Jose Manuel MARTINEZ eta Eli LAMARKA
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko partaideak
KOLABORAZIOA

Ume zaurgarrien banaketa: kontraesanak agerian

EAEko hezkuntza sisteman dagoen ikasleen banaketa desorekatua ez da eskola-segregazioaren jatorria, bere ondorioa baizik. Beraz, alferrik da saiatzea arazoa konpontzen horretan eraginez, egoera hori sortu duen iturrira jo gabe. Egun hauetan matrikulazioaren inguruan izandako gorabeherak adierazgarriak dira.

Eskola-segregazioa urteetako hezkuntza politiken emaitza da: 1. Kontzertazio erabatekoa eman zaio irakaskuntza pribatuari etapa guztietan legeak markatzen duenaren gainetik; 2. Matrikulaziorako hezkuntza planifikazioak onartu egiten du urtero ikastetxe kontzertatuen plazen gain-eskaintza, eskola publikoan nahikorik egon arren; 3. Ikastetxeek kobratzen dituzten kuota ekonomikoek baimenduak izaten jarraitzen dute, legez kanpokoak izan arren. 4. Kontzertatzea eskatu duten ikastetxe pribatu guztiek baiezkoa jaso dute, haien ezaugarriak edozein izanda ere.

Laburtuz, Administrazioak urteak daramatza «zelaia» libre uzten, kontzienteki politika liberalak erabiliz, alegia. Hamarkadak daramatzagu plazen eskaintza eta irakaskuntza osoa merkatuko logika hutsaren arabera utzita, irakaskuntza pribatuari bere zabalkunderako bideak errazten eta, ondorioz, segregazioa sortzen.

Horren aurrean edo kontran, familia ahulenen umeak banatzea alferrikako neurria da. Desberdinen arteko bizikidetzaren alde jokatuko bada, egoera zaurgarrian ez dauden ikasleen banaketa ere gauzatu beharko litzateke. Ikasle zaurgarriak banatzea, eta ez ikasle guztiak, eraginkorra ez izateaz gain, neurri diskriminatzailea da, desberdintasunak sortzen ditu eta estigmatizatzeko arriskua dakar, ikasle horiek merkantzia bihurtuta. Eskola publikoan ez dago inor sobera; ez dugu umerik banatu nahi, guztiak eskolatu nahi ditugu. Sintoma ez da konpontzen jatorrira jo gabe. Hala adierazi genuen otsailean Bilbon eman genuen prentsaurrekoan: «Benetan sinistuko balute eskola publikoak lehentasuna behar duela, ikasleen onarpena zonaldeko, auzoko edo herriko eskaintza publikoak egiten duen gelen arabera egin beharko litzateke, eskola-plazen eskaintzaren planifikazio arrazionalaren ondorio logiko gisa hezkuntza-itunak pixkanaka murriztuz, eskolatze orekatua lortuz eta ume guztien eskubideak bermatuz». Planifikazio justua eta diru publikoaren erabilera arrazionalagoa behar ditugu.

Eskola-segregazioa ez da hobetuko ikasle zaurgarrien banaketarekin; are gutxiago, eskola publikoari umeak kendu eta beste sarera bideratuz. Kontua ez da mota bateko ikasleak banatzea, baizik eta eskola publikoen sare orekatu eta indartsu bat eraikitzea. Eskola publikoa sendotzea eta lehenestea, plaza publikoak edonon bermatzea eta, eskaintza hori nahikoa den tokietan, lerro pribatuak ez ituntzea baino ez dira izango eskola-segregazioaren eta injustizia sozialaren aurkako arma eraginkorrak.

Lidon Gasull Catalunyako AFFACen (guraso elkarteen) Federazioaren zuzendariak hauxe esan zuen orain dela gutxi egin zigun bisitan: ume guztien banaketa aleatorioa eta zentralizatua egin behar da, bakar batzuk banatuak izan ez daitezen. Eta hiru neurri proposatzen ditu: 1. Eskola-plazen eskaintza mugatzea irakaskuntza pribatu-kontzertatuaren gain-eskaintza debekatuz. 2. Ahalik eta gehien mugatzea familiek ikastetxea aukeratzeko duten ustezko eskubidea. 3. Eskola publikoa erabat dohainik izatea.

Guk ere horrela uste dugu.