EDITORIALA

Mozal legearen erreforma edo haren legitimazioa?

Mozal legea delakoaren erreformak ez du aurrera egingo, EH Bilduk eta ERCk atzo espainiar Gobernuak Barne Segurtasuneko Batzordera eraman zuen txostenaren aurka bozkatu baitzuten, eta Junts taldeak ere bat egin zuen haiekin. Indar subiranista horiek uste dute Gobernuaren proiektuak ez dituela gutxieneko aldaketak jaso. Izan ere, oso urrun zegoen legea indargabetzetik, ez baitzekarren aldaketarik agintaritzari desobeditzeari, mugan egindako itzulketei eta gomazko pilotak erabiltzeari dagokienez. Asmo politiko atzerakoi nabarmenez diseinatutako legea izaten segitzeko erreforma zen. Segurtasunak ez du zertan askatasun-murriztailea izan, ezta polizien inpunitatearen berme ere.

Iragan larunbatean Aingeru Zudaire gomazko piloten biktima gisa aitortzeko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari, Auzitegi Nazional espainolak nafarrari arrazoia eman zion epaia irmoa dela jakinarazi ondoren eta, hala ere, gomazko pilotak herritarren segurtasunerako ezinbesteko baliabidea direla dioen legeari eutsi nahi diote. Zudaireri tiro egin zion polizia, edonola ere, zigorgabe geratu da, eta Zudairek bezala pilotakada baten ondorioz begi bat galdu duten beste hainbat euskal herritarren kasuan ere inpunitatea nagusitu izan da. Kasu gehienak “Mozal legea” baino lehen gertatu ziren, baina ez da nahikoa, antza; hori baino inpunitate handiagoa bermatuko dieten legeak nahi dituzte. Kezkagarria da Gobernu espainolak lege hori indargabetzeko konpromisoa bertan behera utzi eta herritarren eskakizunei muzin eginda, eskuin muturreko polizia sindikatuen presioari men egitea.

“Mozal legea” atzerapauso nabarmena izan zen, segurtasunaren izenean askatasuna eta eskubideak trenkatzen dituen legea baita edonondik begiratuta ere, eta atzera botatako erreforma atzerapauso hori ontzat ematea zen, haren nolabaiteko legitimazioa. Segurtasuna herritar guztien eskubidea da, baina ez du zertan beste eskubiderik urratu, eskuin espainiarraren segurtasun kontzeptuak sinetsarazi nahi duen bezala. Kontzeptu horri aurre egiteko gauza ez dena nekez izan daiteke inongo eraldaketaren gidari.