Surflari Ernegatua

Estilo kontua

Irratian hauteskunde kanpainako iragarkiak entzuten ditudanean ez dut asmatzen iragarkiaren egilea nor den amaieran bozka eskatu arte. Surfean ere gero eta gehiago gertatzen zait: ez dut asmatzen nor den olatuaren gainean doan surflaria, gaur egun surflari profesional gehienek antzeko estiloa baitute.

Estiloa surflari bat bestearengandik bereizten duen osagai nagusia da. Pertsona bakoitzak dituen ezaugarri fisikoengatik zein psikologikoengatik mota bateko zein besteko estiloa izan dezake; alegia, olatuak irakurri eta ariketak egiteko modua. Orduan, nola da posible, izaki guztiak hain desberdinak izanda, estilo mota bakar bat nagusitzea?

Arrazoi desberdinak daude, baina nagusia surf eskolen eragina da. Eredua gehienetan oso antzekoa delako eta ikasleak bere kabuz ikastea ekiditen delako. Interneten zabalkundearen aitzin, surflariak autodidaktagoak ziren. Beste surflarien eredua jarraitzen zuten, baina norberak bere kabuz egiten zuen bidea, ikusten zuenaren aurrean bakoitzak ondorio desberdinak ateratzen baitzituen.

Aspaldi Suny Garcia ikusi nuen “entrenatzen”. 80ko hamarkadan surflari profesionalek ez zuten entrenatzailerik, bakoitza bere kabuz aritzen zen. Egun hartan, kanpoan geratu zen bere lagunak azaldu zigun «estiloa» lantzeko itsasoratu zela. Sasoi hartako munduko surflari onenetako bat, estilo ederrenetakoa zuen arren, ariketak egiteko modua lantzen ari zen, bere kabuz, inork bideoan grabatu gabe. Egun hartan ez genuen deus ulertu, baina orain badakigu ariketak egiteak bakarrik ez, ariketak egiteko moduak ere garrantzi handia duela.

Estilo propioa desagertzeko beste arrazoi garrantzitsu bat materiala da. Lehen, taulak astunagoak ziren, mugitzeko indar handiagoa egin behar zen eta esfortzu horrek erabat baldintzatzen zuen surflaria. Horregatik, hastapenean hartzen ziren ohiturek betiko irauten zuten, baita geroago taula arinago bat eskuratzen genuenean ere. Gaur egun ez dago ia esfortzurik egin beharrik, materiala oso arina baita; beraz, irakasleak esandakoa egin eta ezarritako ereduak imitatzea ez da hain zaila. Alderantziz, norberak estilo propioa izatea da zailena. Soilik alde psikologikoak egiten du; alegia, olatua irakurtzeko moduak.

Aitzitik, bitxia da ikustea herrialde bakoitzak surfa egiteko estilo bat duela. Brasildarrak, australiarrak edo estatubatuarrak, esaterako, estiloaren arabera bereiz daitezke. Brasildarrak oso elektrikoak dira; australiarrak salbaiak dira, baina aldi berean lasaiak dira, eta estatubatuarrak oso teknikoak dira. Eta euskaldunok badugu estilo propiorik? Oro har, europarrek estilo estatubatuarra dutela esango nuke, baina herrialde bakoitzeko surflariek lekuko ezaugarriak dituzte. Lapurdiko surflariek frantsesenak hartu dituzte eta Hego Euskal Herrikoek, espainiarrenak. Estiloa oso garrantzitsua da, besteekiko desberdintasunak azaleratzearekin batera, norberaren nortasun maila ere erakusten duelako.