Asier ROBLES
BIILBO

Alzateren ilustrazioak eta «Irati» filmeko zirriborroak, «Mitologika» erakusketan

Raquel Alzate ilustratzailearen «Mitologika» erakusketa doan bisitatu ahal izango da Bilboko Abando-Barrainkuako Udaltegian, maiatzaren 12ra arte. Horrez gainera, Paul Urkijoren eta Nerea Torrijosen marrazkiak eta zirriborroak ere izango dira, «Irati» filmeko pertsonaiei buruzkoak.

Bilboko Barrainkua Udaltegian dago ikusgai ‘‘Mitologika’’ erakusketa.
Bilboko Barrainkua Udaltegian dago ikusgai ‘‘Mitologika’’ erakusketa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zugarramurdiko sorginak, Mari jainkosa, Sugaar, Lamiak, Ortzi, Gaueko, Jentilak, Basajaun... mendeetan belaunaldiz belaunaldi transmititutako ehunka kontakizunen bidez iruditerian egon diren euskal mitologiako pertsonaiak dira Raquel Alzate (Barakaldo, 1972) ilustratzailearen ‘‘Mitologika’’ erakusketaren protagonistak.

llustrazioen erakusketa honek antzinako izaki mitologikoei buruzko ikuspegi irudimentsu eta garaikidea ematen du. Gainera ‘‘Irati’’ filmeko pertsonaiei buruzko Paul Urkijoren eta Nerea Torrijosen marrazkiak eta zirriborroak ditu osagai gisa.

Erakusketa doakoa da eta Bilboko Abando-Barrainkuako Udaltegiko erakusketa aretoan maiatzaren 12ra bitarte ikusi ahal izango da 8.30etik 21.30era.

FANT jaialdirako motorrak berotzeko, Bilboko Udalak antolatu du erakusketa hau. Bizkaiko hiriburuko Zinemaldi Fantastikoak bere 29. edizioa egingo du maiatzaren 5etik 13ra. ‘‘Mitologika’’ erakusketaren aurkezpenean FANTeko zuzendari Justo Ezenarrok eta erakusketaren ilustratzaile eta sortzaile Raquel Alzatek parte hartu zuten atzo.

Raquel Alzate 1995ean Arte Ederretan lizentziatu zen UPV/EHUn. Haurrentzako ilustrazioaren eta testuliburuen arloan hasi zuen ibilbide profesionala, eta, ondoren, dekorazio enpresetarako formatu txiki eta handiko figurak eskulturan eta modelatzean aritu zen, publizitate ilustrazioarekin batera. 2001ean eta 2002an, Astiberrirekin batera, euskal mitologiari buruzko bi ilustrazio liburu argitaratu zituen, ‘‘Mitologika’’ sailekoak. 2005ean, Luis Duranen gidoiaz, ‘‘Cruz del Sur’’ albuma ere argitaratu zuen Astiberrirekin.

Komiki aldizkarietan kolaboratzen du (‘‘Tos’’, ‘‘Dos Veces Breve’’, ‘‘BD Banda’’ eta ‘‘Humo’’, besteak beste), eta beste zenbait album kolektibotan ere parte hartu du, hala nola ‘‘…de ellas’’ (Edicions de Ponent), ‘‘El secreto de Alhondiga Bilbao’’ (Alhondiga Bilbaok argitaratua), ‘‘Historias del olvido’’ (Dolmen) eta ‘‘Cortocuentos 2’’, (Astiberri, 2012). Rodolphe gidoilari frantsesarekin batera, ‘‘La Ciudad de Ys 1. La locura de Gradlon’’ egin du frantziar Estatuko merkaturako, eta ‘‘La Ciudad de Ys 2. La morgana roja’’ (Astiberri, 2013) ‘‘Navegante en tierra’’ da bere komiki berria.

Beste jarduera batzuk

Deustuko Liburutegiak apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean ‘‘Mitologia, sorginak eta magia’’ erakusketa hartuko du, gai horiei buruzko material batzuekin, hala nola liburuak, komikiak, filmak edo CDak.

Gainera, Begoñako Liburutegiak ‘‘Sugaar eta munduko dragoiak (Kobazuloetatik liburutegietara)’’ hartuko ditu maiatzaren 5etik 25era bitartean, eta hemen, dragoiek literaturan, komikian, zinean eta musikan utzitako arrastoak jarraitzera gonbidatuko da publikoa.

Azkenik, FANT Jaialdiak ‘‘Sin Título’’ erakusketa inauguratuko du, Daniel Esteves Bilbao FormARTEko artistaren ilustrazioekin, Vía de Fuga Cafe-n, maiatzaren 1etik 31ra. Daniel Esteves Alonso (Bilbo, 1998) FormARTE Bilbon hasi zen 2017an praktika artistikoan eskolaz kanpoko jarduera gisa. «Artista oso zorrotza da bere lanarekin. Marrazkia, perspektiba eta kolorea menderatzen ditu eta, horri esker, lan birtuosoak egin ditzake, irudimen agortezinarekin eta ironia fantastikoarekin», adierazi dute antolatzaileek.

FANT Jaialdiaren aurrekari, apirilaren 28an, 19.00etan, FNAC Bilbaon, Jon Mikel Bañales DC Comics-eko ilustratzailearekin topaketa bat antolatu dute.

Hurrengo egunean, apirilaren 29an, 16.00etatik 20.30era, Euskal Mitologiaren inguruko rol saio bat antolatu da La Perrera Udal Eraikinean, eta euskaraz izango da.