GARA
GASTEIZ

EiTB Focus: Chivite garaile; EAJren eta EH Bilduren igoerak Batzar Nagusietan

EiTBk atzo argitaratu zuen Focus inkestaren bigarren zatia; kasu honetan, Nafarroako Parlamenturako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeei buruzko datuekin.

Nafarroan, galdeketak sendotu egin du Maria Chivite eta eskuinak gehiengo nahikoa lortzeko duten ezintasuna. UPN izango litzateke alderdi bozkatuena (%23,8), 12-13 eserlekurekin. PSN izango litzateke bigarren indarra, UPNk baino bi puntu gutxiago (%21,8) eta 11-12 eserlekurekin. EH Bilduk (%16,2 eta 8-9 eserleku) Geroa Bai gaindituko luke hirugarren postuan (%14,6 eta 7-8 eserleku). Duela lau urte Geroa Baik 9 lortu zituen eta EH Bilduk, 7. Zurekin Nafarroa-k 3-4 eserleku eskuratuko lituzke. Zenbaki horiek aukera emango liokete Chiviteri lehendakari gisa egungo formularekin errepikatzeko.

Gipuzkoan, EH Bilduk EAJrekiko desabantaila murriztuko luke (%36,9 eta %35,3, hurrenez hurren). Bi alderdiek gora egingo lukete 2019. urtetik eta aldea handituko lukete hirugarrenarekin, PSE %14,9ra jaitsiko bailitzateke, %2,4ko galerarekin. Batzarkideetan, 21-22 Eider Mendozarentzat (+1-2), 19-20 Maddalen Iriarterentzat (+2-3) eta 7, Jose Ignacio Asensiorentzat (-2). PSEk Aldundiaren giltza izango luke berriro ere.

Bizkaian, aldiz, EAJk gehiengo osoa lor dezake, 2019ko emaitzak zertxobait hobetuta (+%0,8) eta % 44,3ra iritsiz; hau da, 25-26 batzarkide. Jeltzaleek EH Bilduren bikoitza lortuko lukete; %19,9tik %21,8ra pasatuko litzateke EH Bildu eta 10 eserleku izatetik 11-12 izatera. PSEk eutsi egingo lioke tiraldiari: zazpi hamarren jaitsiko litzateke (%15,9), baina bere 8 eserlekuei eutsiko lieke. Elkarrekin Podemos 6 batzarkidetik 4 izatera igaroko litzateke (%8,4), eta PPk bi aulkiei eutsiko lieke (%6,7).

Araban ere EAJk eta EH Bilduk, gora. Jeltzaleek %1,1 irabaziko lukete, %30,8raino (17-18 eserleku). EH Bildu %21,1etik %24,4ra igo eta 12 eserlekutik 13ra igaroko litzateke. PSE %19tik %16,6ra jaitsiko litzateke, batzarkide bat gutxiagorekin (9). PPk gora egingo luke zertxobait (%15,4) eta 8 eserlekuei eutsiko lieke. Elkarrekin Podemosek 4 aulkiei eutsiko lieke edo bat galduko luke.