Jon ORMAZABAL
PILOTA

Danel Elezkano edo taldeko aktoreen lanaren garrantzia

Bizkarrean zamarik gabe, Zaratamoko aurrelaria atarikoan baino askoz biziago aritu zen eta kamuts ibilitako Artola bati gailendu zitzaion Bastidan.

Danel Elezkano, pilota boleaz astintzen.
Danel Elezkano, pilota boleaz astintzen. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Ez dakit oso bidezkoa den txapelketan horrela sartzea, baina gauzak horrela dira eta nik nire lana egitea besterik ezin nuen egin», aitortu zuen Danel Elezkanok Bastidako partida amaitu eta berehala, duela aste pare bat Peio Etxeberriaren aurka galdutako atarikoa buruan. Beste gabeziaren bat beharbada bai, baina zintzotasunik ezin ukatu Zaratamokoari, ez oraingoan bere alde erori den EPELen txapelketa hauen araudiaren malgutasuna onartzerakoan, eta are gutxiago esaldiaren bigarren zatian, beti bezala, egoera zail baten aurrean erabateko profesionaltasuna erakutsi baitu, azken orduan deitua izan ostean, bere enpresari beste poz handi bat emanda. Zabaleta eta Rezusta bezalako bi manomanista handi galduta, bazirudien txapelketa ezker hankarekin hasia zuela Eibarko enpresak -gehitu horri Irribarria bezalako beste espezialista handi baten galera-; baina, ostiral gauez Elordik egindakoaren bidetik, Elezkanok enpresako pilotarien mailari balioa eman zion eta Iñaki Artolari 22-19 gailendu zitzaion.

Show honek beharrezkoak ditu, dagoen egutegiarekin inoiz baino beharrezkoagoak ditu taldeko aktore edo protagonistak ez direnak, eta lan horretarako nekez aurki dezake enpresa batek Zaratamokoa baino hoberik. Sarri esker txarrekoa den arren, paper horrek atzokoan presio guztia kendu zion zamatik eta, motxilarik gabe, libre aritu zen protagonista izatera deitua zen Iñaki Artola baten aurka. Askotan zergatia zein den ondo jakin gabe, badira pilotari batentzat bereziki deserosoak diren aurkariak eta argi dago alegiarrarentzat bizkaitarra horietako bat dela, Lau eta Erdikoan ere harri berarekin tupust egin baitzuen.

BAI BAINA EZ

Eta hori, sakea lagun, Artolak bikain ekin zionik partidari. Lehen pilotakada hori asko aldatuz, 21 pilotakadetan 6-1 aurreratu zen Baikokoa, baina, partida luzatu zen eran, bizkaitarra partidaren jabe egin zen.

Fresko eta eraginkor, jokoa frontisetik gertu erabili zuen bizkaitarrak eta hor aurkaria itotzea lortu zuen.