Iraitz MATEO

ETENIK EGON EZ DADIN, BESTE URTE BATEZ LITERATURIA

Zarautzen ari da ospatzen Literaturia, azken urteetan bezala. Atzo goizean zabaldu zuten azoka hainbat argitaletxerekin batera, eta gaur arte izango da bisitatzeko aukera. Liburu-aurkezpen eta emanaldiak izan ziren egun osoan zehar. Modelo aretoan, «Loreak belaunetan» dokumentala proiektatu zuten eta, ondoren, kultur arloko langileen baldintzak izan zituzten hizketagai.

Hamabosgarren edizioa izan du Literaturiak. Zarautzen egin da aurten ere, azoka, liburu- aurkezpenak eta emanaldi bereziak izan dira.
Hamabosgarren edizioa izan du Literaturiak. Zarautzen egin da aurten ere, azoka, liburu- aurkezpenak eta emanaldi bereziak izan dira. (Jon URBE | FOKU)

Turistek hartzen omen dituzte euskal kostaldeko herriak behin udaberrian sartutakoan, baina turista mota guztiak ez ditu berdin hartu ohi herriak. Asteburu honetan ere izan du bisitaririk Zarautzek, baina hondartzara gerturatu gabe ere pozik itzuliko ziren etxera, liburu artetik, Literaturiatik. «Etena» hitza zen aurtengo gaia, eta literaturazaleek erakutsi dute ez dagoela etenik. Ostiralean hasi zen eta gaur amaituko da; aurreneko bi egunak giro paregabean eta jendearen parte hartze handiarekin igaro dira.

Lander Majuelo Igelako editorearen hitzetan, «biziki pozgarria» da Literaturia; aukera polita iruditzen zaio editoreak eta idazleak irakurleekin egoteko. «Gurea mundu txikia da, baina gutxitan ikusten dugu elkar», aitortu zuen liburuz beteriko mahaiaren atzetik. Azoketan sortzen diren hartu- emanak ditu gustuko: «Aurtengoan jende dexente dabil, eta gogo, interes edo alaitasun bat sumatzen diet batzuen eta besteen lanaz galdezka».

11.30k jotzerako prest zituzten argitaletxeek liburuak, mahaietan txukun. Haurrentzako ipuin kontalariak ere prest eta haurrak urduri zebiltzan Etxezabala inguruan. 12.00etan zen egitekoa Karrikiri elkarteari omenaldia, baina 12.30era atzeratuko zela ohartarazi zuten antolatzaileek. Ondoren, liburutegi txikiek egiten duten lana goraipatu eta txalotu zuten. Bitartean, han-hemenka zebiltzan editoreak, irakurleak eta idazleak eta, ohi bezala, aspaldiko lagunak.

 

BELAUNALDIEN ARTEKO ETEN NABARMENIK EZ

Kanpoan giro aparta egon arren, Modelo areto kanpoan jendea biltzen hasi zen 12.30 baino lehen, “Loreak belaunetan” dokumentala eta ondorengo mahai-ingurua ikusteko. Aretoa bete ez zen arren, zeresana eman zuen ordu eta erdiz isilik ikusitakoak, norberaren kezkak eta eremuarenak komentatuz atera baitziren ikusleak berriro eguzkitara. Zazpi gazte kulturgilek hartzen dute hitza ikus-entzunezkoan, kultura munduaz, bertako lan baldintzez eta aurrez zituzten espektatibez mintzatzeko. Jarraian mahai-inguruan bildu ziren; Amagoia Gurrutxaga Lanarteako koordinatzailea gidari lanetan, Koldo Izagirre idazlea, Eneritz Artetxe antzezlea eta Ainara Azpiazu “Axpi” ilustratzailea lagun zituela.

Oholtzaratutako belaunaldiak pantailan agertutakoak baino helduagoak ziren, eta perspektiba zein esperientzia hori baliatu zuen Gurrutxagak solasaldia gidatzeko. Hiru belaunaldi edo «fasetako» kulturgileak elkartu ziren, gidariaren esanetan: Izagirre Espainiako trantsizio garaian kokatu zuen, «dena aldatzeko gogoa» zutenen artean; 90eko hamarkadaren bueltan Artetxe, kultura erakundeak eta kultura politikak hasi ziren garaian; eta Azpiazu, berriz, XXI. mendeko profesionalizazioan.

Izagirrek hartu zuen hitza lehendabizi, eta aitortu zuen Francoren garaiko kulturak ez zuela zerikusirik egungoarekin: «Ordukoa kontrakultura zen, eta demokrazia iritsi zenean, inportanteena politika egitea omen zen; horrela desagertu zen kultura egunkarietatik. Euskal Herria politikoki liberatu behar zen, eta egun euskal komunitatea sortzaileen bidez liberatuko da». Azpiazuk bat egin zuen ideiarekin eta gaineratu zuen Euskal Herriak «kultura bat behar» duela, «politikoki herri aske bat izango bada».

PREKARITATEA NAGUSI KULTURA-LANGILEENTZAT

 

Artetxe dokumentalean aipatutako testigantzen artean sumatutako antzekotasunen gainean jardun zen. Gazteen ustez prekaritatea da nagusi kultura-langileen artean, eta gernikarrak ere hori baieztatu zuen, baina ikuspegi baikorrari eutsi zion: «Esperantza gutxi dute lan baldintza duinei dagokienez, eta, hala ere, euskaraz sortzeko bultzada sentitzen dute». Horrek pozten du bera.

Lan baldintzei lotuta, merkatu kapitalistan sartzeko beharra ere izan zuten kritikarako bazka. Izan ere, kultura ogibide bilakatzeko, «sistemak bere oinarrietara eraman eta logika produktiboan sartzera behartzen» dituela kontatu zuen Azpiazuk. Eta instituzioei ardura har dezatela eskatu zien. Artetxek «kontsumitzaileen begietatik» sortzera behartzen dituztela salatu zuen, zer den salgarria eta zer ez den erabakitzera eta horren baitan sortzera bultzatzen dituztela azaldu zuen. Izagirreren iritziz, egun erakundeak dira kulturaren jabe, eta «dirua ematen dioten horri deitzen diote kultura». Instituzioek turistak erakartzeko darabilten planari egin zion kritika.

Ondorioa galdetuta, esaldi batean laburtu zuen Izagirrek: «Izugarrizko bidea egin da orain arte». Etenik ez da izan, beraz. Artetxek kolektiboaren beharra azpimarratu zuen etenik ez gertatzeko.

AURKEZPENEN TARTEA

Literaturazaleen arteko elkarrizketez gain, liburu truke edo salerosketez gain, izenburua eta azala baino gehiago ezagutzeko aukera ere bada Zarautzen. Azken urteetan bezala, Ahotsenearekin elkarlanean antolatu dira liburu-aurkezpenak. Zarautzek mota askotako literaturazaleak biltzen dituela aprobetxatuz, gustu guztietarako aukera egon zen egun osoan zehar. Haurrentzako “Josi eta josi” (Txalaparta) Itziar Morenorena; “Animalia domestikoak” (Elkar) Esti Martinez idazlearen kontakizunek osatzen duten lan berria; “Fast Fatum” (Susa) poesia liburua Libe Goitiak idatzia; Aritz Pardinaren “Ibai ahoak” (Balea Zuria) aforismoak, eta Zortziko argitaletxearen “Bixente” lana Raul Alfaroren eskutik.

Eten mota asko egon daitezke, eta etenez edota zailtasunez osatutako sorkuntza prozesua izan zen Itziar Morenoren “Josi eta josi” liburua. Lehendabizikoa izan zen atzoko liburu-aurkezpenetan, eta berezia izan zen liburuaren prozesua, idazlea kartzelan zegoelako idatzi eta marraztu zuenean. Emakume langileen istorioa kontatzen du liburuak. Haurrentzako izan arren adierazi zuen sentimenduak sortzeko dagoela idatzita; «batzuetan azukre gehiegi sartzen dugu haurren ipuinetan». Espetxean zegoelarik, ilobei ipuin asko idazten zizkiela kontatu zuen, eta hortik abiatu zela ideia; «kanpoan ez dugun altxor bakarra baliatu nuen espetxean, denbora» azaldu zuen. Informazioa lortzea eta Txalapartako editoreekiko hartu-emana geldoagoa izan arren, lortu du liburua argitaratzea; egun aske dago Moreno, liburua eskuan. Literaturak ez du etenik izan bere bizitzan.