Mitxel ELORTZA
KOLABORAZIOA

Euskararen argi-ilunak agerian

VII. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzak argitaratu dira. Lehendabizi Nafarroakoak argitaratu ziren eta duela astebete, EAEkoak. Ipar Euskal Herrikoak ere laster argitaratuko dira. Gaurkoan EAEko datu esanguratsuenen ondorioak dakarzkizuet. Bost multzotan sailkatu ditut aipatu beharrekoak: ezagutza, hiztunen sakabanaketa, euskaldunen erraztasuna, gurasoen transmisioa eta hizkuntza jarrerak.

Hizkuntza gaitasunari dagokionez, EAEko hamasei urtetik gorako %36,2 euskalduna da. Bost urtean 2,3 puntu hazi da euskaldunen ehunekoa, ia 50.000 hiztun gehiago. Lurraldeka, euskaldunak %22,4 dira Araban, %30,6 Bizkaian eta %51,8 Gipuzkoan. Euskaldun hartzailea da bost biztanletik bat. Duela bost urteko datuekin alderatuta, euskaldunak 3,2 puntu hazi dira Araban, 3 puntu Bizkaian eta 1,2 puntu Gipuzkoan.

Gune soziolinguistikoei erreparatuz gero, euskaldunen banaketa asko aldatu da azken 30 urtean. 1. gune soziolinguistikoan (euskaldunak %25 baino gutxiago) euskaldunen herena bizi da, duela 30 urte baino hamahiru puntu gehiago. 3. gune soziolinguistikoan sei puntu jaitsi da; eta 4.ean, ia hamar puntu. Hau da, arnasguneetan euskaldun gutxiago bizi da, eta gune erdaldunduetan, gero eta gehiago. Euskaldun gero eta gehiago gara, baina sakabanatuago gaude. Eta horrek erabilerari eragiten dio, noski. Horregatik da horren garrantzitsua gune erdaldunduetako euskaldunak saretu eta ez sakabanatzea. Haur euskaldunen kasuan berebiziko garrantzia du egoerak.

Erraztasunari dagokionez, euskaraz errazago moldatzen diren euskaldunak zazpi puntu jaitsi dira 30 urtean. Erdal elebidunak, aldiz, 6 puntu igo dira. Lurraldeka, Araban euskaldunen %8,5 baino ez da hobeto moldatzen euskaraz gaztelaniaz baino, Bizkaian ia %20a eta Gipuzkoan %38,7a. Erdal elebidunen nagusigoa ikusita, errazago uler daiteke erabilera eta ezagutzaren arteko arrakala. Hiztun gazte euskaldun gehiago dago, baina hiztun hauek hobeto moldatzen dira erdaraz.

Gurasoen transmisioari dagokionez, guraso biak euskaldunak direnean transmisioa ia bermatuta dago. Gurasoetako bat bakarrik denean euskalduna, aitzitik, transmisioa dezente jaisten da: 16-34 urte arteko %57,4k jaso du euskara, 35-64 urte artekoen artean %50,8k baino ez, eta 65 urtetik gorakoen artean, laurdenak. Guraso biak euskaldun berriak direnean %29k erdaraz baino ez die egiten nahiz eta euskaraz jakin.

Azkenik, hizkuntzarekiko jarrera eta atxikimendua aipatu nahi ditut, datu kezkagarriak azaleratu baititu inkestak: EAEko biztanleen %22,7k ingelesa ikastea euskara ikastea baino garrantzitsuagoa dela uste du, eta %24,8ri berdin zaio. Irrati eta telebistan ere euskara gehiago izatearen aldekoak erdiak baino ez dira, eta %22,7k ez du euskara gehiago nahi.

Laburbilduz, ezagutza aurrera doa, hiztun gero eta gehiago gune erdaldunduetan sakabanatuta bizi gara, eta gero eta euskaldun gehiago garen arren, euskaldun horiek hobeto moldatzen dira gaztelaniaz. Euskararekiko atxikimendua jaitsi egin da, eta ingelesa bezalako hizkuntzak euskararen aurretik lehenesten dituztenak gero eta gehiago dira.