Urtzi URRUTIKOETXEA

Kurdistango gatazka bideratzeko aukera historikoa?

Turkiak datorren belaunaldia markatu dezaketen hauteskundeak ditu igandean. Mundu guztiak arreta handiz begiratuko dituen bozei buruzko eztabaida berezia izan da Washingtonen, «Gatazka kurdua arintzeko aukerak» izenburupean. Urteotako gertaera larrietatik urrunduta, konponbiderako aukera historikoa izan liteke.

«Gatazka kurdua arintzeko aukerak» lelopean Washingtonen egindako eztabaida bereziko parte hartzaileak.
«Gatazka kurdua arintzeko aukerak» lelopean Washingtonen egindako eztabaida bereziko parte hartzaileak. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Sinan Ciddi Demokraziaren Defentsarako Fundazioko kideak esan zuen uneotan ez dagoela esaterik nor gailenduko den igandean; «Fenerbahce eta Galatasaray Turkiako futbol talde historikoen arteko partida baten emaitza asmatzea bezain zaila da. Edozer gerta daiteke». Ciddik nabarmendu zuenez, «ekonomikoki hondoa jo du Turkiak, ez du ia kanpo erreserbarik, inflazio izugarria dago, ustelkeria, lurrikaren ondorena ere ikusten ari gara, eta hala eta guztiz, Turkiako barnealdean oraindik babes handia dauka Erdoganek».

Oposizioak irabaztekotan, emaitza argia beharko lukeela adierazi zuen, 2019an Istanbulgo alkatetzan gertatutakoa gogora ekarriz: «Irabazita ere, emaitza estua izan zen, eta errepikarazi egin zieten. Bigarren bozketan argi nagusitu zen Ekrem Imamoglu». Edozelan ere, gogora ekarri zuenez, «jende asko kalera jotzeko prest dago, batez ere hauteskundeak osten badizkiete».

Istanbulgo alkatearen garaipenerako gakoetako bat kurduen babesa izan zen. Orain ere kurduen aldeko HDP alderdiak oposizioaren alde egin du kanpotik, bere hautagai propiorik ez aurkeztuz. Kemal Kiricdarogluk Erdogani Presidentzia kentzea gertatuko balitz ere, adituak zuhur mintzatu izan dira Kurdistango gatazkan berehalako eraginik izango lukeen galdetzean. «Istanbulen atxilotu egin ninduten duela 20 urte baino gehiago, kalean kurdueraz egiteagatik, Erdoganen agintaldia baino lehen», esan zuen Bilal Wahab Ekialde Hurbilerako Washington Institutuko adituak. Berez, «AKPren (Erdoganen) Gobernuak kurduera legezko egin eta eztei-giroa izan zen une batez 2014-15ean», gogoratu zuen. Gero Erdoganen eskuin muturrarekin akordioa egin eta bide militarra darabil ordutik.

ESKUALDEAN ERAGINA

Denak ados daude, horratik, Kurdistango auzia da Turkiako demokraziarako eta giza eskubideetarako erronka nagusia, baita inguruko herrialdeetako egonkortasunerako giltzarri nagusietakoa ere. Hala, «Irakeko Kurdistan Eskualdea ezin da ulertu Turkiaren babesik gabe. Martxoan egon naiz han eta oso urduri daude hauteskunde hauekin. Harreman oso pertsonala da. Beraz, Turkiako agintea joanez gero, antsietate handia sortuko da Irakeko Kurdistanen». Turkiak 14 postu militar eraiki ditu Hegoaldeko Kurdistanen, eta PKKri erasotzeko aitzakian egindako aire erasoetan zibil ugari hil ditu, halaber.

Meghan Bodette Bakerako Institutu Kurduko ikerketa zuzendariak ere gogora ekarri zuen zer nolako izua sortzen duten Turkiaren erasoek, bai Irakeko bai Siriako Kurdistanen. «Qandil mendietako herrixketan ikusten duzu nola geratzen diren etxean AEBetan egindako F16 hegazkin baten erasoaren ostean, herritarrek argi markatu arren zibilen etxea dela», esan zuen. Azken hilabeteotan, hauteskundeak hurbildu ahala, gatazkaren baretzea nabari da eta, nabarmendu zutenez, AEBen ahalegin diplomatikoak tartean, Turkiak Rojava (Siriako Kurdistan) inbaditzeko mehatxua ez da gauzatu. Bodettek adierazi zuenez, berriki Rojavara egindako bidaian SDF bertako indarretako buru Mazluj jeneralak esan zion «nazioarteko aktore batzuek SDFri eskatu diotela PKKri mezua helarazteko, su-etena eman dezaten».

Kiriçdarogluk irabazita ere, ordea, bere koaliziokide guztiak ez datoz bat Kurdistanekiko jarreran. «Ontzia ez astintzeko esango diote, ez dezaten akusatu terroristen laguna izateaz, auzi kurduari konponbide negoziatu bat ematen saiatuz gero -gogorarazi zuen Ciddik-. Baina aukera historikoa izango luke auzia bideratzeko».

Washingtonetik ere arreta handiz jarraituko dira hauteskundeok, «azken urteotan hain toxikoa bihurtu da Turkiarekiko harremana, AEB hori hobetzen saiatuko da, edonork irabazita ere, NATOko eta eskualdeko aliatu garrantzitsua dela jakinik. Horregatik, ez dut espero kurduen auzian presio handirik egiterik», Ciddiren ustez. Meghan Bodettek, aldiz, AEBek joka dezaketen rol garrantzitsua azpimarratu zuen: Irlandan edo Hego Afrikan jokatu duen bezala, zenbait urrats egiten hasita, PKK talde «terroristen» zerrendatik ateratzea, esate baterako.

Mahai inguruaren aurretik sarrera hitzaldia egin zuen Joseph Votelek, 2016tik 2019ra AEBetako armadako aginte zentraleko buru izandakoak. Bera izan zen Siria bisitatu zuen lehen jenerala, eta YPG eta YPJ miliziekin aliantza lortu zuen. Votelek txalotu egin zuen kurduen borroka Siriako gerran eta «AEBek kurduentzat lehenbailehen akordio politikoa bilatu» behar zutela gaineratu zuen. Turkiaren jarrerak ISISen aurkako borroka erabat baldintzatu zuela aipatu zuen. «Turkiaren interferentzia ez zen soilik inbasio militarra izan. Proposamen askorekin etorri zitzaigun, haien agindupeko indarrekin ordezkatu genitzan SDF miliziak, baina ezin izan zuen frogatu halakorik benetan bazutenik», esan zuen.