Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Nakba

AsteleheneanNazio Batuek bilera berezia izango dute Nakbaren 75. urteurrenaren harira. Egun berean, erbestean bizi diren zenbait palestinar musikariren emanaldiak jasoko ditu erakundeak. Lehen aldia da NBEk gertakaria aintzat hartzen duena, abenduan Egiptok, Jordaniak, Senegalek, Tunisiak, Yemenek eta Palestinak bultzaturiko proposamen baten harira: 90 aldeko boto, 30 kontrako eta 47 abstentzio jaso zituen. Kontrako botoa eman zuten herrialdeen artean daude Israel, Australia, Austria, Kanada, Danimarka, Alemania, Grezia, Hungaria, Herbehereak, Erresuma Batua eta AEB (espainiar eta frantziar estatuak abstenitu egin ziren). Hondamendia esan nahi du Nakbak arabieraz, eta 1948an milizia sionisten indarkeriak beren jaioterritik desplazatu zituen 750.000 palestinarren patuari egiten dio aipamena. 1948tik beren etxe eta lurretara itzultzeko eskubidea defendatu dute, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 13. ataleko bigarren puntuari helduta: «Pertsona orok du edozein herrialdetatik alde egiteko eskubidea, baita norberarenetik ere, eta norbere herrialdera itzultzeko». Israelgo estatuak, ordea, Nakba ukatu du, 1980ko hamarkadan “historialari berriak” izeneko israeldar historialari taldeak estatuaren diskurtsoa hankaz gora jarri zuen arren. Palestinarrek, ordea, Israelek okupaturiko lurraldeetan zein erbestean, 1948an hasi eta amaitu ez den hondamendia ez diote gogorarazteari utzi.