Beñat ZALDUA
IPCC-AREN SINTESI TXOSTENA

Bi grafiko eta hitz bat, klima larrialdian nabigatzeko iparrorratz

Astelehenean argitaratu arren, ahaztuta daukagu dagoeneko IPCCren azken sintesi txostena. Zientziak klima larrialdiari buruz dakienaren laburpen zientifiko-diplomatikoa da, munduko gobernuen zigilua daukana. Ezin dute esan egoera ezagutzen ez dutenik, euren sinadura baitauka dokumentuak. Ohiko albiste txarrekin batera, iparrorratz gisa funtziona dezakeen hitz bat ezkutatzen du txostenak.

(Pascal GUYOT | AFP)

Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) seigarren zikloa ibilbidearen amaierara iritsi da. Bost urteko lan eskerga astelehenean argitara eman zuten sintesi-txosten batekin amaitu dute. Laburpena 36 orrialdekoa da, klima larrialdiari buruz dagoen jakintza zientifiko guztiaren destilazio baliotsua. Hitz bakoitzak tona bateko pisua du txosten labur horretan.

Horren jakitun, munduko gobernuek eskua sartu nahi izan dute, eztabaidetara sartzeko baimena daukan Earth Negotiations Bulletin-en kronikak islatu bezala.

Komeni da gogoratzea dokumentu mistoak direla IPCCren txostenak. Ekoizpena zientzialariena da, baina onarpena, gobernuena. Prozesuan, beraz, zientziak bezainbeste pisu dauka diplomaziak. Horrek muga batzuk jartzen dizkio edukiari, baina balio handiagoa ematen dio txostenari, gobernuek adostutako dokumentu ofizial bat delako.

Bi irudi egoeraz jabetzeko

Izaera diplomatiko eta zientifiko horren emaitza hizkera astuna da askotan. Zorionez, zientzialariek testua elementu grafikoekin lagundu ohi dute. Sintesi txostenean badira bi, konbinatuta, inpaktu handia eragiten dutenak. Hemen daude, euskaratuta. Lehenengoak, gaur egungo egoeratik abiatuta (1,1°Cko beroketa), etorkizunerako bost agertoki erakusten ditu. Eta urte desberdinetan jaiotako belaunaldiek jasanen dituzten beroketa mailak azpimarratzen ditu. Bi hipotesi okerrenetan, bizitza planetan goitik behera aldatuko lukeen 4°Ctik gorako beroketa agertzen da. Erdibidekoak 3°Cko beroketa jasotzen du, ez hain apokaliptikoa, baina bai erabat disruptiboa. Azken biek gaur egungoetatik hurbil dauden beroketa-mailak dituzte. Ez litzateke kaltegabea izanen, baina bizitzak egun denaren antzeko zerbait izaten jarraituko luke munduan.

2020an jaiotako ume baten bizitza markatuko duten bost ibilbide posible horien bidebanatze-puntua oraina da. Grafikoaren bertutea da irudi sinple batean islatzea hemen eta orain egiten dugunak erabakiko duela gure seme-alaben edo biloben bizitza. Hautua gurea da, ez haiena.

Bigarren grafikoak adierazten digunez, berotegi-efektuko gasen egungo emisioekin jarraituz gero, hau da, ezer aldatzen ez bada eta emisioak handitzen ez badira -hori asko izango litzateke, daramagun norabidea ikusita-, mende amaierarako 3,2°C igoko litzateke tenperatura. Ez goaz bide onetik, arbaso negargarriak gara.

Iparra erakutsiko duten hitzen bila

Aipatutako ezaugarri bereziak direla eta, IPCC bezalako foroetan “desazkunde” hitza debekatuta dago. Arrazoiz, agian. Andreu Escriva “Contra la sostenibilidad” liburuaren egileak, dio hitz bikaina dela teorian zer behar dugun azaltzeko baina kaltegarria dela behar dugun hori komunikatzeko. Antigorputzak sortzen ditu ekologismoaren esparrutik kanpo, urtikaria, subkontzientera krisia eta atzeraldia ekartzen ditu, eskubideen eta ongizatearen galera. Escrivak jasangarritasunaren aurka ere jotzen du; ez da alternatiba. Hitza esanahiz hustu dute, edozein gauza izendatzeko balio du eta. Horregatik, dagoeneko ez du ezer esan nahi. «Ez du balio klima larrialdia nabigatzeko, iparra norabide guztietan markatzen duen iparrorratz matxuratua delako», azaltzen du Escrivak. Jasanezina den sistema eraitsi ordez, horri eustea bilakatzen du helburu.

Hitz baten bila dabil Escriva, iparrorratz izateko balioko duena. IPCCren sintesi-txostenak proposamen bat daukala dio: “nahikotasuna” (jatorrian, sufficiency). NBEko adituen panelak honela definitzen du nahikotasuna: «Energiaren, materialen, lurraren eta uraren eskaria saihesten duten eta, aldi berean, planetaren mugen barruan giza ongizatea ematen duten eguneroko neurri eta jardunbideen bilduma».

Bizimodu nahikoa (bizitza doia?), neurrikoa, gida ona izan daiteke. Ontzat, duintzat eta dezentetzat jotzeko behar dena daukan bizitza, eta aldi berean, datozenei baldintza berak bermatuko dizkiena.

Gehiengoak ez du munduan baleko bizitzarik gaur egun. Gutxienek gehiegizko bizitza bizi dute, energia-kontsumoari eta materialei dagokienez. Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko plan orok kontuan izan behar du desoreka hori. Timothee Parrique zientzialari sozial frantziarrak oso modu ulergarrian hitz egiten du asetasun-atalaseari buruz.

IPCCk berak aurreko txosten batean aitortu zuenez, «muga batetik harago, materialen kontsumoaren hazkundea ez dago giza aurrerabidearekin lotuta». Easterlinen paradoxa deitzen zaio banantze horri, eta Parriquek hitz sinpleekin azaltzeko dohaina dauka: nik izebaren etxera joan behar badut eta bizikleta bat ematen badidate, pozik egongo naiz. Hilabete beranduago beste bizikleta bat oparitzen badidate, pozik jarriko naiz, agian batek errepidean lagunduko didalako eta besteak mendiko bideetan. Baina bat-batean beste zortzi bizikleta jarriko balituzte nire eskuetan, nire zoriona eta ongizatea ez lirateke milimetro bat handituko. Alderantziz, buruhauste bat izanen nuke hainbeste bizikleta gordetzeko leku bat lortzeko.

Kontsumoaren eta ongizatearen kurbak bereizten diren puntu horrek trantsizio klimatiko justu eta berdinzalearen bidea markatzen du. Milioika pertsonak, batez ere Hegoalde globalean, baina baita Iparralde gero eta desorekatuagoan ere, energiaren eta materialen kontsumoa handitzen jarraitu behar dute atalase hori lortzeko, bizimodu duinaren langa gurutzatzeko. Horretarako, eta etorkizuneko belaunaldiek ere hori egin ahal izanen dutela bermatzeko, aberatsenek -elite kutsatzaileak, Dario Kennerren hitzetan- kontsumoa izugarri eta berehala murriztu behar dute. Hori egitera behartzea litzateke, ziurrenik, arbaso ona izatea.