GARA
ESKUBALOIA

Zuazok erasoan egindako hutsez baliatu da Elx

Etxeko taldeak ondo aprobetxatu ditu Barakaldokoen hutsak eta erraz gailendu zaio azken-aurreko postutik ezin atera dabilen Zuazori. Hurrengo neurketa azken sailkatuaren aurka izango dute.

Joseba Rodriguez, animoak ematen jokalariei.
Joseba Rodriguez, animoak ematen jokalariei. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zubileta Evolution Zuazoko jokalariek zein entrenatzaileak ondo zekiten Elxerako bidaia oso zaila izango zela. Bosgarren postuan dagoen aurkariak etxean jokatzen zuen eta, gainera, bizkaitarren denboraldia zaila izaten ari da, bai kirol arloan bai bulegoetan. Azkenean, Barakaldokoek ezin izan zuten sorpresarik eman eta Elxek kanpokoek erasoan egindako hutsak aprobetxatu zituen.

Parekotasuna nabarmena izan zen lehenengo sei minutu eta erdian. Momentu horretan markagailuak 3-3koa zuen, baina Zuazok erasoan huts egin eta Estibaliz Velasco bi minutu kanporatu zuten epaileek. Elxek bikain aprobetxatu zuen egoera hori 5-3koa egiteko, partidako lehen abantaila. Etxekoak pixkanaka abantaila handitzen joan ziren lehen zatian. Bost goleko errenta ere izan zuten (11-6, 12-7 eta 13-8), baina eskerrak Paula Molanok azken unean gola egin zuen atsedenaldira 13-9 joateko.

Hala ere, bigarren zatian gauzak ez ziren hobetu. 4-2ko partzial bat sinatu zuten etxekoek lehenengo sei minutuetan (17-11) eta Nerea Gil kanporatuta, Elxek bikain aprobetxatu zuen 20-14kora iristeko.

Ez hori bakarrik. Joseba Rodriguez “Haito” entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen, baina Elxek beste gol bat sartu zuen 21-14koa ipintzeko. Hortik aurrera, golak ate batean eta bestean sartu zituzten, Paula Molano deskalifikatua izan zen eta Zuazok beste jaurtiketa batean huts egin zuen. Porrota beste kolpe gogor bat da Barakaldokoentzat. Zoritxarrez edo zorionez, datorren asteburuan ez da partidarik izango eta, beraz, hurrengo neurketa prestatzeko egun gehiago izango dituzte bizkaitarrek. Hurrengo aurkaria, Lasesarren, Grafometal La Rioja izango da, sailkapeneko azkena; beraz, garaipena erdiestea berebizikoa izango da, kirol arlotik zein mentalki.