Jon ORMAZABAL
PILOTA

Buruz Burukoaren lehen zirriborroa prest dute enpresek

Aspen Peio Etxeberriak eta Danel Elezkanok atariko bat jokatuko dute martxoaren 24an, Larraintzarren. Eta Baikon gauza bera egingo dute Asier Agirrek eta Jon Alberdik, Villar de Arnedon.

Etxeberria eta Elezkano elkarren aurka ariko dira.
Etxeberria eta Elezkano elkarren aurka ariko dira. (Jon URBE | FOKU)

Binakako txapelketa bere azken fasean sartzen ari den honetan -lehen finalisten izenak ezagutu ditzakegu asteburuan, Iruñeko eta Eibarko emaitzen arabera-, Aspek eta Baikok ez dute ahaztu apirilaren bederatziko asteburuan hasiko den Buruz Burukoa prestatzea, eta momentuz urteko zitarik garrantzitsuenaren zenbait zertzelada jakitera eman dituzte. Binakakotik kanpo geratu diren pilotari batzuk dagoeneko hasi dituzte Manomanistari begirako entrenamenduak, eta enpresa bakoitzaren atarikoak jokatu behar dituzten pilotariek badakite noren aurka eta non jokatu beharko duten hil edo biziko kanporaketa hori.

Horretan bi enpresak bat etorri dira eta hurrengo ostirala, martxoak 24, izango da euren azken parte hartzaileak erabakitzeko azken eguna. Baikok arratsaldez egingo du kanporaketa, Errioxako Villar de Arnedon, 18.00etan. Han Asier Agirre eta Jon Alberdi arituko dira nor baino nor. Bilboko enpresak, gainera, argi esan du kanporaketa honetako garaileak lehen mailako Buruz Burukoan jokatuko duela eta 22ra heldu ezinik geratzen denak Promozio mailakoarekin konformatu beharko duela.

Aspek, aldiz, bere atarikoa Larraintzarrera eramango du, eta han etxean arituko den Peio Etxeberriak eta Danel Elezkanok jokatuko dute. Ez dirudi kasu honetan galtzaileak Promoziokoan jokatzearen koltxoirik izango duenik.

Printzipioz, enpresek iazko eskema berbera errepikatuko dutela ematen du, hau da, final laurdenetan ligaxka batekin; baina aurten egutegi aldetik arinxeago dabiltza, eta iaz izan ziren partidak jokatzeari uko egiteak ekiditeko asmoz, oso litekeena da tartean pilotariek atseden gehiago izan dezaten aukeraren bat ahalbidetzea.

SEINA PILOTARI

Hala bada, enpresa bakoitzak seina pilotari aurkeztuko lituzke txapelketara, eta lehen jardunaldian final zortzirenetako lau kanporaketa jokatuko lituzkete, lau zerrendaburuek izan ezik -Laso, Ezkurdia, Jaka eta Altuna-, gainerako parte hartzaileek.

Izenei dagokionez, Aspen Elezkanok eta Peio Etxeberriak atarikoa jokatuko dutela baieztatuta, badirudi iazko ligaxkan izan ziren bost pilotariek -Ezkurdiak, Altunak, Zabaletak, Dariok eta Rezustak- errepikatuko dutela eta horrela osatuko litzateke seikotea.

Irribarriarik gabe, Binakakoan maila bikaina ematen ari den Aitor Elordi kanpoan geratuko litzateke, atarikoren bat jokatzeko datarik gabe egongo litzatekeelako.

Baikoren kasuan, Lasok, Jakak, Urrutikoetxeak, Artolak eta Peñak ziurrak dirudite, eta seikotea atariko irabazleak osatuko luke.

Kasu honetan, azkenaldian itxura bikaina ematen ari den Larrazabal geratuko litzateke hautatuen zerrendatik kanpo.

GALARRETAN, EGUERDIZ

Ez saiatzeagatik ez da izango, eta Oriamendiko arduradunek bere jaialdietarako ordutegi egokienaren bila jarraitzen dute. Kontuak horrela, telebistaren interesekin uztartzeko asmoz, gaurko jaialdia eguerdiko 12.00etan hasiko da, proba modura, eta ETB-1ek arratsaldeko 15.10etik aurrera eskainiko du grabazioa.

Lesioen erruz, jokatzekoa zen Berria txapelketako jardunaldia atzeratu egin da eta ordutegi berezi hau estreinatzeko, partida berezia antolatu dute enpresako arduradunek. Urriza-Barrenetxeak, gaur egun jarri daitekeen bikoterik handienak, hirukote baten aurka jokatuko du: Ansa II.a, Ezkurra II.a eta Larrañaga.