GARA
BAIONA

Manifestazio handia Baionan, erretreten auziak hauspotuta

Bizi! eta Aldako kideen mobilizazioko irudia.
Bizi! eta Aldako kideen mobilizazioko irudia. (Gillaume FAUVEAU)

Langileen Nazioarteko Egunaren karietara, azken urteetako mobilizaziorik handiena iragan zen Baionan atzo, Maiatzaren Lehenarekin. Hitzordua Santa Ursula plazan goizeko 10.30ean emana zuten intersindikala osatzen duten CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta US Solidaires sindikatuek. LABek ere bere blokea osatu zuen manifestazioaren gibelean, eta baita Bizi! eta Aldak ere. Kazeta atariak eman zuen atzo mobilizazioaren inguruko informazioa.

Iaz, sindikatu gehienen eta eragile sozialen deiari jarraiki, jendetza bildu bazen, aurten 30.000 pertsona atera dira Lapurdiko hiriburuko karriketara, intersindikalak emandako datuen arabera. Poliziak, aldiz, 7.000 pertsona mobilizatu zirela esan zuen. Mobilizazio zaratatsua izan zen, jende anitzek lapikoak eraman baitzituen karrikara. Herriko Etxe gibelean bukatu zen intersindikalaren martxa.

Aurtengo protestan, gainera, langileen eskubideak errespetatu eta baldintzak hobetzearen aldeko aldarrikapenez gaindi, erretreten erreformaren aurkako oihuek hartu zuten erdigunea.

LAB, BAZTERTUTA

Manifestazioaren momentu batean 560 bat pertsonek Merkatu plazarantz jo zuten, LABek intersindikalaren aldetik pairatzen duen bazterketaren ondorioz sindikatu abertzaleak egindako deialdiari jarraiki. Gainerako hirietan bezala, “Egiteko beste mundu bat!” aldarrikatzen zuen pankartaren atzean abiatu ziren. Hala ere, intersindikalaren manifestazioaren lehen pankartan kokatu ziren sindikatu honetako zenbait ordezkari eta arazorik gabe egin zuten martxa, gainontzekoekin batera.

Merkatu plazan hitza hartu zuten Argitxu Dufauk, Eñaut Aramendik eta Garbiñe Aranburuk, zaintza lanen, ondasunaren eta lanaren banaketa eskatzeko. Halaber, intersindikala integratzeko nahia adierazi zuten berriz ere.

Beren aldetik, iragarri bezala, Bizi! eta Aldak bi ekitaldien arteko jende katea osatu zuten, «bateratze zabalenaren aldeko aldarrikapena sinbolizatzea» xedetzat harturik. Gisa horretan, «bazterketa eta zatiketa» gainditzeko mezua zabaldu zuten bi eragileek. “Kapitalismoa = Heriotza / Alternatibak = Bizia” izan zen Maiatzaren Lehenean Baionara eraman zuten lelo nagusia.

MAULEN ETA HENDAIAN

Elisabeth Borne frantziar lehen ministroak urtarrilean erretreten erreformatzeko lege proiektua aurkeztu zuenetik, azken hamarkadetako mobilizazio sozial handienak iragaten ari dira, frantziar Estatuan bezala, Euskal Herrian ere.

Justuki, Maiatzaren Lehenak langileen eskubideen aldeko aldarrikapen orokorrak bildu ditu, tartean soldaten igoeraren eskaera, prezioen inflazioak langileen eroste ahalmena okertu duela salatu baitzuten mobilizatu ziren sindikatu guztiek. Edonola ere, erretreta 62 urtetik 64ra gibelatzen duen erreformaren kontrako beste borroka egun bat izan zen atzokoa.

Halaber, Baionan ez ezik, mobilizazioak izan ziren baita ere Maulen eta Hendaian. Zuberoako hiriburuan M1 kolektiboak deitu zuen protestara, eta 10.30ean abiatu zen manifestazioa, “Kapitalaren bortizkeriaren kontra, klase borroka” leloarekin.

Lapurdiko mugaldeko herrian, berriz, tokiko CGT sindikatuak 11.00etan egin zuen ekitaldia Santiago zubian.