GARA
ARRAUNA

Bermeo, Euskadiko trainerilla txapelduna, Getariako uretan

Duela astebete Bizkaiko txapeldun izan ostean, azkarrena izan zen atzo ere, Orio eta Hondarribiaren aurretik. Emakumezkoek ez zuten parte hartu.

Bermeoko arraunlariak, txapeldun.
Bermeoko arraunlariak, txapeldun. (BERMEO URDAIBAI ARRAUN)

Traineruen denboraldia gero eta hurbilago dagoen honetan, udararako azken-aurreko prestatze lanetan dihardute arraun taldeek. Trainerillak udarara ahalik eta indartsuen heltzeko beste diziplina garrantzitsu bat dira, eta ondo aprobetxatzen saiatzen dira arraunlari guztiak. Duela astebete Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketak egin ziren, eta Getariak Euskadikoa hartu zuen atzo.

Bertan, Bermeok maila oso onean dagoela erakutsi zuen berriro ere. Bizkaiko txapeldun izan ostean, atzo azkarrena izan zen Euskadikoan -hamargarren titulua du bertan-, zilarra lortu zuen Orioren eta brontzea irabazi zuen eta Gipuzkoako txapeldun izandako Hondarribiaren aurretik, hain zuzen.

Gorka Aranberri patroiaren gidaritzapean, bizkaitarrek 14 segundoko aldea atera zieten “mirotzei”. Oriotarrek “Ama Guadalupekoa” ontziarekin oso lehia bizia mantendu zuten eta segundo bateko aldea izan zen bien artean. Zierbena ere, laugarren, gertu aritu zen, 19 segundora, eta pixka bat atzerago helmugaratu zen Isuntza, 26 segundora.

JUBENILETAN, ONDARROA

Jubenilen mailan, Ondarroako trainerilla izan zen guztietan azkarrena. Bizkaitarrek Zierbena eta Santurtzi garaitu zituzten Getariako uretan. Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketetan ez bezala, ez seniorretan ez jubeniletan, ez zen emakumezkoen trainerillarik lehiatu atzo Getarian. Arrazoia izan zen talde kopuru nahikoak ez zuela izena eman proba honetan parte hartzeko.