Manex ALTUNA
Athletic Clubeko jokalaria

«Denboraldi honetara arte ezin izan dut nire maila onena eman»

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua da iaztik Oier Zarraga (Getxo, 1999). Aldi berean, futbolean garrantzi handia ematen dio arlo psikologikoari, eta onartu du kosta egin zaiola Athleticeko lehen taldean jokatu ahal izateko toki bat egitea, hasiera batean ez baitzen «bere buruarekin eroso» sentitzen.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

Getxo eta Mungia artean hazitakoa da Oier Zarraga, eta Athleticen harrobiko talde guztietatik igarotakoa. 24 urte egin berri ditu urtarrilean eta txikitatik barneratuta dauka sentimendu zuri-gorria. Bere hirugarren denboraldia da lehen taldearekin. Gehiago jokatzea gustatuko litzaiokeen arren, pozik dago aurten ematen ari den mailarekin.

Athleticek Valladoliden zelaian jokatuko du ostiral iluntze honetan (21.00etatik aurrera). Bolada txarrari bukaera eman eta puntuak pilatzen hasi beharra daukate zuri-gorriek Europarako trena behin betiko urruntzen ikusi nahi ez badute. Bartzelonaren kontrako porrotaren biharamunean giroak pil-pilean jarraitzen zuen zale zuri-gorrien artean. Zalaparta handia eta eztabaida sutsuak egon dira azken egunetan epaileak baliorik gabe utzitako Iñaki Williamsen golaren inguruan, Muniainek jokaldiaren hasieran eskuarekin eman ziola argudiatuta. Badirudi haserrea baretzen joan dela, Oier Zarragak esandakoaren arabera.

VARak hartutako erabakiari bueltak ematen jarraitzen duzue aldagelan?

Orduak igaro ahala lasaiago gaude, baina epailearen lana albo batera utzita, pena bat izan zen punturik ez ateratzea. Partida ona egin genuen, azken minutura arte borrokan aritu ginen eta puntu bat lortzea emaitza ona izango zen guretzat. Ikusten duguna da azkenean ez dagoela batere argi noiz den eskua, noiz ez den. Partida gehiegitan errepikatzen den kontua da. Egia da eskua izan zitekeela, baina aldi berean epaileak jokatzen jarraitzen utzi zezakeen. Hala ere, dagoeneko ez du axola.

Azken asteetan Bartzelonak epaileen arduradun nagusietako bati dirua ordaintzen zioela ezagutu izanak giroa nahastu zuen partidan zehar. Athleticen kaltetuak sentitu izan zarete epaileen lanarengatik?

Guk ez diogu kontu horri jaramonik egin. Hori jendearen gauza da gehiago. Bartzelonaren arazoa da, eta ikusiko da zer gertatzen den. Guretzat partida oso garrantzitsua zen, puntuak behar genituelako. Orain arte ez dugu arazo handirik izan epaileekin, eta gure kexa partida horretara mugatuko nuke.

Sailkapena ikustean nora begiratzen duzue? Europara sailkatzeko postuak bost puntutara dauden arren, atzetik gero eta hurbilago daude aurkariak.

Gu baino gorago daudenek, Rayok eta Osasunak, edo Vila-realek, azken jardunaldian ez dute irabazi eta gertu gaude. Denboraldi hasieratik gure helburua Europara sailkatzea da. Horregatik, Valladoliden kontrako partida oso garrantzitsua da bide horretan aurrera egiten jarraitzeko. Dena eman behar dugu zelaian, hiru puntuak lortu eta Europako postuetara hurbiltzeko. Azken jardunaldian beheko taldeek ere puntuak eskuratu dituzte eta hurbiltzen ari dira; baina ez dugu beherantz begiratzen, Valladoliden irabaztea da buruan daukagun kontu bakarra.

Taldearen ibilbidea gorabeheratsua izaten ari da. Txapeldunen Ligako postuetan egotetik Munduko Txapelketaren ostean puntu gutxien lortu duen taldeetako bat zarete. Zein azalpen eman daiteke?

Munduko Txapelketara arte oso ondo egon ginen. Etxetik kanpo garaipenak lortu genituen eta 24 punturekin joan ginen etenaldira. Lehiaketa berrabiatutakoan joko eta sentsazio aldetik nahiko ondo egon garela esango nuke, baina egia da emaitzak ez ditugula lortu, ez etxean ez kanpoan. Irregulartasun horrek eragin du puntu askorik ez ateratzea bigarren itzulian.

Zer falta da?

Adibidez, Osasunaren eta Real Madrilen aurka partida onak egin genituen San Mamesen. Hala ere, ezin izan genituen partidak irabazi, erremateak egiterakoan edo jokaldiak bukatzerakoan ez ginelako zehatzak izan erasoan. Gure helburuak ahalik eta aukera gehien egitea izan behar du, eta ondoren horiek baliatzea partidak aurrera ateratzeko.

Denboraldi hasieran emaitza onak lortu zenituzten Vesgak, Sancetek eta Muniainek osatutako hirukoarekin. Gero Valverdek aldaketa ugari egin ditu zelai erdian. Joko ereduaren inguruan zalantzak daudela ematen du.

Nik uste, zalantzak baino, gertatzen dena da zelai erdian joka dezakegun jokalariek ezaugarri ezberdinak ditugula eta, partidaren arabera, etxean edo kanpoan jokatu, entrenatzaileak estilo bateko zelai erdi bat aukeratzen duela. Guk ez dugu ikusten zalantza bat bezala, aukera ezberdinak daudela erakusten digu. Jokalari bakoitzak bere dohain eta gaitasunak ditu, eta entrenatzaileak partidaren arabera aukeratzen du zelai erdia. Beheko taldeek baloia uzten dizute eta erasokorragoa izan zaitezke. Goian daudenek baloi jabetza gehiago izaten dute, eta orduan oreka gehiago behar izaten da.

Taldearen errotazioan toki bat zeureganatu duzula esan al daiteke?

Aste barruan beti pentsatzen dut hasieratik jokatuko dudala, eta horretarako lan egiten dut. Gero agian minutu gehiago jokatzea espero dezakezu. Baina futbola horrelakoa da. Ondo zaudela pentsatzen duzunean, batzuetan ez duzu jokatzen, eta egin behar duzuna da lanean jarraitu entrenatzaileari zalantzak sortzeko eta zugan konfiantza izateko.

Nola eraman duzu partida onak egin eta gero jokatu gabe geratzea?

Entrenatzaileak espero duen partidaren arabera egiten du hamaikakoaren aukeraketa. Nik beti jokatu nahiko nuke. Baina ezin bada, aulkian itxaron eta prest egon behar da irteten zarenean ahalik hobekien egiteko.

Pausoz pauso, gero eta gehiago jokatzen ari zara.

Pixkanaka-pixkanaka hobetzen ari naiz nire jokoan, eta ni neu sentitzen zelaian. Uste dut erakutsi dudala Lehen Mailan eta Athleticen jokatzeko prest nagoela eta aukera dudanean ondo egin dezakedala.

Zergatik uste duzu ezin izan duzula hamaikakoetan egonkortu?

Lehen taldera iritsitakoan ez nintzen neure buruarekin eroso sentitzen. Horrek kalte egin dit. Sentsazio onak nituen, baina beste bati postua kentzeko bera baino hobeto egon behar duzu. Denboraldi honetara arte egia da ez naizela nire mailan egon. Orain ondo sentitzen naiz, maila onean.

Zergatik diozu ez zinela eroso sentitzen?

Nire buruarekin neukan borroka. Ikusten nuen futbolez baino mentalki, buru aldetik, ez nengoela prest. Bilbao Athleticen nintzen jokalaria eta lehen taldera igo zena ez zirela berbera iruditzen zitzaidan. Ikusten nuen ezin nuela nire maila onena eman eta deseroso sentitzea eragiten zidan. Oso autokritikoa naiz nire buruarekin, eta asko hausnartzekoa; egiten dudan guztia etxera eramaten dut. Eta itsututa nengoen. Pentsatzen nuen bakarra zen ezin nuela nire maila eman edo entrenatzaileak eskatzen zidana bete. Garbigailu bat bezalakoa zen, gauzei bueltak eta bueltak ematen buru barruan.

Psikologoekin landu izan duzu egoera eraldatzeko?

16 urte nituenetik psikologoekin aritu izan naiz. Gero eta arruntagoa da futbol munduan. Nire ordezkarietako bat psikologoa da, eta beraiekin lanean hasi nintzenean ikusi zuen errendimendua hobetzeko aukera bat zela. Laster konturatu nintzen teknikoki edo taktikoki hobea izateko gako nagusia psikologikoki ondo egotea zela. Bestela, gainerakoak ez du funtzionatzen. Asko lagundu dit. Batez ere, nire izaerarengatik. Lotsatia eta barnekoia naiz eta buelta asko ematen dizkiot buruari.

Aipatu duzu ez zinela Bilbao Athleticen bezala sentitzen lehen taldean. Joseba Etxeberreriarekin zeneukaten joko eredua eta Garitanok edo Marcelinok erabiltzen zutena ez zen berdina. Eragin izan du entrenatzaile bakoitzak eginkizun ezberdinak eskatzeak?

Nik uste dut postu ezberdinetara molda naitekeela. Barrutik zein hegaletik joka dezaket. Eta hegaleko atzelari moduan ere egin ahalko nuke, beharrik egongo balitz. Bilbao Athleticeko garaiarekin gehien parekatu daitekeen jokoa orain egiten ari garena da. Horrek ere eragina izan dezake, gero eta erosoago egoteko eta ni neu izan ahal izateko. Antzeko eredu bat da. Baina ez dut uste joko ereduaren edo sistemaren arazoa izan zenik Garitanorekin edo Marcelinorekin izan nituen zailtasunak. Sistemak aste barruan landu daitezke eta moldatu zaitezke Lehen Mailako jokalaria izan nahi baduzu. Kontua da ni neu ez nintzela neure buruarekin eroso aurkitzen.

Kontratua amaituko zaizu denboraldi bukaeran.

Nire ordezkarien eskuetan utzi dut. 10 urtetatik nago Athleticen. Ez neukan helburu bezala lehen taldera heltzea, eta nik uste horrek ahalbidetu duela gora iristea. Etapa guztietan gozatu dut jokalari bezala. Betidanik joan izan naiz San Mamesera, eta guztiz identifikatuta nago klubarekin. Ni Athleticekoa naiz umetatik, maite dut, eta harro sentiarazten dit elastiko hau defendatu ahal izateak. Gertatu zaidan onena dela esan daiteke.