IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Azpimarrak» eleberria aurkeztu du Nerea Baldak

Bi pertsonaia nagusi ditu Nerea Baldaren nobela berriak: Selva eta Andreu. Batek autobusean ahaztutako liburua izango da aspaldiko bi lagun hauek elkartuko dituena.

Nerea Balda, eskuan «Azpimarrak» eleberria duela.
Nerea Balda, eskuan «Azpimarrak» eleberria duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Nerea Balda idazle irurtzundarrak gutxitan izaten du argi abiapuntua idazten hastean, baina “Azpimarrak” eleberriarekin, aldiz, argi izan du. «Gertuko batek bigarren eskuko liburu bat erosi zuen, izen-abizenak idatzita zituen, eta ohartu zen bere aspaldiko ezagun bat zela aurreko jabea. Kasualitate polita iruditu zitzaidan liburu baterako material gisa», kontatu zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean. Liburu bat eta aspaldiko bi ezagun, horiek izango dira nobelako protagonistak.

Bigarren aldiz Ramiro Pinilla eleberri laburren saria 2022an irabazita, Erein argitaletxearen laguntzaz plazaratu du Baldak bere bigarren nobela. Uxue Razquin editorea ere aurkezpenean izan zen, eta kontatu zuen lehiaketara aurkeztutako bertsiotik gehiegi ez dela aldatu paperera ekarritakoa.

Bi pertsonaia nagusi dira protagonistak, Selva eta Andreu; eta Andreuk autobusean utzitako liburua, azpimarraz betea. Selvak liburua topatuko du autobusean, eta izen-abizenak eta telefono mugikorraren zenbakia irakurritakoan bere aspaldiko lagun bat dela ohartuko da. Horri tiraka eraiki du Baldak istorioa: «Liburuak iraganean zein etorkizunean elkartzen ditu protagonistak».

Harreman horretatik abiatu eta «bidean topatutako hari muturrei» jarraitu diela kontatu zuen idazleak, eta gai ezberdinak tartekatzen joan dela: «Maitasuna izan daiteke bat, zentzu zabalean ulertua; erabakiak, beldurrak, zalantza, amatasuna (ama izan nahi du pertsonaia nagusiak, gertakizun batek ikuspegia aldatzen dion arte), harreman mota ezberdinak, familiaren eragina…».

Narratzailea hirugarren pertsona orojakilea da, baina bi ikuspegietatik kontatzen da istorioa: Selvarenetik eta Andreurenetik. «Bi pertsonaien ikuspegiak tartekatzea garrantzitsua izan da», adierazi zuen Razquinek, kapitulu bakoitza pertsonaia baten ikuspegitik kontatzen dela azalduz: «Horrela, gertatzen ari denaren ikuspegi osoagoa du irakurleak».

BAKOITZAK BERE AZPIMARRAK

Pertsonaia bakoitzak liburu berari azpimarra ezberdinak egiten dizkiola kontatu zuten, eta gaineratu zuten literaturari «aldarri» moduko bat ere egiten zaiola eleberrian zehar. «Literaturan, pertsona batek edo beste batek azpimarratutakoa sarri ezberdina izaten da eta horrek asko esaten du berari buruz; bizitza errealean horrela da, eta baita eleberrian ere», adierazi zuen editoreak. «Garrantzia zeri ematen diogun salatzen dute azpimarrek», erantsi zuen Baldak.