Jon GARMENDIA
Idazlea

Boa esperança

Egia erran ez dakit geroari buruzko esperantzarik gelditzen den munduko bazterren batean. Itxaropena pizturik mantentzen duen surik baden herri hartan, edo zuk eredu gisa gaztaroan aipatzen zenidan beste horretan; tira, gauza bera erran nezake gure Euskal Herri kutunarentzat ere, ez baitakit geroaren ilusio horrek oraino dizdiz egiten duen zugan. Eta egia da askotan ekartzen dudala idatzietara esperantza; hitza askotuz joan naiz zahartu arau, ez askatuz; pragmatismorantz hurbildu naiz agian, praktiko bezalakatuz, zahartzeak dakarren esperientziagatik urri sentitzen dudalako ezinbestekoa den dena; ez ausardia eta arriskatzeko grina, baizik ilusioa eta esperantza. Zeri heldu? Gatazken zalantza, eta beldurren ilunaldia izan da beharbada, etxekotu gaituena trintxera modura, «Mode off» itun berri bihurtzeraino. «Zuek utopikook askatuko duzue Euskal Herria», kantutegi bihurtu. Ametsak ez dira eder bihurtzen gauzatzean, baizik irauten duten bitartean. Bartolomeu Dias itsasgizona Cabo da Boa Esperançara ailegatu zen lagunekin, «Ekaitzaren» lurmuturra «Esperantza onekoa» bihurtzeko, «Cape of Good Hope»; baina bidaia latza izan zen, oinazetsua, eta pasatutako arriskuengatik «Cabo das tormentas» deitu zion. Hura igarota, itxaropenaren zigilua erantsi zioten. Begira egondakoek, noski. Historia sortzaile-hiltzaileek. Halere, metaforak balio dit, horregatik kontatzen dizut. Orain artekoa ez da erraza izan, argizpiak daude, ikusi ditugu berriro ernatzen. Ez daitezela itzal.