Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jokin Altuna, buruz buru, Olaizola II.a eta Martinez de Irujo onenen pare

Jokatutako azken hamar txapelketetan finalerdietan sartzea lortu du amezketarrak. Banaka jokatzen diren txapelketak kontuan hartuta, azken zortzietan izan da lau onenen artean, bere garaian goizuetarrak eta Iberokoak lortutako marka onenak berdinduz.

Jokin Altuna, Eibarko Astelenako zaleak agurtzen, Elordiri gailendu eta finalerdietarako sailkatu ostean.
Jokin Altuna, Eibarko Astelenako zaleak agurtzen, Elordiri gailendu eta finalerdietarako sailkatu ostean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Denbora muga zehatz batean errepikatzen dena tradizio noiz bilakatzen den zehaztea zaila da, ekintza bat zenbat aldiz gertatuta pasatzen den ohikoa izatera. Baina apartekoa behar lukeena arrunta egiten jarraitzen du Jokin Altunak.

Horregatik, agian, amezketarra Buruz Burukoaren finalerdietan besterik gabe igaro da, Lasoren aurka horren erraz irabazita, Elordiren aurka estutasunak pasatu izana kezkatzeko moduko zerbait balitz bezala.

2021 eta 2022an jantzitako hiru txapelak galdu izanak ere ez du agian asko lagunduko, baina amezketarra bere ibilbidearen unerik gozoenean dagoela esateak ez dirudi gehiegizkoa. Pilotariak berak orain dela gutxi aitortu du, eta frontoien mundu txiki honetan mugitzen den inork ez du zalantzan ipintzen, bera dela gaur egun koadroko erreferentzia nagusia, kantxa barruan eta baita kanpoan ere, bere enpresa-kideen artean batez ere, lortu duen errespetu eta miresmenagatik.

Eta zenbakiak ere, palmaresetik behera koxka bat jaitsi eta zehatz erreparatuta, tesi hau baieztatzera datoz. Izan ere, Elordi garaituta, Jokin Altuna Buruz Buruko finalerdietara sailkatu izana ez da edonolako marka, jokatutako azken hamar txapelketetan lau onenen artean sartu baita, eta hori, gaur egun jokatzen den erritmo eta eskakizun mailarekin, sekulako balentria da. Ladis Galarzarekin jokatu zuen 2020ko Binakakoan geratu zen Aspeko aurrelaria finalerdietatik kanpo azken aldiz; eta ordutik 4 txapel eta beste bi final lortu ditu, aurtengo Buruz Burukoan egingo duenaren zain. Momentuz, larunbatean Iruñean Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak jokatuko duten partidako irabazlearen zain dago.

Eta hauek zenbaki izugarriak izanda, ez dira gutxiagorako aurretik lortutakoak. 2016an jokatu zuen amezketarrak bere lehen finala, Oinatz Bengoetxearen aurka Gasteizen lehiatutako Lau eta Erdikoa (22-21 galdu zuen). Ordutik aurrera begiratuko bagenu, azken 21 txapelketetatik 17tan pasatu du final laurdenetako muga.

ZORTZI JARRAIAN

Zenbakiok buruz buru jokatzen diren txapelketetara mugatuko bagenituzke, hau da, kantxa osora eta lau eta erdira, amezketarrak azken zortzietan lortu du hurrengo urtean zerrendaburua izatea bermatzen duten postuetan sartzea. Horrek erregulartasunean ere bikaintasunera bidean jartzen du Altuna. Garai bakoitzak bere baldintza zehatzak dituen arren, ohikoa da halakoetan alderaketak egitea, eta alor horretan Jokin Altuna azken bi erreferentzia nagusiei -Aimar Olaizolari eta Juan Martinez de Irujori, alegia- begietara parez pare begiratzeko moduan da. Bi nafarrek banaka zortzi finalerdiko bolada bana izan zuten, goizuetarrak 2004tik 2007rako finalerdi guztiak jokatuta, eta Iberokoak, 2012tik 2015era artekoak.

Bitxia da, gainera, Altunaren kasuan bolada honi hasiera ipintzeko 2019ko Buruz Buruko final-laurdenetara jo beharko genukeela. Atano III.ean jokatutako partidan, Irribarriak utzi zuen finalerdietatik kanpo 2018ko txapelduna; amezketarraren hitzetan, Buruz Burukoan berak jokatu duen partidarik onenetako batean.

LEGAZPIN JOKATUKO DU

Enpresaren aurpegi nagusia bilakatu da Altuna, jaialdiak saltzeko orduan. Horrenbestez, zorionekoak dira Legazpiko pilotazaleak, herriko festetako egun handian jokatzeko moduan baitago gaur. Asteburu honetan Buruz Burukoan atsedenaldia dagokio eta Altuna III.ak binakako partida jokatuko du Legazpin, Rezusta lagun, Artola-Mariezkurrenaren aurka, erritmorik ez galtzeko.