EDITORIALA

Euskal Filologia hispanikoa edo errespeturik eza

Estatu espainoleko Unibertsitate Ministerioak prest daukan errege dekretu proiektuaren arabera, unibertsitateek dituzten 190 jakintza arloak 42ra murriztuko dira; beraz, arlo horietako asko eremu askoz zabalago batzuetan lausotuta geratuko dira, haien berariazko izaera galduta. Horietako bat, Gobernu espainolak aurreikusitakoaren arabera, Euskal Filologia da, baita galegoa eta katalana ere. Madrilen erabaki horrek, labur esanda, ikasketa egitasmoak aldarazi eta euskal ikasketen irakasleen profila eta haien prestakuntza beste arlo baten irizpideen mende jarriko lituzkete, eta beste horrenbeste gertatuko litzateke ikerketaren eremuari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitatean ez ezik, beste unibertsitate batzuetan ere jorratzen dena eta aurrerantzean bere izaera espezifikoa galduko lukeena.

Euskal Filologia jakintza arloa ez izatea erabaki du Gobernu espainolak. Gehienez ere Filologia Hispanikoaren azpiarloa izan dadin nahi du. Argudio zientifikorik ezean, lege bidez esan nahi ote du euskarak ez duela gaztelaniak adinako kategoria, are gutxiago garrantzia? Euskararentzat atzerapauso nabarmena eta larria litzateke, Francoren diktaduraren antzeko argudioekin. Bitxia da, bere makurrean, Euskal Ikasketak Filologia Hispanikoaren eremuan ez bada Hizkuntza Modernoen eremuan nahi izatea, gaztelania hizkuntza modernoa baita, eta berdin-berdin sar liteke azken eremu horretan. Euskara hizkuntza hispanikoa dela nabarmendu nahi badute, Estatu frantseseko lurralde bateko hizkuntza ere badela gogoratu beharra daukate eta, bide batez, frantsesa ez bezala, euskara ez dela hizkuntza erromanikoa ere.

Euskararen eta, oro har, gaztelania ez diren hizkuntzen aurkako erasoaldi betean iritsi da errege dekretu proiektu hau. Ez dira bi egun igaro Bilboko auzitegi baten azken erasoaren berri izan dugunetik, eta arlo juridikotik abiatu dutena nabarmenena da, nonbait, baina arlo politikotik ere hura zuritu egiten dute, are bultzatu ere, Gobernu espainolaren asmo horrek erakusten duenez. Unibertsitatea jakintza eta, ustez, errespetu gunea izanda, ez dirudi Ministerio horrek ez bata ez bestea aintzat dituenik bere erabakiak hartzean.