GARA
TEHERAN

Balutxistanen erlijio arduraduna zen aiatola bat tiroz hil dute Iranen

Ali Soleimani aiatola tiroz hil dute Kaspiar itsasertzeko iparraldean. Ali Khamenei Irango buruzagi gorenaren ordezkaria zen, zapalduta dagoen Balutxistango eskualdean.

Ali Khamenei aiatola handia, ramadanaren amaieran otoitza gidatzen. A
Ali Khamenei aiatola handia, ramadanaren amaieran otoitza gidatzen. A (FP)

Gizon armatu batek egindako eraso batean buruzagi erlijioso bat hil zuen atzo Iran iparraldean. Abbas Ali Soleimani aiatola, 75 urtekoa, Adituen Batzarreko 88 kideetako bat zen.

Babolsarren gertatu zen erasoa, Kaspiar itsasoaren ertzean dagoen hirian, Teherandik 230 kilometro iparraldera.

Soleimani aiatola Irango buruzagi gorenaren, Ali Khamenei aiatolaren, ordezkaria zen, eta ostiraleko otoitzaren arduraduna zen Kashanen, Teheran eta Isfahan artean, herrialdearen erdialdean dagoen hirian; eta Zahedanen, Irango hego-ekialdean dagoen Sistan eta Balutxistango hiriburuan.

Balutxistan munduan dagoen Estaturik gabeko naziorik handienetarikoa da, eta Iran, Pakistan eta Afganistango lurretan barreiatuta dago.

Aspalditik borroka armatuan ari dira zenbait talde, subiranotasuna lortzeko eta, aldi berean, herrialdea jomugan duen Txinaren kolonizazioaren aurka.

Balutxe gehienak musulman suniak dira. Eta Iran gehiengo xiia duen herrialdea da.

Gobernuak ziurtatu zuenez, ez zen «eraso terrorista bat» izan. Atxilotutakoak banketxe batean tiro egin zuen. Ez da aldarrikapenik izan.

ADITUEN BATZARRA

Adituen Batzarra 88 erlijiosok osatutako erakundea da, zuzeneko sufragio unibertsalaren bidez, zortzi urterako hautatuak, nahiz eta aurrez Zaindarien Kontseiluaren onarpena izan behar duten hautagaiek.

Hura arduratzen da buruzagi gorena izendatzeaz eta honen lana gainbegiratzeaz. Konstituzioak ahalmena ematen dio teorian hura kargutik botatzeko eta beste bat izendatzeko, beharrezkotzat joz gero.

2022ko apirilean, ustezko jihadista talde batek Maxhad hiri santuan (ipar-ekialdean) egindako erasoan bi erlijioso xii hil zituen.