Maite UBIRIA
BAIONA

Protesta jarraitzeko hautua egin dute 23.000 herritarrek Baionan

Urtarrilean dinamika hasi zenetik bigarren mobilizaziorik handiena izan zen atzokoa Baionan.
Urtarrilean dinamika hasi zenetik bigarren mobilizaziorik handiena izan zen atzokoa Baionan. (G. FAUVEAU)

Milaka lagun irten ziren kalera, atzo goizean, Baionan. Arratsaldean, Donapaleun bigarren ekimena egin zen frantziar Estatu osoan deituriko erretreten erreformaren aurkako mobilizazioen karira.

23.000 lagun elkartu ziren Lapurdiko hiriburuan intersindikala osatzen duten CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek deituriko manifestazioan. Urtarrilaren 19an erretreta adina 62 urtetik 64 urtera gibelatzeko xedea duen erreforma arbuiatzeko dinamika abiatu zenetik bigarren mobilizaziorik jendetsuena izan zen atzokoa, deitzaileek emandako zifrei so eginez gero.

Joan zen otsailaren 11n lehen aldiz asteburu batean karriketara jotzeko gonbidapena luzatu zuten sindikatuek. Larunbat hartan aditzera eman zutenez, 25.000 lagun bildu ziren Baionan erretreta osoa jaso ahal izateko 43 urteko kotizazioa ezartzen duen erreformari ezetz esateko.

LAB eta ELB laborarien sindikatuen presentzia ere nabarmena izan zen atzo Santa Ursulatik abantzu ordu erdiz berantarekin abiatu ondoren, erdiguneko karriketatik igarota San Leon biribilgunean amaitu zen protesta.

Sindikatu bi horiek, baita FSU eta Solidaires ere, Donapaleun arratsaldean antolaturiko bigarren protesta ekimenera batu ziren.

Baionako martxa amaitu bezain fite, trenbideetako langileek greba jarraituko dutela aditzera eman zuten. Gaur, 9.00etan, Lan Burtsan bilduko dira. 08.00tan, berriz, blokeoa iraganen da portuan.

Atzo lanuzteak eragin handia izan zuen garraio sarean. Abiadura Handiko bost trenetatik bat bakarrik egon zen martxan, Hexagonoan bezala Ipar Euskal Herrian ere. Esaterako, martxaren abiapuntua zen Baionako tren geltokian ate nagusia itxita egon zen. TER eskualdeko tren zerbitzuan asko sentitu zen greba deialdia. Bestalde, Biarritzeko aireportuan gutxienez lau hegaldi bertan behera geratu ziren, eta gaur hegaldien erdiak ez dira aterako.

Ikastetxe itxita

Hezkuntzari dagokionez, lehen mailan lan egiten duten langileen %80k greba deialdiarekin bat egin zuten atzo Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen Departamenduan. Bigarren hezkuntzan ere lanuztea sentitu zen. Besteak beste, Baionako Bernat Etxepare eta Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeotako ikasle, guraso eta irakaslek martxan parte hartu zuten.

Manifestazioan sektore ezberdinetako langileak bildu ziren. Jende anitz bazen Osasun langileen segizioan. Dassault hegazkin lantegiko beharginak eta suhiltzaileak, erietxetako langileak eta udal zerbitzuetako bulegariak bertan ziren. Baita erretretan diren herritarrak biltzen dituen federazioko kideak ere.

«Erreformak emazteak bereziki kaltetzen dituela» salatu zuten azkeneko horiek bezala martxan afixak erakutsi zituzten emazte askok ere.

Hain zuzen, protesta jarraikiari lehenengo keinua egin zion atzoko mobilizazioa bururaturik, bertan bildutako milaka eta milaka herritarrek, gaur, martxoaren 8an, 10.30tan, berriz karrikara irteteko deia jaso zuten.

«Litekeena da ondoko egunetan protestak beste tenperatura bat hartzea», adierazi zion hedabide honi CGTren txalekoa zeraman sindikalistak. Ildo beretik, Eñaut Aramendi LABeko ordezkariak erreforma bertan behera uzteko «ekonomia blokeatzeko» jauzia eman behar dela nabarmendu zuen.