GARA
SASKIBALOIA

Barruan zuen guztia emanda, Gernikak agur esan dio aurtengo denboraldiari

Bizkaitarrak sei puntuko aldearekin abiatu ziren Zaragozara, final-laurdenetako itzuleko partida jokatzeko. Baina hastapeneko 13-0eko partzial batek helburuak apurtu zizkien. Bigarren zatian etxekoei gauzak zaildu zizkieten arren, ez zen nahikoa izan.

Lointek Gernika Bizkaiak ahal zuen guztia eman zuen, baina Zaragoza hobea izan zen atzo.
Lointek Gernika Bizkaiak ahal zuen guztia eman zuen, baina Zaragoza hobea izan zen atzo. (LOINTEK GERNIKA BIZKAIA)

Orain bai, zoritxarrez, Lointek Gernika Bizkaiak agur esan behar izan dio 2022-23 denboraldiari. Errusiar mendi bat bezalako urtea izan bada ere, Emakumeen Liga titulua borrokatzeko sailkatu ziren play offetara. Bertan, Zaragozaren aurka, faboritoetako baten kontra aritzea egokitu zitzaion. Malosten lorturiko sei puntuko aldeak esperantza guztiak ireki zizkien. Atzo, ordea, lurrera jaitsi ziren, kanporatuta geratu baitziren, 64-52 galduta. Hori bai, gauzak asko konplikatu zizkioten aurkariari haren etxean.

Atzoko itzuliko neurketako porrotaren arrazoi nagusienetako bat Zaragozak jokoa asko hobetu zuela izan zen. Pentsa, etxekoek 13-0eko partzial bat sinatu zuten hasierako 7:30 minutuetan. Kontuak hala, joaneko partidan Gernikak lortutako sei puntuko aldea bertan behera uztea erdietsi zuen etxeko taldeak.

Mariona Ortizen gidaritza -14 puntu egin zituen lehen zatian- eta Markheisa Gatlingek pinturan izandako indarrak min handia egin zien Anna Montañanak gidaturiko jokalariei. Bizkaitarrei asko kostatu zitzaien saskiratzeak lortzea, eta lehenengoa aurreneko laurdena amaitzeko minutu bat eta 19 segundoren faltan izan zen. Itziar Ariztimuñok egin zuen (13-2), eta taldeak 13-5 atzetik bukatu zuen lehen laurdena.

DEFENTSAN AHUL

Bigarren laurdenean gauzak ez ziren hobetu. Bizkaitarrek Sandra Ygueravideren bertsiorik onena behar zuten. Egia da Anna Montañana entrenatzaileak Julie Wojta pistaratu zuela, eta berarekin Lointek Gernikak saskiratze gehiago lortu zituela, baina bizkaitarrek defentsan ahul izaten jarraitu zuten.

Carlos Cantero Zaragozako prestatzaileak ondo prestatu zuen neurketa eta haren jokalariek Gernikako jaurtitzaileak bikain defendatu zituzten. Hala, 18 puntuko aldea izatea lortu zuten etxekoek bigarren laurdenean. Gainera, Ygueravide faltaz kargatu zuten, eta gernikarrek ezin zuten distantzia luzetik saskiratu. Lehenengo 20 minutuetan Montañananek ezin izan zuten hirukorik sartu. Denboraldian zehar izan duten arma bat izan da hiruko saskiratzea.

SUSPERTZEA

Atsedenaldia ondo etorri zitzaion Gernikari. Egindako akatsak ondo konpontzeko tartea hartu eta berriro pistaratzean gauzak asko aldatu ziren. Hala, 4-12ko partzial bat sinatu zuten, markagailua 38-30 ipintzeko. Kanporaketa bi puntura zegoen momentu horretan.

Hala ere, Zaragozak bere eguna zuen eta ziztu bizian 11-4ko beste partzial batekin erantzun zion, 15 puntuko aldea ateraz. Momentu horretan bederatzi puntuko aldea zuten Zaragozakoek (49-34).

Neurketa errusiar mendi txiki bat bezalakoa bihurtu zen. Anna Montañanak 1-3-1eko zona ezarri zuen eta horrek mina egin zion Zaragozari. Julie Wojtak azkenean asmatu egin zuen bere jokoan; 0-8ko partzial bat sinatu eta 53-44 ipini ziren bizkaitarrak, amaitzeko oraindik minutu batzuk falta zirela. Jokalari amerikarrak 17 puntu eta 8 errebote lortu zituen. Roso Buchek ere lagundu zuen, 12 puntu metatuz.

Denbora zegoen eta baieztatu egin zuten. Ygueravideren hiruko batek bederatzi puntura ipini zituen gernikarrak, kanporaketatik hiru puntura alegia; eta 60-52 ere ipini zuten markagailua, 31.4 segundoren faltan. Baina Zaragozak, jaurtiketa libreei esker, finalerdietarako txartela ziurtatu zuen. Une horretan Gernikak bihotzarekin jokatu zuen, baina ez zen nahikoa izan eta denboraldiari agur esateko garaia iritsi zitzaion.

Bukatutakoan Anna Montañanak nabarmendu zuen moduan, «jokalariak hazi egin dira eta borrokatu egin dute zortzi hilabete hauetan». Eta horrekin geratu behar dute.