IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Erresistentziarako gorputzak: bollerak», Perez-Ponsen eskutik

Susaren Lispe bildumako azken liburua argitaratu berri du Eva Perez-Pons gazteak, «Erresistentziarako gorputzak: bollerak». Kategoria bitarrak arrakalatzeaz, bazterketa eta biolentzia sistemiko horretan kokatutako gorputzez eta identitateez mintzo da.

Eva Perez-Pons, eskuetan duela lan berria, bollera subjektuen identitateez, erresistentziaz eta eraldaketaz.
Eva Perez-Pons, eskuetan duela lan berria, bollera subjektuen identitateez, erresistentziaz eta eraldaketaz. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Liburutegian atzo aurkeztu zuten Lisipe bilduma feministaren hamahirugarren alea. Eva Perez-Ponsek (Lemoa, 1996) idatzi du “Erresistentziarako gorputzak: bollerak”. Jule Goikoetxea editorearekin eta Marta Luxan hitzaurrearen idazlearekin batera aurkeztu zuen bere lan berria.

Gorputzak, bollera identitatea, biolentzia, ekintza zuzen ez-biolentoak, zaurgarritasuna zein prekaritatea… hamaika kontzeptu eta gai lantzen ditu saiakerak eta, Luxanek adierazi zuenez, ideia teorikoak praktika politikoekin lotzen ditu Perez-Ponsek.

Goikoetxeak gidatu zuen aurkezpena; liburuan bi motatako kapituluak aurkitu daitezkeela azaldu zuen: batetik, kontzeptu batzuen hausnarketa filosofikoa egiten dutenak eta, bestetik, historia eta bilakaerari lotutako «kapitulu politikoagoak». Luxanek gehitu zuen garrantzitsua dela hausnarrerako eta praktikarekin lotzeko iradokitzen duen zatia: «Teorikoki azaltzen digu kontzeptu bakoitza, eta ondoren atea irekitzen digu».

Ikasketa Feministak eta Generokoak Master amaierako lana egin ondoren, han abiatutako ikerketari tiraka osatu du liburua Perez-Ponsek. Zein testuinguru politikotan hasi zen idazten garrantzitsua da idazlearen arabera: «Terf diskurtsoen gorakada gertatzen ari zen, heterosexualak ez diren gorputzei agentzia kentzen ari zitzaien momentu batean».

KONTZEPTUEI TIRAKA

Bollera identitatea nola bizi den eta Mugimendu Feministarekiko harremana nolakoa den azaltzen du liburuak; patriarkatuaren zapalkuntzak «bazterrean jende asko» uzten duela adierazi zuen Perez-Ponsek.

Hortik dator izenburua ere, «bollerak heterosexualitatearen erresistentzia gara», esan zuen. Subjektu politiko propio gisa zergatik izendatu eta aitortu kontatzen du liburuan idazleak. Beste errealitate batzuk sortzeko gaitasuna duen subjektu gisa definitzen ditu bollerak.

ERALDAKETARAKO GORPUTZAK

Luxanek aitortu zuen, berak izenburuari «eraldaketarako gorputzak» gehituko liokeela, bere ustez bolleren gorputzek eraldaketarako gaitasuna ere badutelako. Generoa continuum bezala irudikatzeko proposamena da liburuko hausnarketa potoloetako bat: «Generoa egun batetik bestera ezabatu ezin dugunez, bide interesgarri bat planteatzen digu: generoa continuum gisa irudikatzea».

Zaurgarritasunaren inguruko eztabaida ere jasotzen da. Nolanahi dela, idazleak nahiago du «prekario» izendapena erabili: «Biktimizazioa kendu eta sisteman jartzen dugu pisua horrela».