Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

La Pedrizako muturreko itsaspenak ez du inor epel uzten

Roger Giraltek “Inuit” bidea (8b+) kateatu berri du. Katalanak 7b mailatik 8b+ zailtasunera salto egin du. Bien bitartean, Mateo Gilek (10 urte) “Pelaez de yemas” igo du.

Nahiz eta Euskal Herritik hurbil dugun, La Pedriza (Manzanares El Real, Madril) ez da batere “erakargarria” euskal eskalatzaileentzat. Bisitak jasotzen ditu, baina hango muturreko mailak den-denak uxatzen ditu. Arrazoi ugari daude hori guztia argitzeko. Ez gara luzatuko horiek aipatzen, baina aurreratu behar dugu hemengo eta gure ingurumariko eskalada estiloarekin ez duela batere loturarik.

Zalantza izpirik gabe, La Pedriza alderdi ikusgarria, dotorea eta ederra da. Hots, inguru horretan sakabanatuta dauden harkaitzek eskaladari leku berezia izatera eraman dute. Estiloari dagokionez, oro har, itsasgarritasuna da bere DNA. Ia heldulekurik ez duten plaka etzanak dira (bertakoek “tumbao” deitzen diote), eta oinekin ondo baino hobeto mugitu beharra dago. Dantza berezia da. Gainera, muturreko zailtasuna egin nahi duenak baldintza oso egokiak (batez ere, hotza) aurkitu behar ditu arrakasta lortu nahi badu.

Hitz gutxitan esanda, hori da La Pedrizak aurkezten duen gidoi nagusia. Eta pauta horiei jarraituz, azken bolada honetan pare bat protagonistak egiaztagiri bana aurkeztu dute. Roser Giraltek, adibidez, “Inuit” bidea (8b+) kateatu du. Marra gogor bat igo du, bai, baina eskalatzaile katalan honen ezustea zera izan da: 7b mailatik 8b+ zailtasunera salto egin du. Mateo Gil da bigarren protagonista. Honek “Pelaez de yemas” (8a/a+) sinatu berri du. Giraltek lortutakoa baino samurragoa da, baina aurreratu behar dugu Gilek 10 urte bakarrik dituela. Bitxia bada ere, biek ala biek Risco de la Pesetan jardun dute. Hau da, muturreko bide gehien jasotzen duen sektorean.

Lehenik eta behin, Giralti hitza emango diogu. 39 urteko eskalatzaile katalanak hamabost urte daramatza Madrildik gertu dagoen mendilerroan bizitzen. Aipatu dugun bezala, sektore laiotz horretan “Inuit” eskalatu du. Horri esker, gainera, La Pedrizan 8b+ maila egin duen lehen emakumezkoa bihurtu da. Nahiz eta harkaitz horiek etxetik hurre izan, hasiera batean estilo horrek ez zion asko motibatzen: “Risco de la Peseta ederra da, baina dituen ia bide guztiak gogorrak dira. Gainera, hotzarekin eskalatu behar da”.

Baina bat-batean, Madagaskarrera joateko bidaia batek La Pedrizako granito etzan horretan motibatzera eraman du. Rokodromoan entrenatzen hasi zen; hain zuzen ere, ikasle batek bere entrenamenduak antolatu zituen. Sasoia hartzen ari zenez, La Pedrizara joaten hasi zen. Gogoratu behar dugu Madagaskarreko horma entzutetsuenek estilo bera dutela. Horrez gain, aurreratu behar dugu estilo horretan eskarmentua (eta aholkuak) jasotzeko kide berezi bat ondoan duela: Talo Martin. Katalanaren bikotekide hori muturreko zailtasunean espezialista handia da.

Bikotekidearen aholku bati jarraituz, otsaileko lehen egunetan Risco de la Pesetan dagoen “Vickie el vickingo” bidea (8b) probatzera abiatu zen. Hala ere, ia konturatu gabe, xede hori alde batera utzi zuen; izan ere, kide batzuk “Inuit”-en zeuden eta ekinaldi bat egitea bultzatu zuten: «Ez nekien eskalatzen ari ziren marraren izena, ezta haren maila ere. Probatzea otu zitzaidan, batez ere sentsazioak ikusteko. Bidean sartu eta, oso erraz, katera heldu nintzen soilik atseden batekin. Oinak leher eginda nituen! Jaitsi nindutenean, lagunen erreakzioak nahastu ninduen. Esan zidaten 8b+ zela. Esan dudan bezala, bide hori ez zen nire proiektua, baina ikusita zein ondo eskalatu nuen, fanatismo egoera indartzen hasi zen. Horrela hasi zen “Inuit-eko prozesua”».

Egun horretan ez zuen beste aukerarik izan “Inuit” berriro probatzeko, baina biharamunean Giralt itzuli zen. Bigarren saialdian aurrerapauso handiak lortu zituen. Erorikorik gabe seigarren txapara heldu zen, sekzio gogorrena atzean utzita. Bazirudien eskalatzaile katalanak erronka hori gertu zuela, baina, maiz gertatzen den bezala, prozesua luzatu zitzaion. Burua presionatzen hasi zen, eta aurrerapen horiek eten egin ziren. Kontuan hartu behar da ordura arte estilo horretan egin zuen maila gorena 7b zela. Eta horrez gain, haren benetako modalitatea boulderra da.

Giraltek ere gogora ekarri nahi izan du familiako ardurak (bi alaba ditu) eta lana uztartu behar izan zituela: «Nire bazkideari, adibidez, burua erabat berotu nion. Denbora ateratzeko, eskaladako proiektu batean buru belarri nenbilela esaten nion. Prozesua luzatu zen, baina hilabete eta erdiko “etenaren” ondoren, D eguna iritsi zen. Duela ia hilabete bat izan zen».

Azkenean, arrakasta handi hori erdietsi zuen. «Alabaina, hori baino gehiago prozesua bera izan da gehien bete nauena. Lehenengo egun horretan soka gainetik egin nuen; ondoren, nire oinak dardarka zirela, hainbat ekinaldi egin nituen; pixkaka-pixkaka egoera hori menderatzen joan nintzen; sekuentziak memorizatu nituen; sendo aurkitu nintzen; eta kateatze egunean oso lasai eskalatu nuen. Dantza ederra izan zen».

Amaitzeko, eskalatzaile honek nabarmendu nahi izan du azken urteotan La Pedrizako blokeetan zein bideetan jaso duen eskarmentua oinarria izan dela proiektu hori biribildu ahal izateko: «Niretzat “Inuit” sinatzeak esanahi berezia du. Batez ere erakutsi didalako gai naizela izaera horretako helburuak egiteko, eta bide batez eskaladaren komunitateari demostratzeko xede horiek egingarriak direla. Ama eta enpresaria naiz. Eta ikasi dut nire xedeetarako denbora ateratzea, hots, egin nahi dudanari denbora ematea».

HAMAR URTE

Giralten eta hurrengo protagonistaren artean 29 urteko aldea dago. Mateo Gil izena du, eta hamar urte besterik ez ditu. Katalanak bezala, protagonismoa izan berri du Risco de la Pesetako bide batean. Hain zuzen ere, “Pelaez de yemas”-en. Bai, eskalatzaile madrildarrak 8a/a+ maila duen marra hori kateatu du. Eta berriro diogu, soilik hamar urterekin.

Haur honi dagokionez esan behar dugu La Pedrizako estiloa oso-oso menderatuta duela. Orain dela hilabete bat, adibidez, sektore horretan, “Mater Misericordia” sinatu zuen. Bide horrekin zortzigarren esferan sartu zen, eta aurreratu behar dugu oso ekinaldi gutxi behar izan zituela xede hori biribiltzeko.

“Pelaez de yemas” ere oso azkar egin du; hiru saialdi behar izan ditu. Sasoi hori aprobetxatu eta bi egunera “Llambria” (8a, Cancho de Brezos) eta “Jartum” (7b+) igo zituen. Azken hori, gainera, flash eran.

Haurraren aitak aipatu duenez, semea erabat motibatua dago La Pedrizarekin eta, oro har, eskaladarekin: «Lauzpabost urterekin eskalatzen hasi zen. Rokodromoan entrenatzen du, baina denbora ia gehiena arrokan jarduten du. Torrelodones inguruan asko eskalatu du, eta plaka etzan horiek dira bere espezialitate gogokoena. Gurasook ez dugu inoiz geure semea eskalatzera behartu. Gu ere eskalatzaileak gara. Nolanahi dela, ikusten dugu oso motibatuta dagoela. Beti ari da eskaladako tresneria, gidaliburuak eta bidaiaren bat edo beste eskatzen. Ospe handia duten eskalatzaile ia guztiak ezagutzen ditu, eskalatu behar dituen bideen inguruan informatzen jarduten du… Erabat harrapatuta dago eskaladarekin».