Jon GARMENDIA
Idazlea

Harri horma

Esperantzaren tokiei heldu nien aitzinekoan, eta «fedea galdua dugunontzat, esperantza da geroari ilusioz begiratzeko gelditzen zaigun helduleku bakarra» erantzun zenidan; fedea zertan ordea? Pentsakor utzi ninduzun. Dogma diren erlijioekin pentsatu nuen, gertuen dudana apostoliko, katoliko, eta erromanoa da, baina haien fededun gehienek ez dakiten gauza bat badakidala egingo nuke apustu, eta hor nigan zentratu nintzen, askotan bezala. Izango da hizketaldiak nireganatzeko dudan akats ttipi hori. «Centraliser» erran nahi nuen, apika. Hortxe hitzen mestizajea. Vatika delako jainkosa, Vatikanoari izena eman ziona, agidanean etruskoa, ez erlijioekin fededuna, baizik paganoa; edo belar bat zen izen hori zeramana, haluzinatzen eta profezia jardunetan laguntzen zuena. Hori da dakidan apurra fedeari buruz. Eta zurekin, badudala, hori ere badakit. «Zorion betean bizi denak ez du fedearen eta esperantzaren beharrik, agian gauzak sekula ez aldatzeko itxaropena izan dezake, baina ez esperantzari heltzeko behar gorria». Hori leitu nizunetik dialektikoki irabazi zenuela argi neukan, baita logikan, tesian, eta antitesian ere; beraz, beste norabait beha jarri nintzen. Zauririk eragiten ez duen arruta jarraitu nahian bezala. Pareta etorri zitzaidan orduan, esaldi zelebreak idazten dituzten itsasbazterreko harri horma, «Occupe les terres du paradis». Hori gelditzen zaigu. Edo hortik hasten da dena.