GARA
ATENAS

Tren istripuaren ondoko dolua sumin bihurtu da Greziako manifestazioetan

Ikasleak, Parlamentuaren kanpoaldean protestan.
Ikasleak, Parlamentuaren kanpoaldean protestan. (L. GOULIAMAKI | AFP)

Herritarren haserrea areagotu egin da eta Grezia osoan manfestazioak deitu zituzten atzo, 57 hildako utzi zituen tren istripuan gertatutakoa argitu dadila eskatzeko. Aldi berean, trenbideetako langileek 24 orduko beste greba bat deitu dute, sektorearen egoera dela-eta protesta egiteko. Horrelako istripuak ekiditeko segurtasun-sistema modernoak falta direla salatzen dute.

Greziako lehen ministro Kyriakos Mitsotakisek «zoritxarreko giza akats» bat izan dela aipatu zuen, baina Yannis Ikonomu Gobernuko bozeramaileak ostegunean onartu zuen istripua gertatu zen tartean ez zebiltzala segurtasun-sistemak, hala nola gida elektronikoa eta argi-seinaleak.

Manifestariek eskatu zuten «aurreikus zitekeen krimena» ez estaltzeko eta desagertuak aurkitzeko ahaleginak areagotzeko.

Ostegun gauean ere milaka lagun bildu ziren Parlamentuaren aurrean, «Gure bizitzek axola dute!» zioen pankarta erraldoia zeramatela.

Istiluak izan ziren Salonikako tren geltokiaren aurrean; Poliziak gas negar-eragilea erabili zuen eta talde batek molotov koktelak bota zizkion.

Atzo egun osoan zehar izan ziren manifestazioak Atenasen, Salonikan eta beste hiri batzuetan. Giro tirabiratsua dago eta doluak herritarren haserrea ekarri du, Estatuak eta sistema politikoak garraio seguruak bermatzeko duten ezintasunagatik.

50 pertsona inguru daude ospitalean eta hondakin artetik pertsona gehiago erreskatatzeko lanak atzo bukatu ziren, biktima gehienak identifikatzeko ahaleginek jarraitzen zuten bitartean.