MAIDER IANTZI
ERRENTERIA

Kultura astintzera dator Euskozenoa plataforma independentea

Euskozenoa kultura astintzera dator, euskal nortasunen adierazpen libreak agertzera. Euskaldun zerk egiten gaituen galdetzean antzeko ideiak etortzen zaizkigu burura; horregatik, imajinarioa berritzea da asmoa, zer izan nahi dugun irudikatzea. Plataforma independentea da, eta ateak irekita ditu denentzat. Javi Rivero sukaldariak proposatutako mahai inguru alternatiboa erakutsi dute adibide gisa.

Euskozenoaren aurkezpena berezia izan zen. Areto erdian, porruak, patata tortilla, ogia eta ura.
Euskozenoaren aurkezpena berezia izan zen. Areto erdian, porruak, patata tortilla, ogia eta ura. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Berezia izan zen Euskozenoaren aurkezpena. Errenteriako Badalab espazioaren erdian, porruak, patata tortilla eta ogia. Inguruan, Javi Rivero Tolosako AMA jatetxeko sukaldaria, Amaia Lejarreta margolaria, Pablo Garcia Momento Estudioko kidea, Izaro Arruti berrikuntza eragilea eta Ana Gazpio DOT kooperatibako diseinatzaile estrategikoa.

Ohitura hori dute Badalaben, janaria erdian jarri eta erritmoa jaistekoa. Hemen ez dago presarik, ez da emaitza produktibo bat lortu beharrik. A ze lasaitua!

Ez da erraza Euskozenoa zer den azaltzea, proiektu zabala baita, baina horrela laburbildu zuten prentsaurreko goxoan: kultura astintzera datorren plataforma independentea da, euskal nortasunen adierazpen libreak agertu nahi dituena.

ERTZETATIK BEGIRA

«Euskaldunok etorkizunean lekua izan nahi dugu, baina zerk identifikatzen gaitu euskaldun gisa?», gogoeta egin zuten. «Imajinario berri bat behar dugu: erakargarria, dibertigarria, autoestimua emango diguna». Ertzetatik begiratu nahi diote euskalduntasunari: hor daude etorri berriak, bigarren belaunaldikoak, Euskal Herritik kanpo bizi direnak...

Hainbat artefaktu erabiliz zabaltzen da Euskozenoa jendartera. “Munduratzeak” dira tresna bat. Euskal nortasunen inguruko hausnarketa kolektiboak dira. Lanabes nagusia entzute aktiboa dute. Larunbat honetan bertan eginen dute lehenengoa, Badalaben, eraikinean bizilagun dituzten SOS Arrazakeriako erabiltzaileekin. Espazio seguru bat sortzen saiatuko dira euren bizipenak azaltzeko. Probokatzailea izanen da, hitza gutxitan ematen zaielako. Bertze bi saio egitea proposatuko diete, Dejabu antzerki konpainiarekin. Asmoa da azaro aldera pieza artistiko bat plazaratzea.

INSHALLABEDI, LESBIAMA...

“Hitzak” dira bertze artefaktu bat: egunerokoan sortzen diren errealitate berriekin bat etorriz, hizkuntzaren bilakaera islatu nahi duen bilduma berria da. Hemen orain arte sortu diren hitzetako batzuk: Inshallabedi (‘Inshallah’ + ‘Hala bedi’. Gogo edo desira batekiko adostasuna konfirmatzeko), eta lesbiama (Lesbiana/bisexuala, ama, emakume eta euskalduna izatearen intersekzioan bizi den pertsona).

“Gorpuzteak” euskal kulturaren protagonista berriak irudikatzeko interpretazio sortzaileak dira. Javi Riverok proposatu du bat. Diasporarekin egindako lanketa baten ondoren, argazki berezi batekin irudikatu du sukaldariak bere Euskozenoa, Euskal Herriko aniztasuna islatzen duen mahai inguru bat. Pablo Garciari laguntza eskatu zion, eta emaitza pentsatutakoa baino «mila aldiz hobea» izan da. «Mahai inguruan elkartu genituen lagunek ez zuten elkar ezagutzen, eta esan genien: ‘Jarri eta hitz egin naturaltasunez’. Kostatu zitzaigun gero altxaraztea. Gustura zeuden».

Mahai inguruan gero eta denbora gutxiago ematen dugu; hala ere, erabaki handiak bertan hartzen ditugu oraindik, aipatu zuen Riverok.

Bertze gorpuzte bat prestatzen ari dira Amaia Lejarreta eta Janire Etxabe. Margolaria da bat, dantzari bertikala bertzea. Amalurra eta euskal mitologia landuko dituzte. «Naturak duen energia femenino hori berreskuratu nahi dugu, gure gorputzetatik pasatu», esplikatu zuen Lejarretak.