EDITORIALA

Ostiral Santuko Akordioa: mugarria eta bide irekia

Ostiral Santuko Akordioa mugarri bat izan zen Irlandan eta, bere ondorioengatik, Euskal Herria bezala askatasunaren alde borrokatzen diren herri guztietan. Hogeita bost urte bete berri ditu, eta bere potentzialaren balioztatzea, ezinbestean, gertaera batetatik abiatu behar da: sinatu zen arte Irlanda iparraldeko gatazkan 3.500 bizitza galdu ziren. Orduz geroztik, hein oso handi batean, odolustea geratu zen. Eta presoak kaleratu ziren. Akordioari egin dakizkiokeen kritika guztiak, nabarmendu daitezkeen ortopedia, inperfekzio eta ez betetze oro, datu horren aurrean oin-ohar huts-hutsa baino ez dira. Bestalde, bakea, definizioz, inperfektua da. Preziatua, hauskorra, tantaz tanta etortzen da. Bizitzeko eta izateko modu berri bat da, bestea onartzea eskatzen du, partekatzea eta engaiatzea, errukia eta errespetua, arriskuak hartzea. Horiek dira bere oinarriak, baina mesfidantzak eta beldurrak errazegi higatzen ditu, ia beti samurragoa baita ohitura zaharretara bueltatzea esperantza berriak elikatu eta betearaztea baino.

Edonola ere, Ostiral Santuko Akordioaren zutabeak sendoak direla frogatu da, erro politiko sakonak dituztela, herritarren gehiengoak onartuak. Aldaketa demokratikoa kudeatzeko arau eta balio batzuk ezarri zituen, aukeren leihoa, Irlandaren birbatzea lortzeko bidea, irekiz. Hautetsontzi batean autodeterminazioa gauzatzeko aldaketa konstituzionalak baimenduz, mendeetan zehar gailendu ziren betoei eta sektakeriei bideak itxiz. Brexita bezalako desestabilizazio saioei ere aurre egin behar izan zaio, baina muinak bere horretan eutsi dio. Are, arriskua aukera bilakatzen jakin da.

Ez, Irlandaren geroa irlandarrek erabakiko duten eguna ez da oraindik iritsi, baina ez dago urruti. Inkestek, hauteskundeetako emaitzek, demografiak, denek begien bistan ematen ari den aldaketa erakusten dute. Hogeita bost urte bete eta gero, zailtasunak gorabehera, etorkizuna argia da. Fase berri bat landuz, autodeterminazioaren ariketaren prestakuntza azkartuz, Irlandaren birbatzearen mugarria hor bertan ageri da. Hori da abertzale irlandarren egitekoa. Ondo prestatu dira erronkarako, ondo erakutsi dute zein den beren neurria.