GARA
BILBO
GAZTE TOPAGUNEA

Orainari kantari, boterea erdigunetik apartean daudenei eramateko

Gazte Topaguneak azken eguna izan zuen atzo eta ekitaldi nagusia egin zuten Elorrion. Ernairen proiektua aldarrikatu eta gazte botereari balioa emateko baliatu zuten tartea, «boterea banatu, erdigunean daudenei kendu eta ertzetara eramango» dutela adieraziz. Halaber, feminismotik eta zis-heteropatriarkatua alde batera utzita, herria egiten jarraitzeko hautua azaldu zuten.

Ane Alavak eta Txomin Aiartzak hitza hartu zuten ekitaldi nagusian.
Ane Alavak eta Txomin Aiartzak hitza hartu zuten ekitaldi nagusian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hirugarren eta azken eguna izan zuen atzo Ernairen Gazte Topaguneak. Milaka gazte independentista hurbildu dira egunotan Elorriora eta atzo egin zuten ekitaldi nagusian ere jende andana batu zen. Hunkigarria izan zen ekitaldia, orain artekoari errepasoa eman baitzioten, baina aurrera begira lanean jarraitzeko, betiere. Izan ere, 10 urte bete ditu aurten gazte antolakundeak, eta hain zuzen 10 izan ziren Ernaiko kideek nabarmendu zituzten irakaspenak, urte bakoitzeko bana, alegia.

Halaber, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ere hitza eman nahi izan zioten, helarazitako gutunarentzat tarte berezia eginez ekitaldiaren barruan.

Ondoren, Ane Alavak eta Txomin Aiartzak hitza hartu zuten. Ernaiko kideek gazte antolakundearen proiektua aldarrikatu zuten. «Orainari kantatzen diogu», hasi zuten hitzaldia, azaldu nahian bizi dugun momentu honetan aukera badagoela «dena aldatzeko, lapurtu diguten etorkizuna berreskuratzeko eta berrasmatzeko». Argi utzi zuten «sistema zis-heteropatriarkal kapitalistak» eskaintzen diena ez dutela nahi eta ez diela balio.

Bestelakoa da Ernaik eraiki nahi duen etorkizuna, ekitaldian bertan aditzera eman zutenez: «Guk komunitatean bizi nahi dugu, elkar ezagutu, elkarri lagundu eta elkarrekin eraiki». Horretarako, boterea banatzearen beharra nabarmendu zuten, eta hura «erdigunean daudenei kendu eta ertzetara eramango» dutela baieztatu zuten, aberastasuna banatuz denok askoz hobeto biziko garela sinetsita baitaude. Prozesu independentistan aurrera egiteko «boterearen gune guztiak» hartzearen garrantzia ere azpimarratu zuten, burujabetza kuotak irabaziz, tresnak eskuratuz eta herriaren mesedetan jarriz.

«Aske eta burujabeak» izateko nahia aldarrikatu zuten, inoren menpeko izan gabe bizitzeko Euskal Herrian. Era berean, herri «feminista, euskalduna, auzolanean antolatzen dena, irakasten eta ikasten duena, konspiratzen duena, dantzatzen ere badakiena...» sortzeko bidean «gazte botereak» duen balioa nabarmendu zuten. Asteburu luzean txandak egiten ibili diren guztiei egindako lana eskertzeko ere baliatu zuten abagunea Alavak eta Aiartzak.

«Euskal Herriko zein Frantziar Estatuko espetxeetan bahituta dauden euskal preso eta iheslari politikoei» elkartasuna agertu zieten eta, egin dezaketen ekarpen nagusia dela sinetsita, borrokan jarraitzeko konpromisoa agertu zieten.

Gazteen bizi baldintzei ere heldu zieten Ernaiko kideek, eta sistemak «bizi proiektu duin bat garatzeko aukerarik ematen ez» diela adierazi zuten. Horren aurrean, alternatibatzat aurkeztu zuten ezker abertzalea, «baduelako proiektua». Datozen hauteskundeetan EH Bildu bozkatzeko galdegin zieten gazteei.

Izan ere, gogora ekarri zuten Ernai «sortu zen erresistentzia hutsa aukera bat ez zelako». Eta bidea erraza ez dela jakitun badira ere, lanarekin «dena aldatzea» lortuko dutela azaldu zuten. Ildo berean, gaineratu zuten Ernaik baduela «norabide eta bide orria» eta independentzia, sozialismoa eta feminismoa dituztela «ipar eta helburu».

Militantzia helduleku gisa aurkeztu zuten, «mundu hau aldatu nahi» dutelako, «gure auzo eta herrietatik hasita». Egiten ari diren bidean konfiantza agertu zuten: «Gauza handiak eraikitzeko prest gauden gazteak gara eta mundu ilun honi aurre egingo diogu». Halaber, erasoen aukako jarrera irmoa azaldu zuten: «Kaleak feminismoz beteko ditugu, armairuak lehertuko ditugu eta gure herriaren ateak zabaltzen jarraituko dugu».