten dugu elkar. Aurrez aurre gaude orain. Hau ote da askatasuna?». Zer pentsatua ematen duen galdera.

Bideo proiekzio bat izan zen segidan eta bertan gaur egun presoen egoerak ankerra izaten jarraitzen duela azpimarratu zuten. Badirela dispertsio politika pairatzen dutenak, azken orduetan hirugarren gradua atzera botata berriz ere espetxera itzuli behar izan dutenak, baita iheslariak ere. Halaber, 2020ko irailean Puerto de Santa Mariara bidean istripua pairatu zuten 7 senide eta bi gidariak, eta orduz geroztik zendu diren Igor Gonzalez Sola Martutenen zegoen preso politikoa, hilabete geroago 9 hilabetez soilik aske eta larriki gaixo hildako Asier Aginako eta urte berean Caracasen hildako Txetxu Urtiaga Repulles erbesteratua ere gogoan izan zituzten. «Euskal jendartearen inplikazioa erabakigarria izan da urruntzea eta sakabanaketa amaitzeko. Baina hemen jarraitzen du salbuespenak, injustiziak: gure inguruan, lagunen, auzokoen, senideen edo gure haragietan. Hemen. Bada. Asko dugu borrokatzeko, baita aurrera begira ere», mezuaz bukatu zuten ekitaldia.

goizaldera arte

Ekitaldiaren ostean, goizaldeko ordu txikietara arte luzatu zen festa. Party&Tiza, DJ Reimy, Bulego, Rotten XIII, Merina Gris, Huntza eta Dupla aritu baitziren, Landako Gunea itxi bitartean, festa eta aldarrikapena uztartzen.

Skabidean taldea ezin ahaztu, ordea. Iruñerriko taldeak “Begiak kliskatuta” kanta sortu baitu 40 Minutu Rock jaialdirako propio eta Landakon abestu zuten unea ere berezia izan zen. Ia begi kliska gutxi behar ditugun 40 minutuen drama behingoz ahazteko, denak etxean eta aske edukita. Izan bedi azkena.