GARA
DONOSTIA

Paperjale gune digitala, literaturazaleen topagunea

Euskal irakurle eta idazleen topagunea izateko helburuz sortu da paperjale.eus plataforma digitala. Online liburutegi pertsonala, iruzkinak eta eztabaidak ere eskainiko ditu.

Abaraska taldeak garatu du Paperjale ekimena.
Abaraska taldeak garatu du Paperjale ekimena. (J.C. RUIZ | FOKU)

Paperjale sortu da; hitz gutxitan, euskal idazle eta irakurleen topagunea izan nahi duen gune digitala. Proiektuak zenbait helburu nagusi ditu, hala nola irakurzaletasuna sustatzea eta literatura «maite» dutenentzat gune seguru bat eskaintzea.

Plataformak erabiltzaileei aukera ematen die liburutegi pertsonala online sortu eta mantentzeko, irakurketak erregistratzeko, liburuak puntuatu eta iruzkintzeko, beste erabiltzaile batzuei jarraitzeko eta liburuen gomendioak jasotzek, bai eta liburuei eta literaturari lotutako gaiei buruzko eztabaidetan parte hartzeko ere.

«Euskarazko literaturaren bizigarri izan nahi du Paperjalek, baina edozein hizkuntzatako liburuak aipatu daitezke bertan», zehaztu dute.

Abaraska-k sustatua

Paperjale.eus martxan jarri duena Abaraska taldea da, software librea, euskara eta fedibertsoa sustatzen duen «euskaldun talde txikitxo bat». Euskarazko sare sozial libre eta ireki ugari eskaintzen ditu, adibidez: peertube.eus bideoentzat, pixelfed.eus argazkientzat, lemmy.eus foroentzat eta paperjale.eus liburuentzat.

«Denak euskaraz, irekiak eta software librearekin eginak dira. Fedibertsoaren parte direnez, webgune batekoek zein bestekoek elkarri jarraitu diezaiekete, baita beste sare sozial libreetakoei ere, adibidez mastodon.eus», zehaztu dute.

Proiektura batzeko modua paperjale.eus atarian izen ematea da.