Zuriñe IGLESIAS
ZARAUTZ
Elkarrizketa
GORKA aRANBERRI
Urdaibaiko patroia

«Denboraldi batean guztiek dituzte gorabeherak, kudeatzean dago gakoa»

Iaz “Bou Bizkaia” ontziak irabaztea «nahitaezkoa» zuen; aurten, berriz, helburua joan den denboraldian lortutakoa «berdintzea» da, Aranberri (Zarautz, 1987) Urdaibaiko patroiaren hitzetan. Azken bi denboraldietan «asko gozatu» omen du eta jada 19. sasoia egingo du ACT ligan. Gutxiren eskuetan dagoen palmaresa du: lau liga eta zazpi Kontxako Bandera.

(Jon URBE | FOKU)

Azken urteetan «asko gozatzen» eta «bideaz disfrutatzen» ari da Gorka Aranberri lemazaina. Iaz Eusko Label liga eta Kontxako Bandera irabazi zituen Urdaibairekin, eta aurten ere espero du hori lortzea. 2017an Oriorekin irabazitako Kontxako Bandera «beti gogoratuko» duen lorpena da, azkena izan zelako, eta «erakustaldia» eman zutelako. Etorkizunean ez du ikusten bere burua joan-etorriak egiten; bai, ordea, «agian» etxe inguruko traineru batean.

Nola doa denboraldiaurrea?

Nahiko sentsazio onak izan ditugu. Hasieran berandu hasi ginen aurreko sasoia nola joan zen ikusita, aurreko postuetan egoteko estres dezente izan baikenuen estropada guztietan, eta entrenatzaileak atseden hartzeko astebete gehiago eman zigun. Inoiz baino beranduago hasi ginen entrenatzen, azaro bukaeran hain zuzen ere, eta kostatu zaigu taldeko dinamika hartzea. Alde horretatik, Urdaibai talde arraroa da, kanpoko jende asko gaudelako, eta konfiantza izan behar duzulako bakoitzak bere kabuz ondo egingo duela lana. Hasiera pixka bat zaila izan da, baina behin martxa hartuta, entrenamendu oso onak egin ditugu, eta gustura gaude egindakoarekin.

Nola helduko diozu sasoiari?

Urte guztietan hasiera diferenteak izaten dira. Urtea bukatzen duzunean buruak deskantsu pixka bat eskatzen dizu familiarekin egoteko. Gainera bi alaba ditut, eta emaztea haurdun dago. Zaila da erabakia hartzea, badakizulako urte osoan zehar zein lotuta ibiliko zaren. Baina behin hasita, ilusioarekin ekiten diozu. Azken bi urteetan, bai Santurtzin bai Urdaibain, asko gozatzen ari naiz, baita entrenamenduetara joaten ere. Bideaz disfrutatzen ari naiz, eta erabakia hartzea ez zait kostatu familiaren laguntza dudalako.

Neguko traineruen jaitsieretan parte hartu duzue. Zer sentsazio izan dituzue?

Sentsazio onak izan ditugu; Pedreñakoan, Castrokoan eta Oriokoan parte hartu dugu. Pixkanaka joan gara gure maila igotzen, eta entrenamenduetan hartzen joan garen maila estropadetan kalkatzen. Alderdi horretatik gustura gaude, entrenamenduetan egiten duzuna zaila izaten delako estropadetan islatzea.

Iaz «nahitaezkoa» zen irabaztea; aurten ere hala da?

Aurten helburua berdina da: pasa den denboraldian lortutakoa berdintzea. Eta berdintzeak esan nahi du liga eta Kontxa irabaztea, eta ahal bada ligan iaz baino estropada gehiago irabaztea. Erraz esaten da, orain bost segundoan esan dizut, baina hori egiteko zorte puntu bat behar da, eta gauza guztiak ondo atera behar dira. Denboraldi batean talde guztiek dituzte gorabeherak, eta horiek kudeatzean dago gakoa, sasoia luze joango baita. Ilusioarekin gaude, badakigu zer lortu nahi dugun, jende profesionala gara, eta uste dut lanak ondo egiten baditugu hor ibiliko garela.

Palmares bikaina duzu. Horietatik kutunen bat ba al duzu?

Urte bakoitzean bizi izan duzuna desberdina da. Aurrenekoa lehena izan delako, bigarrena errekorra hautsi genuelako, hirugarrena atzetik hasi eta aurrea hartu genuelako, laugarrena Oriorekin irabazi nuelako eta erakustaldia eman genuelako... bakoitzak bere xarma du. Beti gogoratuko den zerbait da Oriorekin irabazitako Kontxa; azkena izateagatik eta irabazi genuen moduagatik. Estropada horretan bi taldek errekorra hautsi zuten lehen igandean; Urdaibaik eta Hondarribiak, eta bi horiei irabazteko egunak honelakoa izan behar zuen: sekulako itsasoa eta gauzak ondo ateratzea, eta dena atera zen gidoian idatzita zegoen bezala. Jende askoren oroitzapenean geratuko da, baita nirean ere.

Luzaroan ikusten duzu zeure burua arraunean?

Urtetik urtera noa. Aurten asko kostatu zait banekielako emaztea haurdun zegoela, baina hitz eginda bide bat aukeratu dugu eta saiatuko gara ahalik ondoen eramaten. Etorkizun batean ez dut ikusten neure burua joan-etorriak egiten. Etxe inguruko talde batean, ordea, agian bai. Baina orain denboraldi honetan jarria dut arreta osoa, eta hori amaitzean familiari neurria hartuko diot, eta ikusiko da.