Surflari Ernegatua

Ezin erretiratu

Urteak daramatzat atal honetan bertan Kelly Slaterren erretiroa ahalik eta modu duinenean gauzatzeko agertoki posibleen inguruan espekulatzen. Azken urteetan emaitza on bat lortzeko ezinean ari zela errepikatzen nuen, baina 2022ko otsailean, 50 urte egin berri zituela, Pipeline Masters lehiaketa ospetsua zortzigarren aldiz irabazi zuen Slaterrek eta oraindik sekulako emaitzak lortzeko gai zela erakutsi zuen. Egunkari honek txapelketa gogoangarri haren erreportaje ederra eskaini zuen Zazpika igandekarian. Argazkiek txapelketa historiko bat irudikatzen zuten eta garaipena ere historikoa izan zen.

Pipelineko garaipenaren ostean, hamaika bider munduko txapeldun izandakoak duin erretiratzeko aukera ezin hobea izan zuen, baina nahiago izan zuen lehian jarraitu. Surfaren historian garaipen eta titulu gehien eskuratu dituen surflariak oraindik zerbait gehiago irabaz zezakeela pentsatu zuen agian, baina ordutik ezinean jarraitu du.

Orain, lehen mailatik kaleratu dute, ez baitu sasoi erdian egiten den lehiakide murrizketa gainditzeko adinako posturik eskuratu. Araudia zurrun errespetatuko balitz, Slater bigarren mailan lehiatu beharko litzateke berriz ere lehen mailara igo ahal izateko, baina WSL erakundeak umiliazio hori ekiditeko maniobra berri bat egin du, “Mid-Season Wildcard” izeneko gonbidapen wildcard bat asmatu du «munduko txapeldun ohientzat», eta, noski, Slaterri eman dio lehen mailan lehiatzen jarrai dezan.

CT itzuliko hurrengo bi txapelketetan gonbidatu gisa parte hartzeko arazorik ez luke izango Slaterrek; izan ere, seigarren lehiaketa, Surf Rancho Pro, Kaliforniako bere igerilekuan egingo da eta itzuliko zazpigarren geldialdia, berriz, Teahupon egingo dena, OK izeneko markak babesten du; alegia, Slater nagusi den enpresak. Beraz, ez dakit zer den umiliagarriagoa, aukera guzti hauek izan arren kaleratua ez izateko bere neurrira eraikitako wildcard bat jasotzea edo bigarren mailara jaistea.

WSL erakundeak Slaterrentzat asmatu duen gonbidapen wildcardaz harago, bada lesio bategatik txapelketaz kanpo geratu direnei beste aukera bat eskaintzeko ematen den ohiko wildcarda, baina aurten gonbidapen hori berriki lesionatu den Miguel Pupo brasildarrari ematea erabaki du WSL enpresak.

Erabaki honek ere hautsak harrotu ditu, logikoena Ramzi Boukhaim marokoarrari ematea zelako. Izan ere, Boukhaim lehen mailara igotzeko sailkatu zen aurtengo denboraldian, baina Pipelinen izan zuen lesio baten ondorioz ezin izan du txapelketa bat bera ere egin. Halako kasuetan bigarren aukera bat izateko sortu zen wildcard gonbidapena, baina egiaz WSLk nahieran erabiltzen du. Marokoarrak lehen mailara igotzea lortu zuen eta txapelketa bat bera ere egin gabe kanporatuko dute, baina ez bere aurkariek, antolatzaileek baizik.