GARA
BARAKALDO
BIZKAIA • POLITIKA FEMINISTAK

«Itxurakeria morearen aurrean», inbertsioak eskatu ditu EH Biduk

EH Bilduko hautagai feministek Barakaldon egindako agerraldia.
EH Bilduko hautagai feministek Barakaldon egindako agerraldia. (EH BILDU)

Barakaldon agerraldia egin zuen atzo EH Bilduk, aldarrikatzen dituen neurri feministen berri emateko. EH Bilduren Bilboko eta Barakaldoko alkatetzetarako hautagaiek, Maria del Riok eta Maria Solarrek, eta Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak hartu zuten hitza eta politika publiko feminista gehiago, inbertsio gehiago eta espazio gehiago exijitu zituzten.

Mugimendu feminista «subjektu politiko gisa» aintzatetsi zuten, eta harekin elkarrizketarako eta elkarlanerako espazio komunak sortzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten. Ekitaldiaren hasieran EH Bilduko ordezkariek Lourdes del Hoyoren hilketa gogoratu eta salatu zuten.

Barakaldoko Udal Gobernuari baliabide gehiago eta inplikazio handiagoa eskatu zion Solarrek indarkeria matxistaren aurkako borrokan: «Udalaren erantzuna kaotikoa eta deskoordinatua izan da. Salaketak gora doaz, kontzientziazioa ere bai, baina baliabideek bere horretan jarraitzen dute». Hala, «politika publiko feminista gehiago, teknikari gehiago, inbertsio gehiago, plangintza gehiago, eta itxurakeria more gutxiago» eskatu zuen.

Itxurakeria zeri deitzen dion ere azaldu zuen: «Propagandak, emakumerik gabeko emakumeen etxeak, alde bakarretik sortutako Udal Kontseiluak, hiriko sarreretan puntu moreak dituzten bizpahiru seinalek edo zaintza kamerek ez dute bermatuko berdintasunerantz inolako aurrerapausorik».

EMAKUMEEN ETXEAK

Del Riok adierazi zuen EH Bildu agintean dagoen udalerrietan, «emakumeek eskubideak irabazten» dituztela, eta lau adibide eman zituen: Arrigorriaga, Errenteria, Hernani eta Galdakao. Lauretan bide desberdinak baina «helburu bakarra» dutela azaldu zuen: «Herri mugimenduekin batera, emakume talde eta talde feministekin batera, jarri da martxan maite dugun herrian emakumeek merezi duten espazioa izatea».

Emakumeen etxeei helduz, horien garrantzia nabarmentzeaz gain, Bilboko EAJ kritikatu zuen: «Euskal Herriko atzerakoiena da berdintasun arloan. Horrela bakarrik azal daiteke Donostiak, Gasteizek eta Iruñeak espazio horiek izatea eta Bilbon, EAJk eta PSEk, behin eta berriz uko egitea emakumeen parte-hartzean urratsak egiteari».