Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Markus Howarden erakustaldia, saririk batere gabe Tenerifen

Eskolta estatubatuarrak 33 puntu sartu arren, Txus Vidorretaren taldeak lortu du Baskoniak ACB Ligan zuen 17 garaipeneko bolada aparta etetea.

Howard, partida 81na berdindu zuen hirukoa jaurtitzen. Bere azken txanpa bikainak ez zuen garaipenik ekarri, ordea.
Howard, partida 81na berdindu zuen hirukoa jaurtitzen. Bere azken txanpa bikainak ez zuen garaipenik ekarri, ordea. (E. COBOS | ACB PHOTO)

Saski Baskoniak ez zuen atzo eguerdian Tenerifen epaileen erruz galdu, baina epaileek zerikusi larregi izan zuten Saski Baskoniak jasan zuen porrotean. 70-60 atzetik ziren arabarrak azken laurdenaren erdialdera, Marcelinho Huertas eta Shermadiniren lanari esker. Alabaina, gutxien espero zenean, Markus Howardek sekulako partida amaiera burutu zuen, azken sei minutuetan 15 puntu saskiratuta -33 orotara-, tartean partida 81-81 berdindu zuen hirukoa, neurketa amaitzeko hiru segundoren faltan.

Hutsartea eskatu zuen orduan Txus Vidorretak eta Tim Abromaitisentzat jokaldi on bat osatu zuen, baina Costello eta Marinkovicen artean ez zioten amerikarrari saskiratzea gauzatzen utzi. Zoritxarrez, epaileen aburuz Marikovicek falta egin omen zion Abromaitisi, eta honek ez zuen jaurtiketa libreen marratik hutsik egin.

Dena den, 1,6 segundo falta ziren artean, eta Baskoniak azken hutsarte bat izan zuen, partida irabazi edo luzapenera eramateko. Matt Costellori iritsi zitzaion baloia, Markus Howard ondo zainduta zegoelako, baina estatubatuarrak ezin izan zuen sasoian saskira jaurti, Tenerifekoen defentsak ez baitzion lekurik utzi. Bestela ere ez zuen sartu, baina beranduegi zen ordurako.

Lastima, porrot honekin Saski Baskoniak ACB Ligako azken 17 neurketak irabazi eta gero bolada bikaina eten baitzuen. Lastima, asteburu honetan eliteko euskal saskibaloi talde guztiek, gizonek zein emakumeek, galdu egin baitute. Lastima halaber, epaileen erabaki eztabaidagarri batek erabaki baitzuen, neurri handi baten, talde bikain bik eman zuten ikuskizun polit askoa. Ondorioz, Saski Baskoniak ACB Ligako sailkapeneko aurreneko postua galdu zuen.

HISTERIATIK NORMALTASUNERA

Ez ziren, bada, txukunegi hasi partidako kontuak gasteiztarrentzat. Kiroltasunaren kontrako bi falta jaso zituen Baskoniak, eta Shermadiniren bidez markagailua 12-2 jarri zen gasteiztarren kontra.

Georgiako pibotak ezker oinean min hartu zuen, Baskoniaren zorionerako, eta une batez aldatu egin behar izan du Txus Vidorretak. Arabarren erasoari dagokionez, Markus Howard Olympiacosen aurka bezain fin azaldu zen: 11 punturekin amaitu zuen lehenengo laurdena. Horri esker, lehenengo hamar minutuetako emaitza 23-21 izan zen.

Berehala erantzun zuen Txus Vidorretaren taldeak bigarren laurdenean. Partida normaltasunean murgildu zenean, ikusteko ederra suertatu zen, biek ala biek jokoa bikain menderatzen dutela erakutsi baitzuten. Igande eguerdia izateko, nagi gutxi, are gehiago Huertas bere «aztikeriak» erakusten hasi zenean.

«Huertasi faltarik ezin al diogu egin? 18 minutu daramatzagu eta orotara lau falta baino ez ditugu egin!», bota zuen Peñarroyak hutsarte batean. Thompsonen eta Howarden eskutik, 41-40raino hurbildu zen Baskonia, baina laurdena Aaron Doornekampen «bi gehi bateko» jokaldi batek zarratu zuen: 44-40.

HOWARD, KATERIK GABE

Atsedenalditik aurrera, erasoko errebotean egundoko mina egiten hasi zen Lenovo Tenerife. Hala, Huertasen puntuekin, 70-60 aurreratu ziren etxekoak, sei minuturen faltan.

Halako batean Markus Howardek hiruko bat sartu zuen, hirugarren laurdeneko lehortea apurtuz. Eskolta bere talentu osoa erakusten hasi zen, eta Tenerifek beldurra nabaritu zuen azken orduan. Azken minutuan markagailua 79-76 zegoen, baina Thompsonen kontraeraso batek eta Howarden hiruko bikain batek 81na berdindu zuten. Epaileek eta Abromaitisek, ordea, Baskonia saririk gabe laga zuten azkenean.