GARA
PEKIN

Historia egin du Xi Jinpingek hirugarren agintaldia lortuta

Xi Jinping, delegatuen artetik pasatzen.
Xi Jinping, delegatuen artetik pasatzen. (Noel CELIS | AFP)

Txinako Herri Asanblea Nazionalak aho batez izendatu zuen atzo Xi Jinping bost urteko hirugarren agintaldirako (2023-2028). Herrialdean aurrekaririk ez duen gertakaria da hori, agintariak pilatu duen botere absolutuaren erakusgarri. Erakunde horrek 2018an onartu zuen Konstituzioari zuzenketa bat egitea, presidenteek segidako bi agintaldi baino gehiago izan ahal izateko. Han Zheng izendatu zuten presidenteorde eta Zhao Leji Asanbleako Batzorde Iraunkorreko presidente.

Bozketen ondoren, Xik, Hanek eta Zhaok Txinako Konstituzioari zin egin zioten.

Horrez gain, diputatuek aho batez onartu zuten Xiren hirugarren agintaldia Batzorde Militar Zentraleko buruzagi gisa. Kargu hori Indar Armatuetako burua izatearen baliokidea da. Joan den urrian Xik Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusi gisa zuen postua berretsi zuen, hirugarren agintaldi baterako. Horrela, Xik indartu egin du boterearen hiru besoen gainean daukan kontrola: Estatua, Alderdia eta Armada.

Pekinen jaio zen Xi, 1953an, eta 22 urterekin sartu zen alderdian. Leku eta une egokian egon zen politikan gora egin ahal izateko: 2000ko hamarkadaren amaieran, alderdiak ibilbide luzea zuen hautagai bat bilatu zuen Hu Jintao presidentea ordezkatzeko.

AEBkiko lehia gero eta handiagoa, Taiwanekiko gatazka potentziala, erronka demografikoa eta ekonomia suspertzea izango dira Xiren erronketako batzuk. Horiei aurre egiteko, bere konfiantzazko talde bat osatu du mandatariak, hainbat helbururen inguruan lan egiteko: «Aberastasun komuna», «autosufizientzia teknologikoa» eta Taiwanen «bateratzea», besteak beste.

Adituen arabera, Gobernuak izango duen erronka handiena AEB eta Txinaren arteko tentsio gero eta handiagoari aurre egitea izango da.

Bestalde, barne arazoak ere kontuan hartu beharko ditu, gogoan izanik joan den abenduan protesta ugari izan zela herrialdean Gobernuaren zero covid politika salatzeko.