Joseba Mirena AZKARATE
KOLABORAZIOA

Kontakizun dibergenteak

Azken urteetan, gure historiari, kulturari, hizkuntzari eta abarri buruzko bi kontakizun ongi bereiziak eraikitzen ari direla esango nuke. Alde batetik, «lerro ofiziala» dei dezakeguna, eta, bestetik, azken ikerketetan eta aurkikuntza arkeologikoetan oinarritutako lerroa.

Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak eta Oiz mendian aurkitutako Burdin Aroko aztarna arkeologikoak (historikoki Pirinioetan aurkitutakoen antzekoak) indar gabe uzten dute lerro ofizialaren argudioa; hau da, Euskal Herriko mendebaldean horrelako formaziorik ez egoteak etnia piriniotarra eta bizkaitarra (nolabait esatearren) bera ez zela adierazten duena. Bi aurkikuntza arkeologikoek erakusten digute substratu baskonikoaren teoriak baduela oinarririk. Beraz, esan daiteke Irulegiko eskuaren zein Oiz mendiko aztarnaren aurkikuntzek zaplazteko ederra suposatu dutela teoria berantiarrarentzat (nahiz eta batzuek ez duten onartu nahi), eta deigarria egin zait Irulegiko eskua agertu zenetik (zuzendu nazazue oker banago) ez dela berriro emititu pasarte bat bera ere. Kasualitatea ote? Ala telebistako parrillatik kentzea programatuta zegoen aurretik? Akaso oinarri zientifiko eskasa duelako izango da? Gustura jakingo nuke arrazoia.

Mundu mailako ikertzaile handiek (Hammel, Venneman, Torroni eta abar) lehen mailako aldizkari zientifikoetan argitaratutako artikuluetan (“The American Journal of Human Genetics”, “Scientific American” eta abar) adierazten dute euskal substratuaren teoria aintzat hartzeko oinarria egon badagoela. Hori hala izanda ere, Euskal Herriko zein Estatuko ikertzaile batzuk historialari frankistek sortutako eta helburu ideologikoekin sustatutako oinarri gutxiko teoria defendatzen dabiltza. Jakin nahi nuke «lerro ofizial» hori bultzatzen dutenei zein nazioarteko aldizkari zientifikotan argitaratu dizkieten artikuluak (benetan ez dakit). Harrigarria da batzuk ze endogamiko bihurtzen diren interesatzen zaienean... Ni neu ez naiz zientifikoa, baina ondotxo dakit edozein argudio zein teoriari oinarria emateko ezinbestekoak direla bibliografia, ikerketen erreferentziak eta abar. Oso erraza da esatea «azken ikerketek erakusten digutenez» edo «gaur egungo ikertzaileek adierazten dutenez» eta hain zabal geratzea beste ekarpenik egin gabe. Eta horrek ez du balio.

Kontakizunez hitz egiten gabiltzanez eta gaiarekin zerikusirik baduelakoan, “Irati” filmaren inguruan dudan iritzia adierazi gura dut. Ni neu aho zabalik utzi nau filmak. Paul Urkijok euskarari, emakumeen rolari, euskal mitologiari eta Euskal Herriaren historiari (fikzioa dela kontuan hartuta) eskaintzen dion begirada oso egokia iruditu zait. Oso apustu arriskutsua izan da, baina euskal kultura zabaltzeko balio kalkulaezina izan dezake. Hori uste dut nik, eta denborak esango du...

Astakeria hutsa izango da akaso, baina esango nuke “Irati” filmaren moduko lanek gehiago egin dezaketela euskal kulturaren alde denon poltsikotik ordaindutako telebistako saio dibulgatzaile batzuek baino.