Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA

Beti Onak mendean hartuta, berpiztu egin da Zuazo eta jaitsiera fasea estutu du

Jaitsiera fasean dauden bi euskal ordezkariak elkarren aurka lehiatu ziren Lasesarren eta sinesten jarraitzeko garaipena lortu zuten etxekoek.

Nahi Puigbo pibote bizkaitarra arerioen artean, hutsunea bilatzen.
Nahi Puigbo pibote bizkaitarra arerioen artean, hutsunea bilatzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ligako azken bederatzi partidetan bederatzi porrot eskuratu dituen Zuazok hondoa jota zirudien. Jokalarien artean ere itxaropena tamainan sentitzen zen jaitsiera faserako, baina itxaropena, txikiena izanda ere, presente dagoela berretsi zuten. Argi izpi txikia izatetik apur bat handitu da -nahiz eta alde ekonomikoan daukan zailtasunak gehiago daukan itzaletik argitik baino-.

Hiru punturekin abiatzen zen Barakaldoko taldea jaitsiera fase honetan; lau taldeetatik, puntu kopuru murritzenarekin. Gehien, aldiz, Beti Onak talde nafarrak zuen (9) eta beraz, bien arteko lehia hil ala bizikoa izango zen. Zuazoren porrotak jaitsierara kondenatuko zuen; nafarren garaipenak, aldiz, kasik salbazioa eskuratzera.

Bada, Joseba Rodriguezek zuzendutako taldeak mahaian kolpe bat eman du atzoko garaipenarekin. 23-18 garaitu du Beti Onak eta jaitsiera faseko sailkapena are gehiago estutu du. Bizkaitarrek bost puntu dauzkate eta salbazioa laura dago bost partidaren faltan -alegia, 10 puntu jokoan-.

Dena dela, argi dago jaitsiera fase honetan azken hitza esateke dagoela eta modu horretan kantxaratu ziren etxekoak. Konturatu orduko, 3-0ekoa jarri zuten. Mada Fernandez-Agusti giltzarria izan zen hasieran, bai eta partida osoan ere; are gehiago, denboraldiko jokalari nabarmenena izan dela esan daiteke. Bederatzi golekin bukatu zuen partida asturiarrak.

Ayelen Garcia eta Maca Sans argentinarren bitartez, markagailuan hurbildu ziren Atarrabiakoak (5-4), baina lehen lerroko asturiarraren gidaritzapean, 3-0ko partziala ezarri eta berriro ireki zuten tartea (8-4). Gol gutxiko lehen zatia izan zen (8-5) eta horren meritua, hein handi batean, Meriem Ezbida atezainak izan zuen. Merituzko hamar geldiketa egin zituen, arerioa soilik bost golekin utzita.

Bigarren zati hasieran, kolpeak elkartrukatu zituzten, baina berriro ere hiru goleko partziala ezartzea lortu zuen Haitok zuzendutako taldeak (14-8, 37. minutuan). Sei goleko aldea zazpira handitu zuen Mada Fernandez-Agustik (17-10, 46. minutuan) eta ordu laurdenaren faltan, arazorik gabe kudeatu zuten errenta etxekoek.