GARA
DONOSTIA

Arantxa Urretabizkaiaren «Azken etxea» 2022ko nobela gogokoena izan zen 111 Akademiako irakurleentzat

111 Akademiak, hau da, Euskal Herriko irakurleen akademiak, Arantxa Urretabizkaiari emango dio 2022ko saria, atzo ezagutzera eman zenez. Akademiakideek Urretabizkaiaren “Azken etxea” (Pamiela) eleberria izendatu dute iazko libururik gogokoena, eta Anjel Lertxundiren “Desertuan behatxuloa” saiakera izan du lehiakidea azken itzulian.

212 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietatik 114k parte hartu dute 2022ko sariduna izendatzeko aurtengo urtarril eta apiril bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Jendaurreko sari emate ekitaldia egiteko asmoa dute ekaineko bigarren astean. Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honek 27. edizioa du aurtengoa. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an abian jarri zuen Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan protagonismoa emateko.

“Azken etxea” nobelari dagokionez, elkarrizketarik gabeko kontakizuna osatu du Urretabizkaiak, baina horrek ez dio irakurleari trabarik egingo narrazioaz gozatzeko, egilearen maisutasunari esker.