GARA
EDINBURGO

Sturgeonen senarra atxilotu dute, SNPren finantzaketaren ikerketan

Eskoziako Poliziak Peter Murrell atxilotu zuen atzo, Nicola Sturgeon lehen ministro ohiaren senarra eta Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) buru exekutibo ohia, alderdian izandako ustezko irregulartasunak ikertzen ari den operazioan.

Sturgeon eta Murrell, artxiboko irudi batean.
Sturgeon eta Murrell, artxiboko irudi batean. (Robert PERRY | AFP)

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohiaren senar Peter Murrell atxilotu zuten atzo goizean, Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) finantzaketari buruzko ikerketaren barnean.

“The National” egunkariak jakinarazi zuenez, goizean poliziek ez zuten atxilotuaren nortasuna ezagutzera eman, baina 58 urteko gizon bat atxilotu dutela esan zuten, eta Eskoziako hedabide gehienak Murrell delakoan zeuden, baita BBC ere.

Eskoziako Poliziak baieztatu zuenez, alderdiaren buru exekutibo ohia galdekatu zuten beste etxebizitza batzuetan miaketak egiten zituzten bitartean. Besteak beste, partiduaren egoitzan eta Sturgeon eta Murrellen etxebizitzan, adierazi zuen BBCk.

SNPk bigarren independentzia erreferendumaren alde kanpaina egiteko aurkeztutako dohaintzetan 600.000 libera erabili zituelako salaketak jaso ondoren hasi zuen Poliziak ikerketa, “The Guardian” egunkariaren arabera. Dirua alderdiaren eguneroko gastuetarako erabili omen zen.

Atxiloketaren berria zabaldu zen bezain laster, SNPk ohar bat igorri zuen. Bertan adierazi zuenez, «ez litzateke egokia izango» abian dagoen polizia ikerketa bati buruz hitz egitea, baina argitu nahi izan zuen alderdia «ikerketa horretan bete-betean laguntzen» ari dela eta egiten jarraituko duela aurrerantzean.

Alderdiak gaineratu zuen SNPko zuzendaritza organoak «gobernantza eta gardentasuna» berrikustea adostu zuela asteburuan, eta datozen asteetan egingo dutela.

Dimisioak

Joan den hilean, Peter Murrellek dimisioa aurkeztu zuen Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) zuzendari exekutibo gisa, alderdiko Exekutibako kideek zentsura botoa eman zezaketelakoan. 1999tik zeukan kargu hori.

Murrellen ukoa berehalakoa izan zen, eta alderdiaren finantzaketan ustezko irregulartasunak jakin zirenean eta afiliatuen kopuruak behera egin zuenean jakin zen.

Sturgeonek ere joan den otsailean aurkeztu zuen dimisioa ministro nagusi eta SNPko buruzagi gisa, arrazoi zehatzik eman gabe; ustekabean iritsi zen bere kargu uztea. Horrek barne hautaketari bide eman zion, Humza Yousaf hautagai kontinuistari garaipena emanez.

Gogoratu behar da 2021eko maiatzean Douglas Chapman alderdiaren diruzain nazionalak karguari uko egin ziola, urtebete baino gutxiago zeramanean, bere zereginak betetzeko «beharrezko finantza informazioa jaso ez zuela» argudiatuz.