Maite UBIRIA BEAUMONT

Itsasuko harritik, oldar berri baten aldeko deia

Itsasuko Agiria plazaratu zenetik 60. urtemuga kari, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea suspertzea ekarri zuen adierazpena gogoan, «Euskal Herriaren burujabetza osoa» aldarrikatu zuten belaunaldi eta jatorri ezberdineko herritarrek Itsasun. Mugimendu abertzalea eguneratzeko mugarria izan zen Bagira dinamikak antolaturiko ekimena.

1963ko Aberri Eguna oroitzen duen harritik erronka berriei erantzuteko gai den mugimendu abertzalea sortzea defendatu zuten.
1963ko Aberri Eguna oroitzen duen harritik erronka berriei erantzuteko gai den mugimendu abertzalea sortzea defendatu zuten. (Nahia GARAT)

Bezperan hiru lurraldetako mugimendu abertzaleak abiaturiko eguneratze prozesuari eskainitako gogoetak Aberri Egunaren ospakizunari bide eman zion, atzo, Itsasun.

"Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest!" lemapean antolaturiko ospakizunari hasiera eman zion 11.30ak pasatxo herriko plazatik abiatu zen manifestazioak.

Joaldunen joan-jinek zabaldu zuten Elizalde auzorako ibilbidea eta haien atzetik gazteek ikurrin erraldoia eraman zuten. Mugimendu sozialen ikurrak, herrialdeetako armarriak eta independentziaren aldeko leloak astinduz, sei hamarkada lehenago plazaratu zen adierazpena betikotzen duen oroigarrira heldu zen martxa 12:30ak irian.

Han, Bagira dinamikaren eskutik antolaturiko agerraldian, lau hizlarik «erabakiak inoren esku utzi gabe Euskal Herriaren burujabetza osoa» eskuratzeko engaiamendua berretsi zuten.

Hori da, finean, sei hamarkada geroago «zutik dirauen mugimenduak» gaur Itsasuko Harritik zabaldu duen mezua. Bide batez, Bagira prozesuaren eskutik gaur eta biharko erronkei aurre egiteko xede antolaketa berria sustatzeko gonbidapena lau haizeetara zabaldu zuten.

1963ko agiria plazaratu zenean, Itsasun «militar ohia» zen auzapeza, eta egun abertzaleek kudeatzen dute Herriko Etxea.

Militar ohia auzapez

Mikel Hiribarrenek harridura agertu du «abertzaletasunaren pizkundea gure herrian gertatu izan zelako». Izan ere, berehala aitzina begira jarri zen hautetsia. «Kapitalismo zoroak oreka gehienak zalantzan eman dituen honetan, elkarlanean, Euskal Herri euskalduna eta burujabea» eraikitzeko xedea markatu zuen Hiribarrenek.

Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga markatzeko balio izan zuen ekimen solemne bezain hunkigarria babestuz, hiru lurraldeetatik heldutako 60 lagunek adierazpen eguneratu bat izenpetu dute.

Guztien izenean, 'Izan ginen, bagira, izanen gira’ izenburua duen agiria ezagutzera eman zuten, euskaraz eta frantsesez, Gexan Alfarok, Graxi Etxebeherek, Thibaut Godinek eta Irantzu Idoatek.

Horren aurkezpenean, hizlariek «hirurogei urte geroago, gure borrokaren lekuko den harriak zutik dirau» adierazi zuten. Jarraian, egungo egoerarekin lotura eginez, «Euskal Herria bizirik eta desafio berrien aitzinean dela eta burujabetza lortzeko aukerak zabalik dituela» nabarmendu zuten. Sei hamarkadetako ibilbide horretan «mugimendu abertzalearen oldarra baitezpadakoa» izan dela defendatu zuten hizlariek, Itsasun harturiko konpromisoaren balioa berretsiz. 1963. urtean plazaratu zen Itsasuko Adierazpen horretatik gaur arte mugimendu abertzalea «ikaragarri zabaldu dela» goraipatu zuten. Izan ere, «eraikitzeko sortu ginen, ez erresistentzia hutsa egiteko» ohartaraziz, Euskal Herriak dituen animaleko erronken aurrean «ondoko urteetan ere mugimendu gisa zer lortu nahi dugun» zehazteko tenorea dela defendatzen du agiriak.

Harria oroigarri soila izatetik bide berria eratzeko tresna bilakatu daitekeela agerian jarriz, gizarte eredu baten bidean, mugimendu abertzale berria «ilusioa sortzeko eta perspektiba berriak zabaltzeko» gai izanen dela, konfiantza berretsi zuten amaieran.