Andrea IBARRA
KAZETA
Elkarrizketa
Maritxu Negeloua
Urdiñarbeko pastoralaren idazlea

«Feminismoa eta abertzaletasuna lotzea gaurkotasun handikoa da»

Ofizioz erizaina, Maritxu Negelouak ‘‘Sibastarrak’’ pastorala idazten eman ditu azken bost urteak. Orain, larunbatero obra eszenaratzeko lanetan dabiltza Urdiñarbeko biztanleak, udan antzezteari begira. Gazte zuberotarrak lehen idazketa esperientziaren berri eman du Kazeta.eus-en.

(Patxi BELTZAIZ | MEDIABASK)

Nola sortu zen Urdiñarben pastorala berpizteko ideia?

Bada zerrenda bat herri ainitzekin eta zerrenda horren bidez dakigu ondoko 10 urteetan zein herrik eginen duen pastorala. Badira urte batzuk Urdiñarbe zerrendan dela; beraz, bazen jadanik ideia. 2019an maskarada egin genuen eta hor herri-dinamika berpiztu zen. Horren segida da pastorala, aski naturalki gertatu dena.

Hizkuntzari dagokionez, nola gauzatu duzue prozesua?

Dena euskaraz egitea lortu dugu. Pastoralaren istorioaren aurkezpena euskara hutsean egin dugu, momentuko itzulpenarekin, euskara ez zekitenentzat. Errepikak ere euskaraz egiten ditugu eta moldatzen gara, norbaitek ulertzen ez duenean ondokoei galdegiten die. Testuari dagokionez ere dena euskaraz da eta itzulpen bat egiten ari dira, bukaeran egiten den pastoralaren liburuan ezartzeko.

Zergatik erabaki zenuen pastoral bat idaztea?

Duela bost urte hasi nintzen idazten. Badu aspaldi bukatua nuela. Horretarako, lehenik, Madalena de Jaureguiberryren istorioa irakurri nuen “Figures de femmes” liburuan. Liburuetan ez dira emazte ainitz agertzen, historian emazterik ez dela iduri du, eta liburu honetan emazteen historiak badira soilik, Historia markatu duten emazteenak. Ikertzen hasi nintzen eta Jean bere anaiarekin biziki hurbila zela ikusi nuen, ainitz lagundu eta sostengatu zuten elkar.

Biek bi Mundu Gerla eta Espainiako Gerla Zibila bizi izan zituzten. Euskararen alde lan ainitz egin zuten, baita Gerla Zibil denboran Hegoaldeko errefuxiatuak laguntzeko ere. Erresistentzian sartu ziren. Jeanek Eskualerri-zaleen Biltzarrean parte-hartzen zuen eta Madalena Begiraleak-en sortzaileen artean zen, Ipar Euskal Herriko emazte abertzaleen lehen taldea, oraindik bizirik dena.

Haien indarrak hunkitu ninduen eta kontatua izatea merezi zuela pentsatu nuen. Xiberoan horretarako tresna polita badugula atzematen dut.

Zure lehen pastorala izanki, nolakoa izan da sorkuntza prozesua bera?

Haien historiak inspirazioa eman zidan eta saiatzeko hasi nintzen idazten, ez nekien lortzen ahal nuenetz. Plazera hartzen nuen idazten, beraz, segitu nuen eta, emeki-emeki, bukatu nuen.

Idatzi nuenean ez nekien, baina 2000. urtean jadanik gaiaren inguruko pastoral bat idatzi zuen Pierre-Paul Berzaitzek. Ni ttipia nintzen orduan. Jakitean, Berzaitz deitu nuen, nik ere sibastarren inguruko pastoral bat egiteak trabatzen zuen jakiteko. Lasai egiteko esan zidan, bi pertsonak idatzirik bi pastoral oso ezberdin izanen zirela eta protagonistek berriz omenduak izatea merezi zutela.

Euskara eta euskal kulturaren alde borrokatu zen emazte bat hautatu duzu protagonisten artean. Zergatik da bere rola garrantzitsua historian?

Beste garai bat zen hura. Lehengo feminismoa zen nolabait, lehen feminismo forma. Ez zuten bozkatzeko eskubiderik ere eta emazteak bakarrik elkartzeko talde bat sortzeko antolatu ziren. Haien maneran, euskararen alde borrokatzen ziren: antzerkiak, dantzak eta kantuak sortzen zituzten; emantzipazio forma bat zen.

Egungo garaiko kontakizun bat iruditzen zait, baina bi Mundu Gerlen artean zen. Oraingo euskal feminismoaren hastapena ikusten nuen horretan.

Bi garai oso ezberdin dira, baina borroka honentzako dinamika eta motibazioa jadanik sortua zen; aspaldiko lana da eta zerbait zor diegu emakume horiei. Feminismoa eta abertzaletasuna lotzea gaurkotasun handikoa iruditzen zait, instintiboki sentitu zuten behar hori eta guk orain, gibeltasun handiagoarekin, teorizatzen dugu.

Emazte aitzindari horren historia bere anaiarenarekin uztartzea erabaki duzu. Zergatik hartu duzu hautu hau?

Biak dira protagonistak, bi pertsonaiek ber garrantzia dute. Bakoitzari bere lekua eman nahi nion eta pastorala idazteko ere interesgarria zen biak izatea, lehenik, ez direlako senar-emazteak; pastoraletan, gehienetan, senar-emazteak dira. Anai-arrebak izatea lagungarria zen parekotasunetik idazteko. Niretzat garrantzitsua da ahalik orekatuen idaztea, emazteek eta gizonek bertset, eszena bakoitzeko sartze-hitz eta azken bertset kopuru bera ukan dezaten.

Laguntzeko, Joana Etxartek Bechdelen eskala aipatu zidan, 1985ean komikilari batek sortua, idaztean parekotasuna lortzeko. Berak proposatzen du eszena bakoitzean galderak pausatzea gure buruari: ea bederen bi emaztek elkarrekin hitz egiten duten, ea bederen bi emaztek aipatzen duten gizonak ez diren gai bat...

Ez da erraza eta interesgarria da. Nahiz eta kontzientzia hori ukan eta buruan ukan modu orekatuan idaztea, konturatu naiz ni, besteak bezala, gizarteak inposatzen digun horretan sartua naizela. Naturalki, gizonetara jotzen nuen eta leku gehiago uzten nien emazteei baino. Hortaz, ohartzeko eta zuzentzeko parada izan da.

Orain idatzirikoa gorpuzten ari dela, nola baloratzen duzu esperientzia?

Sostengatua eta lagundua sentitu naiz. Biziki garrantzitsua izan da. Idazten hasi nintzen, baina gero ez zen biziki erraza etapa guztietan asumitzea.

Baina pastorala biziki garrantzitsua da Xiberoan eta jendeak ainitz hitz eginarazten ditu; eta horietan izan dira “zepoak” jarri dizkidaten batzuk. Adibidez, kazetari batek joan den astean zozo batentzat pasarazi ninduen, kredituan galarazteko. Ez da sobera lagungarria eta ez ditu gauzak sobera aitzinarazten.